Hemen da, bederatzigarrenez, Euskal Herria Sona Jaialdia
2006-10-25 02:00 Euskaldunak munduanBartzelonako Euskal Etxearen ekimenez, urtero moduan Euskal Herriko musika zein kulturearen erdigune izango da Bartzelona zemendiaren 3an hasi eta abenduaren 1era bitartean.
Bartzelonako Euskal Etxearen ekimenez, urtero moduan Euskal Herriko musika zein kulturearen erdigune izango da Bartzelona zemendiaren 3an hasi eta abenduaren 1era bitartean. Aurten, ganera jaialdia egonkortzea da asmoa uriko musika eta kultura jaialdien zirkuitu zabal eta anitzaren barruan.
Gauzak holan dirala, Sona euskal kulturearen atari izango da, eta Euskal Herriko eta Kataluiniako kulturen arteko zubi.
Kalidadearen aldeko apustua egin dabe antolatzaileek eta euskal musikearen ingurumarian ezagunak diran artistez gan, hasibarriei be lekua egin deutsie; besteak beste, ondoko musikariak izango dira Sona jaialdian: Ken Zazpi, Ene Bada, Iker Goenaga, Anari, Hegokoak eta Pier Paul Berzaitz. Dana dala, musika ekitaldiak ez eze, dantzak, kantu eta txalaparta tailerrak, triki-poteoa eta Nit Basca lako ekitaldiak izango dira.
‘Euskal Herria Sona’ euskal musika jaialdiak 1998an ekin eutson bere ibilbideari CAT (Centre Artesa Tradicionarius) dalakoan, ‘Euskal Herria al CAT’ izenpean. Hasiera horretan, euskal folk jaialdia izan zan, CATek berak eta De Bat a Bat aldizkariak (Euskal kulturea sustatzeko aldizkaria, katalanez idatzia) antolatu ebena.
Hirugarren edizinotik aurrera, 2000. urtetik aurrera, hain zuzen, Euskal Etxeak hartu dau jaialdia antolatzeko ardura osoa. Helburuak garbiak dira: euskal kulturearen hainbat alderdi ezagutarazotea, musika estiloen aniztasuna sustatzea eta egitaraua uriko gune gero eta gehiagotara zabaltzea ahalik eta ikusle kopuru handienarengana heltzeko.
Centre Cultural Euskal Etxea irabazi asmorik bako alkartea da, 1979tik hona euskal kulturea sustatu eta zabaltzeko lan egiten dauena.
Egun 300 bazkide baino gehiago dira, horreetako gehienak euskaldunak eta katalanak, baina gero eta gehiago dira bestelako kultura eta herrialdetakoak izanik gurera hurreratzen diranak. Helburu nagusia Bartzelonan eta Kataluinian Euskal Herriaren erreferente izatea da eta, esangura horretan, euskaldunen arteko hartu-emonak lantzeaz gan, kulturarteko trukea be ahalbidetzen dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!