Zientzia eta Teknologiaren V. Astea Bilbon zemendiaren 8tik 11ra
2006-10-30 01:00Publikoak hegazkinek zelan egiten daben hegaz, hotzaren propiedadeak zeintzuk diran, Bilboko eraikinetan erdi estalirik dagozan fosilak deskubridu, geugaz batera bizi diran mikroorganismoak ikertu... Eta eguneroko elementuetan be zientzia eta ezusterako lekua dagoala ikusteko aukerea izango dau.
Jon Sanchez Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak eta Miguel Angel Gutierrez Ortiz, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Ikerkuntza erretoreordeak zemendiaren 8tik 11ra bitartean Bilbon egingo dan Zientzia eta Teknologiaren V. Astea aurkeztu dabe.
DNA, ardaoaren kimikea, elementu kimikoen mitologia eta artea edo beroketa globalari buruzko berbaldiakaz batera (Manuel Toharia Valentziako Zientzietako Museoaren zuzendariak eta Jose Maria Asua Ikerkuntza Zientifikoko 2006ko Euskadi Sariak emongo dabezanak), pelikula eta dokumental zientifikoen emonaldiak, umeei zuzendutako esperimentuak edo ‘Izotza eta Sua’ jai-ikuskizun eta antzerki zientifikoaren emonaldia izango dira.
Bilbon lehenengo aldiz izango dan ekitaldi hau ospatzeko, antolatzaileek (Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Saila eta EH) ‘Zientzia zure bizitzan’ izeneko karpa bat jarriko dabe Arriaga Plazan. Karpa horretan EHUko fakultate desbardinetako eta Euskalmet, ITP, Metro Bilbao eta Red Electrica Española lako beste erakunde eta instituzinoetako hamar bat stand kokatuko dira.
Bertaratzen dan publikoak hegazkinek zelan egiten daben hegaz, hotzaren propiedadeak zeintzuk diran, Bilboko eraikinetan erdi estalirik dagozan fosilak deskubridu, geugaz batera bizi diran mikroorganismoak ikertu eta ikusi, laserraren erabilgarritasuna, fraktal bat eregi, DNA ikusi eta eguneroko elementuetan be zientzia eta ezusterako lekua dagoala ikusteko aukerea izango dau.
Zientzia eta Teknologiaren Astea 2002tik Europa mailan egiten dan ekitaldia da, eta Europar Batzordeak sustatzen dau Zientzia eta Gizartea Ekintza Planaren eta VI. Esparru-Programearen bidez. Zientzia eta Teknologiaren V. Astearen helburuak dira, antolatzaileen arabera, aurrerakuntza zientifikoak eta teknologikoak modu atsegin eta dibulgatzailean gizarteari hurreratu eta gazteenen artean zaletasun zientifikoak sustatu. Zientziaren eta Teknologiaren V. Asteak zenbait erakustoki edo txoko izango ditu uriburu bilbotarrean, besteak beste, Kimikearen Txokoa, Meteorologiaren Erakustokia, Fisikearen Txokoa, Garraioaren Erakustokia, Bioteknologiaren Txokoa, Geologiaren Txokoa, Aeronautikearen Erakustokia eta Matematiken Txokoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!