Pio Barojaren nobela bi euskeraz

Bizkaie! 2006-11-15 01:00   Kulturea
‘Zalakain abenturazalea’ eta ‘Jakintzaren arbola’

Aurten 50 urte beteten dira Pio Baroja (1872-1956) hil zanetik eta, hori dala eta, Eusko Jaurlaritzak haren omenez lan bi argitaratu ditu euskeraz: ‘Zalacain el aventurero’ eta ‘El arbol de la ciencia’, hau da, ‘Zalakain abenturazalea’ eta ‘Jakintzaren arbola’. Literatura Unibertsala bildumearen barruan dagozan liburu horreek biak liburu-dendetan dagoz salgai.

Aurten 50 urte beteten dira Pio Baroja (1872-1956) hil zanetik eta, hori dala eta, Eusko Jaurlaritzak haren omenez lan bi argitaratu ditu euskeraz: ‘Zalacain el aventurero’ eta ‘El arbol de la ciencia’, hau da, ‘Zalakain abenturazalea’ eta ‘Jakintzaren arbola’. Literatura Unibertsala bildumearen barruan dagozan liburu horreek biak liburu-dendetan dagoz salgai. Itzulpen horreekaz, gaztelaniaz idatzi eban eta idazle unibersala dan Barojaren bi maisu-lan euskerara ekarrita, Pio Barojari zor jakon mailea autortu gura izan deutso Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak itzulpenak aurkezteko prentsaurrekoan adierazo dauenez, ‘Baroja euskal idazlerik gorenen artean daukagu eta holakoen lanek osotzen daben Literatura Unibersala bilduman sartu dogu, lan horreek biak euskerara ekarrita’. Idazle bat omentzeko ‘modu asko’ dagozala ganeratu dau, baina onena, duda barik, bere liburuak ‘zabaltzea eta irakurtea’ dala azpimarratu dau.

EIZIE alkarteagaz Kultura Sailak daukan hitzarmenari esker itzuli dira lanok. Baztarrikak azaldu dau urtero barritzen dabela lankidetzea eta, aurten, ohiko liburuez ganera, honeek biak gehitu dabezala. ‘Ohikoez gan, 50. urteurrenaren barruan nobela honeek biak egiteko klausulea sartu dogu’, esan dau.

Nobelak ez dira edozelan aukeratu; bata, ‘Jakintzaren arbola’, Barojaren obra onena dala dinoe adituek eta, bestea, ‘Zalakain abenturazalea’, euskal gaien inguruan donostiar idazleak idatzi eban onenetarikoa.

Josu Zabaletak hartu du bere gan ‘El arbol de la ciencia’ euskeratzea. Nobela horretan, ikasteko grina daukan Andres Hurtado medikuntzako ikasleak ikusiko dau bere irakasleak fartsante hutsak dirala, irakasteko ezelako gogorik bakoak, gizarte usteldu baten espilu.

Eskarmentu handikoa da, baita be, ‘Zalacain el aventurero’ itzuli dauen Koro Navarro. Urbian jaiotako gazte euskaldun baten gorabeherak kontetan dira nobela horretan. Azken gerra karlistearen atarian, protagonisteak bere gogoa eta ausardia erakusten dau kontrabandista lanak eginez mugan. Gerra sasoian, arin jokatu beharko dau bizirik urtetako.

Liburuak horniduago gera daitezan, bakotxerako sarrerea egiteko eskatu deutse Barojaren ganean ikerketak eginda daukiezan aditu biri. Holan, ‘Jakintzaren arbola’-rena Miguel Sanchez-Ostizek egin dau eta ‘Zalakain abenturazalea’-rena Inazio Mujika Iraolak.

Literatura Unibertsala izeneko bilduma auzo-hizkuntzetan sortu eta euskerara itzulitako literatur lan ederrez osoturiko liburu-bildumea da. Liburuok, 1989az geroztik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartearen (EIZIE) eta honek unean uneko argitaletxeagaz sinatutako lankidetza-hitzarmenen emoitza dira. Hitzarmenaren lehenengo aroan, Ibaizabal argitaletxeak kaleratu ebazan liburuak; orain, Elkar eta Alberdania etxeek hartu dabe ardurea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu