Idoia Belloso: 'Jenteak ez daki produktu ekologikoa zer dan'
2006-10-30 01:00 BarriketanBakioko Ugarte baserriko Idoiak produktu ekologikoak lantzen eta saltzen ditu.
Nekazaritza ekologikoak naturea bera darabil eredu eta bertatik ataraten dau ahal dan informazino guztia, geroago produkzino-prozesuetan apliketako. Era horretara, kalidade handiagoko elikagaiak lortzen dira, nekazaritza-ekosistemea babestuz eta lurraren berezko emonkortasuna indartuz. Ingurunea eta ziklo naturalak errespetatuz eta elikagaien nutrizino-balioaren murriztaile edo kontsumitzailearen osasunaren kaltegarri izan daitekezan sustantziak lurraren ustiakuntzan ez erabiltea sustatzen dauen nekazaritza ekologikoa indarra hartzen doa eten barik.
Nekazaritza tradizionala, ekologikoa, baserri-kulturea, gazteak eta nekazaritza... Hainbat gai, oraintsu nekazaritza ekologikoaren baldintzak bete eta buru-belarri beharrean dabizen Idoia eta Urko senar-emazte bilbotar bakiotartuagaz aztertzeko.
1.- Lurra landu eta bizimodua ataratea ez da inoiz erraza izan baina gaur egun gazteek ez dabe gura holako lanik. Zu zeu zelan sartu zinan saltsa honetan? Lurrak biziteko beste emoten dau?
Bai, egia da gazte gitxi ikusten dala mundu honetan, beste gauza batzuk daukiez buruan eta. Gu Bakio eta Mungiara goaz astero, baita Bermeora be gure produktuakaz eta hor ikusten dozu hurreratzen dan jentea edadekoa dala.
Nire kasuan, orain urtebete edo nire beharra itxi neban; eraikuntza enpresa batean finantzari lana egiten neban baina nahiko kantsauta nengoan behar horregaz, ez nebilen bape gustora eta senarragaz gauzak ondo pentsau, lan hori itxi eta bete-betean nekazaritza ekologikoaren munduan sartzea erabagi genduan. Bioi gustetan jakun lana eta bizimodua da eta aurrera goaz; nekazaritza ekologikoa aukeratzea be ez da kasualidadea izan ze pentsetan dogu naturearen alde egiten dogula erabagi honegaz. Guretzat, ganera, nahikoa erraza izan da hastea ze lurra erosi beharrik ez dogu izan.
Bigarren itaunari erantzunez, kontuan izan holako proiektu bat abiarazoteko Jaurlaritzearen eta Aldundiaren diru-laguntzinoak dagozala eta eskerrak horreei ze bestela ezinezkoa izango litzatekela uste dot. Edozelan be, diru-laguntzinoak eskatu eta urtebetegarrenean edo heltzen dira eta, jakina, bankuakaz burrukan egin behar izaten da. Egia da lurra erosi behar izan ezkero, gatxagoa dala aurrera egitea.
2.- Nekazaritza ekologikoa aukeratu zenduen. Zergaitik?
Sano kontzientziauta gagoz naturea eta ingurumena babestearen beharraz, naturea maite dogu eta jarrera hau erabagiorra izan da. Ganera, mahatsa be badaukagu esplotazino ekologikotik aparte eta ikusi izan dogu zenbat eta zelako tratamentuak erabilten diran eta gehiegizkoa iruditzen jaku. Ahal dala, guk lurra aberastu gura dogu, murriztu eta kutsatu beharrean.
3.- Lurraren prezioa ete da trabarik handiena lurra landuz bizimodua atarateko erabagia hartzeko? Zeozelako diru-laguntzinorik edo jasoten dozue? Zein da Nekazaritza Ekologikoa Arautzeko Batzordearen egitekoa?
Traba handia da duda barik. Lurra erosteko be badagoz diru-laguntzinoak baina mugak dagoz eta, jakina, gaur egungo espekulazino basatiagaz ez dago lur merkerik eta landa-lurren eta lur eraikigarrien prezioak ia-ia pare-parean dagoz.
Beste alde batetik, Nekazaritza Ekologikoa Arautzeko Batzordearen egitekoa aholkularitzea emotea da gehienbat ze ganerako kontuetaz administrazinoa arduratzen da. Edozelan be, nire eretxiz, etorkizunean pribatizazinoak indarra hartuko dau arlo honetan, beste herrialde batzutan bezela.
4.- Nekazaritza ekologikoan ezin da ongarri kimikorik erabili. Baldintza gehiago bete behar da?
Naturearen eta ingurumenaren kontrako eraso argia dira eta horregaitik ongarri kimikoak eta pestizidak ezin dira erabili.
