‘Ikasle guztiak euskaldundu: nola?’ jardunaldietan hainbat adituk hausnarketea egingo dabe
2006-11-14 01:00 Euskerea berbagaiEuskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ‘Ikasle guztiak euskaldundu: nola?’ jardunaldiak antolatu ditu. Jardunaldiotan hezkuntza arloan lan egiten daben hainbat adituk euren ekarpenak aurkeztuko ditue. Hitzordua zemendiaren 23an eta 24an izango da Donostian.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ‘Ikasle guztiak euskaldundu: nola?’ jardunaldiak antolatu ditu. Jardunaldiotan hezkuntza arloan lan egiten daben hainbat adituk euren ekarpenak aurkeztuko ditue. Hitzordua zemendiaren 23 eta 24an izango da Donostiako Miramar Jauregian. Parte hartzeko zemendiaren 20a baino lehen izena emon besterik ez da egin behar ondoko helbidean: komunikazioa@kontseilua.org. ‘Sarrerea dobanekoa da, gaiagaz arduratuta dagoan guztiak etorri daitekez’, adierazo dau Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Bagilean Kontseiluak euskalgintzako hezkuntza sektoreagaz azaldutako txostenari jarraipena emongo deutso hausnarketa honek. ‘Eskolea euskalduntzeko ezinbesteko erabarritzea: gogoetagaiak’ txostena abiapuntua izan da. ‘Belaunaldi barriak osorik euskalduntzea ezinbestekoa da euskerea normalizetearen helburua lortzeko’, azpimarratu dau Xabier Mendigurenek.
Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gai honen inguruko hitzarmena sinatu dabe aurten. Kontseilua ikasle guztiak euskalduntzeko bidearen hausnarketea egiten hasi da. Hezkuntzako hainbat adituren ekarpenak jaso ditu, hain zuzen be, hiru txosten. Txosten horreetan irakaskuntzako hiru gai aztertzen dira: batetik, juridikoa, bestetik soziolinguistikoa, psikolinguistikoa eta pedagogikoa, eta azkenik operatiboa. ‘Gaur egungo hezkuntza ereduak zergaitik ez dauen euskalduntzen aztertu dogu zer egin behar dan jakiteko’, azaldu dau Mendigurenek.
Jardunaldien lehen egunean Kontseiluaren oinarrizko txostenaren aurkezpena egingo dau Ludi Vigera irakasleak.
Ondoren, Felix Etxebarriak, EHUko pedagogiako katedradunak, ikuspegi soziolinguistikoa, psikolinguistikoa eta pedagogikoa azalduko dau. Etxebarriak egindako hausnarketa sakonaren edukiari buruzko hitzaldia egingo dau. Hitzaldiaren izenburua ‘Euskerea eta gaztelania ikastea bermatuko dauen hizkuntza-eredu baten alde’ da.
Egueneko jardunari amaierea emoteko hainbat ekarpen jasoko dira: adituen ekarpen soziolinguistikoak, adituen ekarpen psikolinguistikoak eta pedagogikoak, eragileen ekarpenak eta parte-hartzaileenak.
Zemendiaren 24ko jardunari ‘Azterketa juridiko-legala’-k emongo deutso hasierea. Iñigo Urrutiak, EHUko irakasleak, landutako txostenaren edukia azalduko dau. ‘Arlo juridikoan zailtasun handiak dagoz, berbaldi honen bidez egoera eta aukerak azalduko doguz’, adierazo dau Iñigo Urrutiak.
Azterketa operatiboa Kalen Astiz eta Julen Etxebarria irakasleek aurkeztuko dabe. Honeek aditu biek ikasle guztiak euskalduntzeko zein urrats emon beharrari buruz hitz egingo dabe.
Amaitzeko, sindikatuen, eragileen eta parte-hartzaileen ekarpenak jasoko ditu Kontseiluak. ‘Ikasleak euskalduntzeko eragile guztien eretxia eta eskarmentua jaso nahi dogu’, azpimarratu dau Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Hausnarketa hau Eusko Jaurlaritzeak zezeilean ikastereduei buruz aurkeztu beharreko zirriborroaren edukia osotzeko euskalgintza eta hezkuntzearen ekarpena izango da, ikasle guztiak euskalduntzeko bidea azalduko dabe. Era berean, hausnarketa honen emoitzea Euskal Herri osoan apliketako modukoa izango da, Euskal Herriko ikasle guztiak euskalduntzeko bidea azalduko dau eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!