Gazteen euskereagazko hartu-emonak izango ditue aztergai Leioan
2006-11-06 01:00 Euskerea berbagaiJardunaldion helburu nagusia euskerearen erabilerea gazteen artean sustatzeko teknikak, estrategiak eta metodologia baten abiaburuak eskaintzea izango da, arlo honetan interesa dabenei edo lanean dabilzanenentzat.
Bizkaiko hainbat udalerrik eta Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) ‘Gaztea izan eta euskerea ahoan’ jardunaldiak antolatu ditue eguaztenerako eta eguenerako Kultur Leioako Auditoriumean. Jardunaldion helburu nagusia euskerearen erabilerea gazteen artean sustatzeko teknikak, estrategiak eta metodologia baten abiaburuak eskaintzea izango da, arlo honetan interesa dabenei edo lanean dabilzanenentzat.
Gaur, zemendiak 8, goizeko 9:30etatik 10:30ak arte, jardunaldien aurkezpena egingo dabe Karmelo Sainz de la Maza Leioako alkateak eta Eudeleko presidenteak, Igone Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteriako zuzendari nagusiak eta Lore Erriondo UEUko zuzendariak.
Ondoren, 10:30etatik 11:30ak arte, Euskadiko gazteen munduaren zertzeladak ezagutazoko ditu Bakarne Zuazua Gazteen Euskal Behatokiaren arduradunak, joera sozio-demografikoak, jarrerak eta eretxiak jorratuz.
Eguerdiko 12:00etan, Kataluniako Generalitateko hizkuntza politikak aztertuko ditue Angels Guerrerok eta Joan Solé Camardonsek, eta goizeko saioa amaitzeko, 13:00etan, ‘Hezitzaileek asko egin leikie gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzeko’ izenburuko berbaldia eskainiko dau Iñaki Eizmendi Ttakun Kultur Alkarteko kideak.
Arratsaldez, 16:00etatik 17:00ak arte, eraldaketa prozesuak udalerrietan aztertuko ditu Elhuyar Aholkularitzako Dabid Anautek, eta ondoren, hizkuntz jarrerei eta erabilerea gazteen artean sustatzeari buruzko mahai-inguru batean parte hartuko dabe Dabid Anautek berak, Jone Miren Hernandez EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko kideak eta Nekane Larrañaga EHUko Soziologia Saileko kideak.
Egueneko saioari jagokonez, ‘euskara zelan saldu gazteei’ aztertuko dau Iñigo Fernandez Ostolaza Publis publizidade agentziakoak 9:00etan hasita, eta ondoren, ‘asteburuetan.com’ aurkeztuko dau Sonia Perez Angera Topaguneko Gazte Saileko arduradunak. Goizeko 10:40an, Erandioko gazte txokoaren sorrerea eta ibilerea azalduko dabe Aizkoa Olabarrieta eta Eguzkiñee Etxebarria Berbots Erandion Euskaraz alkarteko kideek.
Kafea hartzeko atsedenalditxo baten ondoren, 12:00etan, ‘Lagunarteko Hizkereagaz Jolasean’ programea aurkeztuko dau Jaime Altuna Urtxintxa Aisialdi Eskolako soziolinguistika arloaren koordinatzaileak, eta gero, ‘5 gazte eta euskerea. Hartu-emon eta errealidade desbardinak’ azalduko ditue Eneko Gorrik, Dagmara Jankowskak, Xabier Paiak, Egoitz Unamunok eta Aitziber Kanpionek.
Gorka Julio Elurnet enpresako ordezkariak, euskerearen normalizazinorako, Interneten agerpenenerako eta gazteen dinamizazinorako Interneteko tresna barriak, adibideak eta aukerak landuko ditu, goizeko saioari amaierea emonaz.
Bazkaldu ondoren, 16:00etatik 17:00ak arte, Unai Amezaga Getxoko Udaleko Gazte teknikaria eta Aitziber Arnaiz Oiartzungo Udaleko Euskara teknikaria solasean arituko dira, eta 17:00etan jardunaldiak amaitzeko ekitaldia egingo da. UEUgaz batera, Leioa, Getxo, Erandio, Basauri, Galdakao, Arrigorriaga eta Berangoko Udala, eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunidadea dira jardunaldien antolatzaileak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!