‘Aisia euskeraz bizi’ jardunaldiak zemendiaren 23an Durangon

Bizkaie! 2006-11-13 01:00   Euskerea berbagai

Aisialdia oso garrantzitsua da euskerearen erabileran eragiteko orduan, eta horregaitik, euskera alkarteek urteak emon ditue euskerazko aisialdiko eskaintzea egiten. Jardunaldiotan, aisia euskerearen erabilerea haur eta gazteen artean sustatzeko tresna eta metodo legez aurkeztuko da.

Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak Hego Euskal Herriko 86 Euskera Alkarte batzen ditu. Alkarteen zein Federazinoaren helburua euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, hainbat alorretan egiten dabe lan: komunikabideak, haur eta gazteak, kulturgintzea, mintzapraktika, entidateak euskalduntzea, prestakuntzea... Bada, alor bakotxean sortutako esperientziak, ardurak, lan-ildo barriak, aurrerakuntzak eta abar gizarteratzeko, Topaguneak jardunaldiak antolatzen ditu urtean behin. Aurten seigarren edizinoa gauzatuko da, zemendiaren 23an Durangoko Landako Gunean, eta gai nagusia haur eta gazteentzako aisialdia izango da.

Aisialdia oso garrantzitsua da euskerearen erabileran eragiteko orduan, eta horregaitik, euskera alkarteek urteak emon ditue euskerazko aisialdiko eskaintzea egiten. Jardunaldiotan, aisia euskerearen erabilerea haur eta gazteen artean sustatzeko tresna eta metodo legez aurkeztuko da. Horregaz batera, egungo aisiako programetan sakontzea eta arloaren inguruko hainbat hausnarketa egitea da aurtengo jardunaldien helburua. Helburu horreek beteteko, euskerazko aisialdian azken urteotan eten barik aitatzen diran gaiak izango dira berbagai: aisialdiko heziketearen bilakaerea, euskera alkarteen aisialdiko eskaintzea, hezitzaileeen eragina, euskerearen erabilera ez sexistea, etorkinen integrazinoa, aisialdiaren erabilera birtuala, aisialdiko eskaintzearen kalidadea... Horren guztiaren inguruan berba egiteko, aisialdiko kontuetan eskarmentu handia daben alkarte, erakunde eta lagunak dagoz gonbidatuta: Bizkaiko zein Gipuzkoako Urtxintxa Eskolak, Ttakun eta Txatxilipurdi Euskera Elkarteak, Sakanako Mankomunidadea, EDE Fundazinoa, Getxoko Udala, BIGE Bizkaiko Ikasleen Guraso Alkartea, Bizkaiko Astialdi Foroa... eta Topagunea bera.

Kontuak kontu, zemendiaren 17a da izena emoteko azken eguna. Horretarako, hurren daben euskera alkartera edo jardunaldien web orrira jotea besterik ez dago. Matrikuleak 50 euro balio dau (45 Topagunearen eta Asmoz Fundazinoaren kideontzat) eta horregaz Topaguneak argitaratutako Abian Aisialdirako Gidaliburuaren ale bat jasoko dau interesatuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu