Kontseilua: ‘Lan mundua euskalduntzea estrategikoa da’

z 2006-10-30 01:00   Euskerea berbagai

‘Arlo sozioekonomikoa euskalduntzea estrategikoa da, batetik lana persona bakotxaren parte oso garrantzitsua dalako, eta bestetik, euskaldundu diran belaunaldi barriek ezin dabelako euskerea galdu lan munduan sartzen diranean’.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren zuzendaritzeak Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkartearen proiektua aurkeztu dau. Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkartea osotzeko lehen pausuak emongo dirala iragarri dabe. Agerraldian zuzendaritzea osotzen daben alkarteen ordezkariak izan dira: AEK, Artez, Berria, EHE, Elhuyar Aholkularitza, Elkar, Ilazki, Plazagunea eta Sortzen-Ikasbatuaz.

Hasieratik, Kontseiluko zuzendaritzeak lan mundua euskalduntzea euskerearen normalizazinoan estrategikoa dala gogorarazo dau, eta zeregin horretarako alkarlana ezinbestekoa dala. Zuzendaritzearen izenean, Kontseiluko lehendakari Mikel Arrizabalagaren eretxiz, ‘arlo sozioekonomikoa euskalduntzea estrategikoa da, batetik lana persona bakotxaren parte oso garrantzitsua dalako, eta bestetik, euskaldundu diran belaunaldi barriek ezin dabelako euskerea galdu lan munduan sartzen diranean’.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkartearen ibilbidearen barri emon dau Kontseiluak. ‘Igazko bagilean iragarri genduan Bai Euskarari Ziurtagiriaren entidade bat sortuko genduala, eta denpora honetan alkarte honen ezaugarriak aztertu doguz’, azaldu dau Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek. Izan be, Bai Euskarari Ziurtagiriak bost urte betetean Kontseiluak agerraldi bat egin eban Ziurtagiriaren Jarraipen Batzordeagaz eta erabagi horren barri emon eban.

Alkarte barria sortzeko lan sakona egin da. ‘Bai Euskarari Ziurtagiriak etorkizunean egingo dauen bidea ondo aztertu dogu, nondik-norakoak zehaztuz’, adierazo dau idazkari nagusiak. Proiektua aztertzeaz gan, funtzionamendua, hartu-emon plana eta araudi zehatza proposatu dira. ‘Aukera guztien azterketea egin dogu proiektua ahalik eta egokien bideratzeko’, adierazo dau. Hau guztia, estatutu, funtzionamendu eta hartu-emon plan batera ekarri da.

Sei urteko esperientzia dauen proiektua da Bai Euskarari Ziurtagiria. ‘Euskal Herri osoko 1343 entidadek eskuratu dabe eta honeetako bakotxak ahalegin handia egin behar izaten dau jagokon mailea lortzeko’, azpimarratu dau Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduradunak, Rober Gutiérrezek.

Bestetik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkartearen helburu nagusiak azaldu ditue. Lehenengo asmoa Ziurtagiria kudeatzea eta zabaltzea da. Horregaz batera, edukiak garatu eta gizarteratuko dira. Era berean, Ziurtagiria daben entidadeen jarraipena, eragintzea eta ebaluazinoa burutzea dau helburu Kontseiluak, eta honeen ahalegina komuniketea eta saritzea. ‘Oro har, euskerearen normalizazinoan eragitea’.

Era berean, sortuko dan alkartearen beste zenbait ezaugarri azaldu ditue. Alkarteak hiru bazkide mueta izango ditu: bazkide babesleak, bazkide erabiltzaileak eta bazkide laguntzaileak. Bazkide babesleak Kontseilua osotzen daben kideak izango dira. Bestetik, bazkide erabiltzaileak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu eta erabilten daben entidadeak izango dira. Amaitzeko, bazkide laguntzaileen multzoan, sindikatuak, enpresa alkarteak, kooperatiba alkarteak, enpresak, kooperatibak, aurrezki kutxak, garapen agentziak, merkataritza ganbarak, administrazinoak edota Ziurtagiriaren sustapenean alkarlanean aritu nahi daben edozein entidade egon daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu