Abian da Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketearen 19. edizinoa
2006-11-03 01:00 MusikeaLehiaketan bi fase egongo dira. Lehenengoa izena emoteko fasea izango da; abenduaren 31 baino lehen izena emon beharko dabe parte hartu nahi daben talde guztiek. Taldeek gitxienez eurek sortutako hiru abesti batzen dituan maketea edo disko bat aurkeztu beharko dabe, ezin dabe disko bat baino gehiago editauta euki, eta ezin izango dira aurkeztu aurreko edizinoetan lehen edo bigarren saria lortu dabenak.
Lehiaketan bi fase egongo dira. Lehenengoa izena emoteko fasea izango da; abenduaren 31 baino lehen izena emon beharko dabe parte hartu nahi daben talde guztiek. Taldeek gitxienez eurek sortutako hiru abesti batzen dituan maketea edo disko bat aurkeztu beharko dabe, ezin dabe disko bat baino gehiago editauta euki, eta ezin izango dira aurkeztu aurreko edizinoetan lehen edo bigarren saria lortu dabenak.
Ohikoa danez, modalidadeak hiru dira: Pop-Rocka, Metala eta Joera Barriak. Era berean, modalidade bakotxean hiru epaimahai espezializatu egongo dira, eta epaimahai-lanetan tokiko komunikabideetako profesionalak ibiliko dira.
Lan guztiak aurkeztu eta gero, epaimahaiek 40 talde (Pop Rockeko 23 talde, Metaleko 11 eta Joera Barrietako 6) aukeratuko dabez, eta, ondoren, bigarren fasean parte hartuko dabe. Bigarren fasea 2007ko martia eta maiatza artean egingo da eta talde horreek zuzenean jo beharko dabe BilboRock-La Merced aretoan. Metaleko eta Pop Rockeko hiru talde onenek, barriz, bagilaren 6ko eta 7ko azken kontzertuetan jo beharko dabe. Ondoren, modalidade bakotxeko irabazleak aukeratuko dira.
Igazko oinarriakaz alderatuta, aurtengo barrikuntzak ondokoak dira: lehiaketarako 40 talde onartzea (igaz, 46) eta gonbidatuak 10 izatea (igaz, 12). Edizino honen barrikuntza legez, gonbidautako taldeek aukerea izango dabe ganerako parte-hartzaileek dabezan sari berberetan parte hartzeko.
Bestalde, sarietan aldaketa batzuk egin dira; hain zuzen be, Joera Barrietako sari bat kendu egin da eta beste sei sari barri jarri dira. Modu horretan, 32.000 euro esku-dirutan banatzeaz gan, bi disko grabetako aukerea eskainiko da, musika-tresnak emongo dira eta beste jai batzuetako karteletan bandak agertuko dira.
‘Bilbao Hiria’ lehiaketan emongo diran diru-sariak ondokoak dira: Pop Rock modalidadean, lehenengoak 6.000 euro, bigarrenak 4.000, hirugarrenak 3.000, laugarrenak 2.000 eta bosgarrenak 1.000 euro; Metalean, lehenengoak 6.000 euro, bigarrenak 4.000 eta hirugarrenak 2.000; Joera Barrietan, irabazleak 4.000 euro jasoko ditu.
Bestalde, ‘Bilbao Hiria’ saria emongo da Estaduko banda onenarentzat, eta CD bat grabau ahal izango dau. Era berean, ‘Bilbao Aktiba!’ saria jasoko dau Euskal Herriko banda onenak (CD baten grabazinoa).
‘Sennheiser 935 Award’ izango da sari barrietako bat, Pop Rockeko eta Metaleko Estaduko kantari onenarentzat, hain zuzen be. Irabazleak, Sennheiser Evolution G2 hari bako mikrofono 1, MD935 kapsuleagaz eroango dau.
‘BilboRock zuzenean’ saria be barria da: BilboRock aretoan doban aurkezteko aukerea ‘Estaduko bandarik onenak’ eta ‘Euskal Herriko bandarik onenak’ egindako lanak. Horrezaz gan, ‘Azkena Rock Festival’ sariari esker, Euskal Herriko rock banda onenak ARF jaialdiaren VI. edizinoan jo ahal izango dau. ‘Sonor’ saria, barriz, Bilbok gonbidautako banda onenarentzat izango da: 8 kanaleko nahasketa-mahaia, efektu eta guzti, eta 2 ahots-mikrofono.
‘P60-NL Podium’ sari barriari esker, Holandako jaialdi batean jo ahal izango dau irabazleak, eta Heineken sariagaz, Festival Manager jokoan balorautako banda onenak ‘Bilbao Hiria’-ren 19. edizinoko kontzertuetan erabilitako backline (10.000 euro inguru) eroango dau.
‘Grab’ saria Metaleko banda onenarentzat izango da, eta metal musikeari lotutako jantzien markaren urtebeteko laguntzan datza. Epiphone saria be barria da, Pop Rockeko eta Metaleko gitarra-jole eta baxu-jole onenentzat: bi gitarra eta bi Epiphone baxu.
Bilbao Hiria Pop Rock lehiaketea 1998ko urrian jarri zan abian, eta ordutik, urtetik urtera, gero eta jente gehiagok parte hartu dau. Lehenengo edizinoetan, batez beste 170 bandak parte hartu baeben be, kopuru hori nabarmen igon da; igaz, esate baterako, Estaduko nahiz Europako ganerako herrialdeetako 1.600 taldek parte hartu eben. Danetara, 24 kontzertu emon ziran, eta kontzertu horreetan 10.000 lagun baino gehiago batu ziran.
Beste alde batetik, prentsaurrekoan Festival Manager musika-jaialdien antolakuntzearen gainean egindako lehen simulazino jokoa aurkeztu da. Interesautako guztiek Interneteko webgune honetan eskuratu leikie jokoa: www.heineken.es/clubheineken/festival_manager.aspx
Bertan, instalazinoak kudeatu, langileak eta zerbitzuak kontratau, dirua administrau, jaialdia ekipamenduz hornidu eta, batez be, artistak kontratau beharko dabez, lehiaketako bigarren fasera pasauako diran 40 banden artean. On-line trebatzeko moduko jolasa ez bada be, aldian behin informazinoa trukatzeko konekzinoak egingo dira. Gogoan izango dira bai jaialdiaren arrakastea, bai eta banden lana be, eta horretan oinarrituta erabagiko da zein izango dan jokoan balorazinorik onena, eta ondorioz Heineken Saria jasoko dauen bandea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!