Haretx egur zatien erabilerea ardaogintzan

Imanol Sarasola Enologoa 2006-11-06 01:00   Jan edanak

Ardaogintzan haretx egur zatien erabilerea oso onuragarria da ardaogileentzako, izan be, ardaoak ez dau barrikan egon beharrik eta elaborazinorako kostuak txikiagoak dira.

Urriaren 19an jarri zan indarrean ardaogintzan egurraren erabilerea arautuko dauen legedia. Haretx egur zatiak zein neurritan eta zelan erabili behar diran zehazten dau legeak.

Joan dan urriaren 12an Europar Batasuneko Eguneroko Ofizialak (DOCE) argitaratu eban aitatutako araudia eta, esandako moduan, bertan erabilerarako muga eta baldintzak aitatzen dira, baita egurra erabilten daben entrepresek bete beharreko baldintzak be. Beste zehastasun batzuen artean, ardaogintzan haretx egur zatiak erabilten dabezanek derrigor bete beharrekoa izango da erregistroetan inskribidutea eta kontsumitzaileei jakinarazotea.

Egur zatiakaz ardaoa zelan elaborau dan adierazo beharko da, izan be, haretxezko upeletan egon dan ardaoa eta haretx egurrez elaborautakoa oso antzekoak dira gusto aldetik eta kontsumitzaileek nekez bereiztuko dabe zein prozesu izan dauen bakotxak.

Ardaogintzan haretx egur zatien erabilerea oso onuragarria da ardaogileentzako, izan be, ardaoak ez dau barrikan egon beharrik eta elaborazinorako kostuak txikiagoak dira.

Beraz, kontsumitzailea engainetako arriskua be badago, batez be, ardaoaren etiketan ez bada argi azaltzen zein izan dan elaborazino prozesua. Dana dala, hau guztia ebitetako etiketetarako arau egokiak ezartzea dakar lege honek.

Haretx egur zatien preskripzinoak dirala eta lege honek dino egurron jatorria Quercus baino ezin dala izan.

Egurrok era naturalean erabil daitekez, edo neurri handiagoan edo txikiagoan erreta, hori bai konbustinorik barik; era berean, ezin dira karbonosoak izan bestela desegiteko arriskua dagoalako. Horrezaz gan, erretearena kenduta, galarazota dagoz tratamentu kimiko, entzimatiko edo fisikoak. Ganera, ezin jake ezer erantsi egurraren gusto naturala areagotzeko.

Etiketeari jagokonean, bertan adierazo behar da haretxaren espezie botanikoa, erreketearen intensidadea (erreketea dagoan kasuetan, jakina), konserbazinorako metodoa eta segurtasunerako aholkuak.

Egur partikulak, pisatu eta % 95 gitxienez, iragaziak izango dira 2 milimetroko sare bategaz eta egur zatiek ezin izango dabe inondik inora, osasunerako kaltegarriak izan daitekezan substantziarik itxi.

Beste alde batetik, haretx egurrezko ontzietan fermentautako, hondutako edo zahartutako ardaoak izentetako etiketetarako onartutako ondoko terminoak baino ezin izango dira erabili: barrikan fermentatua, haretxezko barrikan fermentatua, barrikan ondua, haretxezko barrikan ondua, barrikan zahartua eta haretxezko barrikan zahartua. Era berean, aitaturiko izentapen horreek ezin izango dira erabili edaten ari garen ardaoa haretx egur zatiakaz tratatua izan bada, nahiz eta era berean haretxezko ontzia, barrikea be erabilia izan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu