Barakaldoko El Regato ikastetxeko ikasleek irabazi dabe Elhuyarren ‘Teknoskopioa’ ideia-lehiaketea
2006-11-08 01:00Elhuyar Fundazinoak, Saretek-ek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Zientziaren Kutxaguneak, alkarlanean, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat antolatutako lehiaketea da, eta Zientziaren Asteko ekintzen barruan kokatzen da.
Elhuyar Fundazinoaren ‘Teknoskopioa’ asmatzaile gazteentzako ideia-lehiaketea Barakaldoko El Regato ikastetxeko ikasleek irabazi dabe. Elhuyar Fundazinoak, Saretekek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Zientziaren Kutxaguneak, alkarlanean, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat antolatutako lehiaketea da, eta Zientziaren Asteko ekintzen barruan kokatzen da.
Edizino honetan, Barakaldoko El Regato ikastetxeko ikasleak izan dira irabazleak, eta Elhuyar Fundazinoak zelako ikuspuntu zabal-sakonez heldu deutsen 'Energiaren auzia 2050. urtean' gaiari nabarmendu dau. Lan irabazlea eta aurkeztu diran beste guztiak www.zientzia.net/teknoskopioa helbidean dira ikusgai.
Aurtengo edizinoan, parte-hartzaileek imajinau behar eben 2050. urtean egozala eta urte horretan ohiko energia-iturriak agortzear egozala. Energiaren arloan lanean dabizan herriko agintarien papela betez, eta nork bere herrian dituan energia-baliabideak kontuan hartuta, herria horniduteko sistema barri bat aurkeztu behar eben, eta ohiko energia-iturrien ordezkoak proposatu.
Antolatzaileen arabera, lan bikainak aurkeztu dira, eta irabazleek aurkeztutakoan nabarmena izan da ikuspuntu zabala eta sakona. El Regatokoek, besteak beste, urigintzeak eta arkitektureak, garraioak, industriak eta zerbitzuek, hezkuntzeak, legeriak eta energia ituriak zelakoak izan beharko litzatekezan aztertu dabe, beti be energiaren auziari aurre egiteko 2050ean.
Sariak banatzeko ekitaldia barikuan egingo da Donostiako Zientziaren Kutxagunean 13:00etatik aurrera, eta irabazleek MP4 irakurgailu bana jasoko dabe Eroskiri esker. Ekitaldian, sariak emoteaz gainera, honako lagunek hartuko dabe hitza: Javier Sabadell Zientziaren Kutxaguneko zuzendari nagusiak, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazinoko zuzendari nagusiak eta Alfredo Gomez Saretekeko zuzendari albokoak.
Aurtengo irabazleak ez eze, beste 100 gaztetxu inguru be alkartuko dira eta, lan irabazlearen nondik norakoak ezagutzeaz ganera, Zientziaren Kutxaguneko Planetariuma be ezagutzeko aukerea izango dabe.
Epaimahaiko kideak ondokoak izan dira: Jose Mari Rodriguez Ibabe, Elhuyar Fundazinoko presidentea; Javier Sabadell, Zientziaren Kutxaguneko zuzendari nagusia; Elvira Gonzalez, Bilbao-Abandoko Berritzeguneko aholkularia; Alfredo Gomez Arrieta, Saretekeko zuzendari albokoa; eta Imanol Zenborain, Energiaren Euskal Erakundeko komunikazino-arduraduna. Lanak baloretako orduan, kontuan hartu dabez arrazoibidea sinisgarria izatea, ideia barriak gizarteari onura ekartea, aurkezpena landua izatea eta lana originala izatea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!