Arkaitz Estiballes finalean
2006-11-20 01:00 BertsolaritzeaAgurrean Juanjok Bizkaiko Txapelketeari agur esan eutson betiko, jenteak ez dau erraz ahaztuko Arratiko maisuaren ibilbidea. Eskerrik Asko Juanjo!!
Ia konturatu be egin barik final laurenetan amatau eta final erdietan izetu jaku txapelketako farolea. Zuzenean argiturikoak Iñaki Iturrioz 'Iturri', Gorka Ostolaza 'Potxis', Gorka Lazkano, Oihana Bartra eta Oihane Enbeita izan dira hurranez hurran. Honeekaz batera beste zazpi bertsolari be pasau dira. Final erdietan aurreko txapelketako finalistak zain daukiez. Subertea askotan, egunaren araberakoa danez, ez doguz kanturako aulki barik geratu diranak ahaztu gura. Jentearen eretxian, gustura entzuteko moduko saioak izan dira orain artekoak.
Atzo, Gernikan 700 ikusleren aurrean final erdietako lehenengo saioa egin zan. Bertan Xabier Paia, Arkaitz Estiballes, Oihana Bartra, Gorka Ostolaza, Joseba Artza eta Juanjo Respaldiza egon ziran kantuan. Gernikako Jai-Alai pilotalekua txoko ederra izan zan bertsozalearen berotasuna zuzenean hartzeko. Hasierako agurrik hunkigarriena Xabi Paiaren eskutik heldu zan, Peru Aranburu bertsolariari eskainitakoa; gure partetik be Peruri sentimentu bera adierazo gurako geunskio. Zortziko nagusian hasi eben saio puntuagarria. Era guztietako gaiak entzun genduzan, Senegaletik etorritako etorkinetatik hasita, eguraldi txarra zala eta 24 orduz txabola batean geratu ziran bi mendizaleetaraino. Ofizio hori izan zan danetan soltuena, Xabi eta Oihana oso fresko aritu ziralako. Algortakoak bere lehen bertsoan hau bota eban: moldatu gintikez trebe/ hemen be badauz nire gustuko, beste mendi batzuk ere. Oihanaren erantzuna hau izan zan: Mendi honeek zuk ezetz igon/ oxigenoagaz ere. Xabik Oihanaren bertsoari ederto erantzun eutson: ibiliko naz gustora/ oxigenoa emon ezkero, biok ahotik ahora. Zortziko txikian Artza eta Estiballesen saioa izan zan aitagarriena. Biak be entzuleentzat barre iturri izan ziran Leire Bilbao gai-jartzaileak komun berean taza banatan kaka egiten egozan bi lagunen papelean jarri ebazalako. Arkaitzek goitik-behera osotu eban bere lehen bertsoa holan amaitu eban: ez du ematen baina, hauxe da plazerra. Artzaren erantzuna segidukoa izan zan: gorputz honetan ez dut, faltako indarrik/ baina ateratzen zait, haizea bakarrik. Komuneko papelaren ingurukoa izan zan Arkaitzen bigarren bertsoaren azkena: eta rollo bakarra, zegoen gordeta/ kontuz ibili zaitez, neuk hartu dut eta. Hamarreko txikian Xabi Paia eta Arkaitz Estiballesen arteko ofizioa izan zan biziena. Bakarreko lanean bertso-lagin dotoreak ikusi genduzan, baina bat ipini behar eta irabazlearenak aukeratu doguz. Puntuari erantzuna: Bakearen herria, ei dogu Gernika/ faxistek utzi zuten, guztiz kiskalita/ horregatik du izen, horixe jarrita/ ordukoa ez dadin, berriz errepika.
Bakarreko gaia hau izan zan: 'Etxean zagoz bakarrik. Atea giltzaz itxi eta ohean sartu zara'. Halanda bere, ez zagoz lasai. Arkaitzen bertsoaren azkenak honeek izan ziran atxilotua izan behar zanaren azalean: ohean sartu naz grogi/ orain daukadan ezinegona, ez diot opa inori. Bigarrena: zenbat polizi atxiloketa, sufrimendu ta tortura/ lagun arteko ametsa zena, amets gaizto bihurtu da. Hirugarrena: etor daitela polizia ta, ertzaintza, guardia zibila/ entregatzeko asmorik ez dut, etor daitezela bila.
Gorka Ostolazak be, poto eta guzti baina saio ona egin eban hirugarren postua eskuratuz.
Zortziko handian, Artzagaz batera kantau eban Juanjo Respaldizaren azken bi nabarmenduko doguz: 'Guri zergaitik tokatu jaku munduko alde baltzena?' eta 'esperantzea euki behar dau berez ezer ez daukonak'.
Azkenean, Estiballes izan zan irabazlea, 2. Paia 523,5 puntugaz, 3. Gorka Ostolaza 494 puntugaz, 4. Artza 493 puntugaz, 5. Bartra 492'5 puntugaz eta 6. Respaldiza 443 puntugaz. Finalera zuzenean sailkatu zan bertsolaria Estiballes izan zan. Besteek puntuazinoei begira egon beharko dabe.
Agurrean Juanjok Bizkaiko Txapelketeari agur esan eutson betiko, jenteak ez dau erraz ahaztuko Arratiko maisuaren ibilbidea. Eskerrik Asko Juanjo!!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!