Arazandi Zientzia Elkarteak Euskal Etnografiaren XXVII. Astea antolatu dau Donostian
2006-11-03 01:00Aranzadi Zientzia Elkarteak etnografia-gaiei buruzko berbaldi-zikloa antolatu dau hilaren 6tik 10era bitartean Donostian egingo dan Euskal Etnografiaren XXVII. Astearen barruan.
Aranzadi Zientzia Elkarteak etnografia-gaiei buruzko berbaldi-zikloa antolatu dau hilaren 6tik 10era bitartean Donostian egingo dan Euskal Etnografiaren XXVII. Astearen barruan. Ekitaldiak Kutxaren ekitaldi aretoan izango dira eta Fermin Leizaola Aranzadiko Etnografia Saileko zuzendaria izango da koordinatzailea.
Antolakuntzako iturriek iragarri dabenez, berbaldietako gai guztiak loturik egongo dira kultur antropologiari, etnolinguistikari, toponimiari eta folkloreari. Hizlariek, Euskal Herrian, Euskal Herriari lotutako lekuetan edota inguruko lurraldeetan oinarritzen dabe euren lana eta gai horreetan adituak dira.
Fermin Leizaolak berak egingo dau Euskal Etnografiaren Astearen inaugurazinoa, zemendiaren 6an, ‘Txorimaloak eta txoriak uxatzeko nekazaritzan erabilitako beste teknika batzuk’ berbaldiagaz. Diapositibak erabilita, txorimalo-motak erakutsiko dira: zerez eginda dagozan, noraino diran eraginkorrak eta estrategia barriak zetan diran.
Zemendiaren 7an, Jon Maia bertsolariak ‘Apaizac Obeto’ espedizinoa eta euskal baleontziek Labrador Penintsulan (Quebec) itxitako aztarnak ekarriko ditu gogora. Hurrengo egunean, ‘Aragoi eta Biarno, Euskal Herri galdua’ izenburupean, Juan Carlos Lopez-Mugartza filologoak ibilaldi bat egingo dau Aragoiko eta Anso, Aspe eta Erronkari ibarretako euskal toponiman zehar. Era berean, Manuel Menendez Pidalek egindako iberiar dialektoen hizkuntza-mapea be aztertuko dau.
Zemendiaren 9an, Henrike Knörr euskal filologo eta Euskaltzaindiko kideak ‘Iruña-Veleiako aurkikuntzak eta euskerearen historiararako daukan garrantzia’ izango ditu berbagai, eta behin-behineko zenbait ondorio azalduko ditu.
Berbaldi-zikloa zemendiaren 10ean amaituko da, Enrique Satue Olivan Serrabloko Etnologia Museoko zuzendariaren berbaldiagaz. ‘Aragoiko Pirinioa. Agur kultur tradizional bati’. Jagokozan esparruak, akulturizazino-prozesua eta berreskuratze-lana izango ditu berbagai.
Aranzadik antolaturiko jarduera honetan parte hartu ezkero, ikasleek aukera libreko kredituak jasoko dabez Euskal Herriko Unibersidadeko ikasketa-programetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!