Lau langiletik hiruk ez dabe euskerea jakingo Osakidetzan
2006-11-03 01:00 Euskerea berbagaiOsakidetzaren lan deialdian, barriro be, Kontseiluak eta Behatokiak atzemon dabe hizkuntzearen normalizazinoan ez dala aurrera egingo. ‘Lau langiletik hiruk ez dabe oraindino euskerea jakingo Osakidetzan’, adierazo dau Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek.
Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Osakidetza egunotan argitaratzen ari dan lan deialdiari buruzko balorazinoa egiteko agerraldia egin dau, Hizkuntz Eskubideen Behatokiagaz batera. Behatokiak, Euskerearen telefonoaren bidez, herritarren kexak jasoten ditu urtero euren hizkuntza-eskubideak urratzen diralako osasun zerbitzu publikoan. Hori dala eta, bi erakundeak arduratuta dagoz Osakidetzaren euskalduntze prozesuagaz.
Osakidetzaren lan deialdian, barriro be, Kontseiluak eta Behatokiak atzemon dabe hizkuntzearen normalizazinoan ez dala aurrera egingo. ‘Lau langiletik hiruk ez dabe oraindino euskerea jakingo Osakidetzan’, adierazo dau Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek.
Deialdian lanpostuen % 20ri bakarrik eskatuko jako euskerea jakitea. Gaur egun, 2006ko datuen arabera, % 25ek dauka egiaztatua jagokon euskera mailea. Orain 4000tik gora diran lanpostu barrietan, % 20 besterik ez da eskatzen. Beraz, langile euskaldunen kopuruak ez dau igoerarik izango, ordezkariek egindako azterketearen arabera. ‘Osakidetzaren euskalduntzean aurrera egiteko lan deialdi honetan lanpostuen % 100ean eskatu beharko litzateke euskerea’, aldarrikatu dau Mendigurenek.
Kontseiluko idazkari nagusiak gogorarazo ditu Osakidetzak herritarrei zerbitzua euskeraz emoteko dituan ezintasunak. ‘Lau langiletatik hiruk ezin badabe euskerazko zerbitzua emon herritarrak ez dau aukerarik izango zerbitzua euskeraz jasoteko. Berbarako, larrialdietako medikuak euskeraz ez badaki, ume euskaldun baten larrialdiari aurre egiteko ezintasun nabaria izango dau, komuniketako ezintasuna’.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak lan deialdiaren azterketea egin dau. Deialdian, barriro be, hainbat espezialidadetan ez da ezelako derrigortasunik ezarri: logopedia, osasun mentaleko erizaina, terapeuta okupazionala… ‘Hainbat espezialidadetan hizkuntza-eskubideak urratzen jarraituko dabe’, aurreikusi dau Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok.
Osakidetzaren Euskara Planaren eraginkortasun ezaren ondorioz lan deialdi honetan euskalduntzean aurrera egin ezinik jarraituko dala nabarmendu dau Behatokiak. ‘Euskera Planak iruzurrerako bidea zabaldu dau. Zein da lan deialdiaren helburua: hizkuntza-eskubideak bermatzea ala plana beteteko behe-mailako helburuak jartea?’, galdetu dau Paul Bilbaok.
Bestetik, lan deialdiaren prozedurea aztertu dau Behatokiak eta euskerea prozeduran diskriminatuta egon dala ondoriozta daiteke. Zenbait adibide emon ditue, hori agirian jarteko: 'Hilebetez, lanpostu bakotxari jagokozan gaiak eta bibliografiak gaztelania hutsean egon dira Osakidetzaren webgunean, bai eta hizkuntza normalkuntzarako teknikariena be. Familia-medikuen testak jarri ditue herritarren eskura. Baina galdera guztiak gaztelania hutsean egozan'. Behatokiko ordezkariaren arabera, koofizialtasunak autortu beharko leuken hizkuntza-askatasuna be urratzen da, 'euskeraz egin nahi dozula adierazo ezean, oposizinoa gaztelaniaz egin behar dalako'.
Azken buruan, Administrazioak abian jarritako Elebide zerbitzuak honen aurrean zer egingo dauen galdetu dau Behatokiak. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko ezinbestekoa da Osakidetzan jazoten diran urraketei aurre egitea. 'Zer egingo dau Elebidek herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetuko dituan lan deialdi honen aurrean?', itaundu dau Behatokiko zuzendariak. 'Herritarren kexen edota eskubideen urraketen zain egon behar al dau legeak autortzen dauena betearazoteko?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!