Carlos Panera: 'Picassoren hasierako asmoa ez zan bonbardaketearen ganeko obrea egitea'
2006-11-06 01:00 Barriketan
‘Picasso 1937, Historia del Guernica’ antzezlanaren zuzendaria
Espainian Gerra Zibilak inguruak txikitzen ebazan bitartean, Errepublikako hainbat intelektual genozidio horren aurrean munduak eukan jarrera pasiboa salatzeko batzen ziran Parisen. Frantziako uriburuan 1937. urterako antolatuta egoan Erakusketa Unibertsala zala eta, Picasso margolariari Espainiako pabilioian jarriko eben obra erraldoia egiteko agindua emon eutsen. Artisteak, gero ‘Guernica’ izango zan lanaren lehenengo marrak egin ebazan eta ez euken zerikusirik orain ezagutzen dogun obreagaz. Baina lana hasi eta gitxira, alemanek Gernika bonbardeau eben eta artistearen ideiak goitik behera aldatu ziran. Ideia horreen eta beste hainbaten ganeko antzerki-obrearen aurkezpen ofiziala Bilbon egin eben Maskarada antzerki-taldeko kideek Carlos Panera zuzendariaren gidaritzapean. Ostean, Madrilera joan dira eta bertan, aurkezpen prentsaurrekoa egin eta gero, Garcia Lorca Antzokian antzeztu eben obrea urriaren 27an. Gero, Arriaga Antzokira (abenduak 4), Gernikako Lizeo Antzokira (2007ko urtarrilak 19) eta Donostiako Printzipal Antzokira (2007ko zezeilaren 1ean eta 2an) etorriko dira.
1.- Nondik dator Picassoren obra ezagunenaren ganean antzezlana egiteko ideia?
Prozesua igazko urtarrilean hasi genduan eta hainbat fase izan ditu. Orain, azken fasean sartu gara, Ameriketako Estadu Batuetako birearen ostean. Azken fase horren hasierea ikuskizunaren aurkezpen ofiziala da, Bilbon eta Madrilen. ‘Guernica’ obrearen historia kontetea zan gure helburua eta hori erakusten dogu obran.
2.- Zeintzuk dira antzezlanaren oinarri narratiboak?
Ideia paralelo bi dagoz. Batetik, Picassoren obra ezagunenaren ganean datu gehiago ezagutarazotea eta Gernikako bonbardaketearen efemeridearen ganean informazinoa eskaintzea. Beti erabilten da Picassoren koadroa bonbardaketea ilustretako eta uste da obra horretaz asko dakiela jenteak baina hori ez da holan. Jenteak gauza bereziak esaten ebazan, ‘nire aititaren baserria agertzen da koadroan’ lako esaldiak be entzun izan doguz, pentsau. Lanaren inguruan txikikeria ugari kontetako zenbat gura informazino geunkan: Picasso Madrileko Prado Museoko zuzendaria zala; Malagan, Picasso jaio zan urian, bonbardaketea izan zala urte bereko zezeilean; Madrilen, Prado Museoan, Madrilen izandako bonbardaketearen ondorioz obra ugari atara behar izan ebezala eta beste hainbeste kontu esanguratsu. Txikikeriak dirala uste izan arren, datu interesgarriak dira.
Bestalde, legalidadearen alde Parisen batzen ziran Errepublikako intelektualei omenaldia egin gura izan deutsegu. Arduratuta egozan ze nazinoarteko agindu bat zala eta, ezin eben politikan parte hartu. Hori zala eta, Errepublikeak gero eta jarraitzaile gitxiago eukazan Alemania eta Italiako presino militarraren aurrean. Tropa horreek Espainiako zelaietan egozan eta Gernikako bonbardaketea izan zan horren erakusle, nazinoarteko indarrek eragin zuzena izan eben eta. Intelektualek erantzun zuzena emon gura eutsen erasoei baina ezin eben. Horregaitik garatzen da gure obrea Parisen, bertako intelektualen jarrerea garrantzitsua izan zalako.
Beraz, intelektualei egindako omenaldia batetik eta Picassoren obran erakusten danaren ganeko informazinoa eskaintzea dira gure antzerki-obrearen helburuak.
3.- Picassoren alde barriren bat deskubriduten dozue?
Obra honetan Picassok izan ebazan eraginen ganean be egiten da berba. Proiektuaren testua idazten hasi baino lehenago, datuak batzeari ekin neutsan. Horretarako, museoetara, liburuetara, dokumentuetara eta beste hainbat arlotara jo neban dokumentazino bila. Gasteizko Artium Museoko zuzendari Javier Gonzalez de Duranagaz be egin neban berba eta nik ez nekian gauza bat esan eustan: Picassoren lanetan eta, oro har, bizitzan, Balzac autorearen ‘Le Chef-dÓeuvre inconnu’ (Maisulan ezezaguna) lanak eragin zuzena eukala. Ganera, Picassoren sasoiko margolari abangoardistakan be eragina eukan. Balzac aitzindaria izan zan Picassoren sasoiko artistentzat lengoaia aurrerakoi barria topetan. ‘Le Chef-dÓeuvre inconnu’ lana ezagutu ostean, Picassoren lanek beste bide bat hartu eben, gure lanak hartu eban moduan.
4.- Zergaitik?
Urte hareetan, Picasso Balzac ezagunaren ideien menpean egoan eta Errepublikeak mural ha, gero ‘Guernica’ izango zana, margozteko enkargua egin eutsonean, Picassok baekian areto handia behar ebala. Orduan, ‘Le Chef-dÓeuvre inconnu’ istorioko agertokia eskaini eutsen eta horrek eragin zuzena izan eban margolariagan. Gure obran, horrek indar berezia hartu eban. Izan be, ‘Guernica’ obrearen lehenengo pintzeladak ez ziran bonbardaketearen ingurukoak izan, Balzac handiaren ganeko zeozer baino. Beraz, Picassoren hasierako asmoa ez zan bonbardaketearen ganeko obrea egitea, bonbardaketea salatzea, Balzac omentzea baino.
5.- Obrearen sorkuntza-prozesua konteteaz gan, zer lortu gura dozue antzezlanagaz?
Artea arte legez? Artea zeozer salatzeko? Artea protesta legez? Itaun horreek erantzuten doguz antzezlanean. Arteak ekarzan bilaketea eta abangoardia espiritua erakusten doguz, testuinguru historikoa zein zan kontuan hartuta.
6.- Nortzuk osotzen dozue lan-taldea?
Ez gara asko, danetara zazpi. Taula ganean Iñaki Urrutia, Alfonso Díez, Susana Castro, Gorka Minguez, Lalo Cortés, Imanol Rodríguez eta José María Pertusa ikus daitekez. Bestalde, musikeari be garrantzia emon gura izan deutsagu eta, horregaitik, Juan Pérez Menaren gitarrearen soinua be entzun daiteke. Nik, zuzendaritza lana egiteaz gan, ahotsa jarten dot sasoiko idazleek idatzitako testuen errezitaldi batzuetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!