Bestetik, zomorroak, fauna osagarria ez hiltea be zentzunezkoa eta nahitaezkoa da baina oro har, Europako Batasunean 1991n onartutako 2092/91 Arautegia dago indarrean eta hor zehazturik dagoz produktu ekologikoen produkzino zein ikuskapenerako baldintza guztiak.
5.- Nekazaritza ekologikoz lortutako produktuek, ohiko esplotazinoetatik datozenek baino nutrizino-printzipio gehiago eta hobeak daukiezala entzun dogu sarri baina hori ez ei dago frogatuta oraindino...
Holan dinoe. Edozelan be, produktu ekologikoak zeozer badira, kalidade handikoak dirala esango neuke. Dendan tomatea edo letxugea erosi eta gustorik ez izatea, danori pasau jaku inoiz eta, jakina, dana da ura, produkzinoa ahalik eta arinen atarateko ongarriak erabilten ditue eta produktu horreek ez daukie ezelako propiedaderik. Berbarako, gure letxugak 40 bat egun egoten dira lurrean eta dendakoak eta hidroporikoak 10 edo 15 egun besterik ez; atara kontuak. Frogatuta ete dagoan, ez dakit baina nik neuk produktu ekologikoa gurago dot.
6.- Produktu ekologikoak ohiko esplotazinoetakoak baino karuagoak dira?
Dendatan, akaso, karuagoak dira, pentsaizu, Nafarroan, berbarako, produktorea, banatzailea eta garraiolaria sartzen dirala tartean eta prezioa karuagoa izatea normala da. Nik, barriz, salmenta zuzena egiten dot eta azokatan nire alboko baserritarrek saltzen dituezan produktuak eta nireak pareko prezioetan dagoz eta beharbada merkeagoak nireak.
7.- Denda eta azokatan badago produktu ekologikoak bereizterik (etiketa edo bestelakoen bitartez)?
Bai. Etiketa bat dago produktu ekologikoak identifiketako baina nik uste dot etiketa lar dagoala eta jentea nahastetako baino ez dirala; labela, jatorrizko izentapena, produktu ekologikoa... Nire eretxiz, desinformazino handia dago, jenteak ez daki produktu ekologikoa zer dan, labelduna eta ekologikoa produktu bera ete dan... Labelduna baserrikoa dala pentsetan dau jenteak eta hori ez da beti holan. Labelduna kasu gehienetan produktu hidroponikoa da, lur barik ataraten dana.
8.- Azokatan be ibilita zagoz eta Gernikako Urriko Azken Astelehenekoan be izango zara. Jenteak badaki zer dan produktu ekologikoa?
Lehen be esan deutsut, desinformazino handia dagoala, baserriko produktua eta gurea bat dirala pentsetan dabe, tomatea abenduan eskatzen deutsue... Sikeran, jenteak badaki produktu ekologikoetan ez dala kimikariak erabilten.
Oso oker ez banago administrazinoak informazino kanpainea egingo dau laster labeldun produktuakaz egin dan moduan produktu ekologikoak ezagutarazoteko. Holako kanpainak nahitaezkoak dirala uste dot.
9.- Zeintzuk dira nekazaritzan jardutearen alde onak eta txarrak?
Alde txar bakarra da egunero dagoala zeozer egiteko, ez dagoala deskantsurik eta, ganera, beti zagoz ardureagaz, negutegia ipini dogunetik, haize boladakaz zuhur, lurrak ur faltarik ez dagiala izan...
Ganerakoan, dana da ona, gu berton bizi gara eta ikusten dozunez, giro lasaia dago hemen, natureagaz bat bizi gara eta hori ez dago gainditzerik. Beharrean oso pozik gabiz, domeka batean goizean goizetik jagitea ez jaku ardura, gustoko beharrean gabiz eta hori gaur egun suberte handia da, edozeinek ezin leike gauza bera esan.
10.- Zeintzuk dira zuon bihar etzirako erronkak?
Nire eretxiz, etorkizunean indar handiagoa izango dau nekazaritza ekologikoak. Jateko kontuakaz oso arduratuta gabiz danok, behi zoroak, hegaztien gripea... gero eta gauza arraroagoak entzuten dira eta jenteak kalidadearen alde egiten dau. Guk, behintzat, produziduten dogun guztia saltzen dogu. Gure produktuak zuzenean saltzen doguz azokatan kontsumitzaile sare txikian eta holan jarraitzeko amesa dogu. Biziteko beste ataraten dogun bitartean, aurrera. Oiloak be ipiniko doguz laster eta, ahal dogunean, ogia egitea be espero dogu. Baserriak galtzen doaz eta gu lehenaldira bueltan goaz. Hortik eta hemendik, aurrera egitea da gure asmoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!