‘Aisia euskaraz bizi’ jardunaldiak Durangon

Bizkaie! 2006-11-24 01:00   Euskerea berbagai

Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak antolatutako ‘Aisia Euskaraz Bizi’ jardunaldiak izan dira atzo, zemendiak 23, Durangon.

Aisialdiko heziketearen bilakaerea eta egungo egoerea

Eguneko gaiari heltzeko, Gipuzkoako Urtxintxa Eskolako Izaro Susperregik aisialdiko heziketearen bilakaerearen eta gaur egungo egoerearen diagnosia egin dau. Argi eta garbi azaldu dau ‘aisialdia eta denpora librea ez dirala gauza bera’. Aisialdia gozamena lako kontzeptuakaz lotu du Izarok, eta gero aisialdi hezitzailearen gorabeheretan sartu da buru-belarri, gizarte osoaren eta familiaren beraren aldaketek be aisialdi hezitzailean izan daben eragina aztertuz. Hezitzaile nagusiak eskola eta familia izatetik, gaztelekuak, hedabideak, aisialdi taldeak eta bestelako eragileak be agertu dira aisialdiko hezitzaile papela bereganatzen, gero eta indar eta presentzia handiagoagaz.

Susperregiren esanetan, azken hamarkadetan aisialdiko eskaintzak jasan dituan antolaketa eta profesionalizazino prozesuek aisialdia betebehar bihurtu dabe neurri handi batean: umeen aisialdiko jarduna kaletik talde antolatuetara, auto antolaketatik talde antolatuetara, ardura bakoa izatetik okupazino denpora umea sortzaile izatetik hartzaile izatera, balioen lanketatik trebatze lanetara, denporea emotetik denborea okupatzera, eta musutruk egindako lanetik lan ordaindua izatera pasau da.

Etorkizunaren irudikapen bat be egin dau Susperregik: aisialdiko heziketea bitarteko bat da, aisiaz gozetan ikasteko. Etorkizuneko aisialdiko eskaintzea bideratzeko hainbat gako be emon ditu Gipuzkoako Urtxintxa Eskolako ordezkariak. Umeei ume izaten itxi behar jakela azpimarratu dau, eta salto egitea, oihukatzea, haserretzea eta erabagiak hartzea oso garrantzitsuak, eta osasungarriak be badirala hezkuntza ez formaleko prozesuan.


Euskara Elkarteen aisialdiko eskaintzea eta Abian Gidaliburua

Sonia Perez Anguerak hartu dau hitza ostean, Topagunearen aisialdiko eskaintzearen aurkezpena egiteko. Euskara Alkarteen aisialdiko eskaintzearen ezaugarriak azaldu ditu Topagunearen Haur eta Gazte Saileko arduradunak: eskaintza planifikatua, jarraia (edade tarte zabala hartzen dauelako, eta egutegi aldetik be ez dalako ekintza puntualetara mugatzen), herritartasunean oinarritutakoa (herriko jenteak herriko jentearentzat sortua), malgua, kalidadezkoa (intuizinoz sortutako eskaintzak, preparazinoaren bidez, profesionalizazinorako pausuak egin ditu, profesionalak eta boluntarioak alkarlanean jarten dituan eredu misto batean oinarrituta), anitza (eredu eta euskarriei jagokenez), integratzailea eta parte-hartzailea, aukera bardintasunean oinarritutakoa, tokian tokikoa eta, aldi berean, Euskal Herrikoa.

Euskara Alkarteek urteotan garatu daben esperientzia jaso eta gizarteratzeko, Abian Gidaliburua be aurkeztu dau Soniak. Liburuak aisialdiko eskaintzea antolatzeko laguntza eskaintzen dau, formatu atsegin eta erabilgarrian.


'Hezitzaileak asko egin dezake'

Lasarte-Oriako Ttakun Elkarteko Iñaki Eizmendik bertan landutako metodologia azaldu dau. Haur eta gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzeko metodologia da, eta oinarriak Abian Gidaliburuan bertan jasota dagoz.

Metodologiaren helburua umeakaz lan egitean urteetan intuizinoz egin izan diran gauzak aztertzea eta sistematizetea da: ondo egin diran gauzak antolatu, txarto egin diranak baztertu, eta egiten ez diranak egiten hastea.

Horretarako, estrategia zehatzak landu dira, ume eta gazteak euskeraz egin dagien, eta estrategia horreekaz lotuta, hezitzailearen portaerea bideratzeko moduak be sistematizau dira: hezitzailea taldeko zentroa izan daiteke, baina baita talde partaide hutsa, edo taldetik kanpo dabilen laguntzailea be.

Helburu neurgarri eta betegarriak jartearen garrantziaz be egin dau berba Eizmendik oso ohiko akatsa baita helburu potoloegiak edo neurtu ezinak diranak ezartzea euskerazko aisialdiko ekimenak planteaukeran. Holako helburu egokien adibide batzuk be azaldu ditu Ttakun alkarteko kideak, beti be haur eta gazteakazko eguneroko laneko eskarmentuan oinarrituta, eta helburu eta estrategietan oinarritutako planifikazino adibideak erakutsi ditu.

Eguneroko jarduneko adibide praktikoak be jarri ditu Iñaki Eizmendik, umeakaz grabautako bideoen bitartez. Irudiotan, argi eta garbi ikusi da norainoko eragina izan leiken hezitzailearen jarrerak erderaz ari diran umeak euskeraz hasteko, bai eta euskeraz dabilzanak ganerakoen eraginez erderara ez pasetako.

Metodologia hori erabiliz, ebaluazinoa egiteko orduan neurketa kuantitatiboak be egiteko modua izaten da, eta hori oso tresna baliogarria da programazinoak zuzentzeko eta baloretako orduan. Amaitzeko, Eizmendik iragarri dau prozesu osoa burutzen laguntzeko aplikazino informatiko bat be garatzen dabiltzala.


Euskerearen erabilera ez sexistea aisialdian

Goizeko azken ponentzia Bizkaiko Urtxintxa Eskolako Bea Medranorena izan da. Medranok euskerearen erabilera ez sexistea izan dau berbagai, eta Bizkaiko Urtxintxa Eskoleak alor horretan egiten dauen lanaren barri emon du.

Hezkidetza kontzeptuaren inguruko azalpenak emon ditu Medranok, eta lan kontzientea dala azpimarratu dau. Kontua izan behar da gure inguruan androzentrismoa dala nagusi: gizonezkoak dira bizitza, pentsaera eta kulturearen ardatza, gauzei balorea emoteko neurria gizona da. Horrek portaera sexistea bultzatzen dau, eta horren adibide gisa Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Decidete/Zure aukerea’ kanpainea jarri dau adibidetzat: ekimen enpresarialak bultzatzeko kanpaina horretan, emakumeak ez dira inon be agertzen.

Androzentrismo eta sexismo horren ondorio zuzena da, Urtxintxa Eskolearen eretxiz, hezkidetzearen beharra. Hori dala eta, hezkidetzea bere eguneroko jarduerearen esparru guztietara zabaltzeko helburua bereganatu dau Urtxintxak, eta horretarako baliabideak be garatzen dabil (gidaliburuak, metodologiak...), begirale eta hezitzaileei tresnak eskaintze aldera.

Arratsaldean, barriz, etorkinen integrazinoa aisialdiko jardueretan eta aisialdiaren etorkizuneko erronkak izan dira berbagai, alorreko hainbat adituren arteko mahai-inguru baten bidez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu