Irati Jimenez: 'Nobelea belarrirako, kantu baten moduan idatzi dot'
2006-10-23 02:00 BarriketanOndarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen daben Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketearen bosgarren deialdia Irati Jimenez idazle mundakarrak irabazi dau Bat, bi, Manchester lanagaz.
Bat, bi, Manchester maitasuna istorioa da, nahi eta ezinaren istorioa. Maitasunagaitik Manchesterrera joandako gizonezko gazte euskaldun bat da kontalaria, lanbidez itzultzailea, homosexual autortua eta idazle izan gura leukeana. Bere maiteak alde egin ostean, beste mutil euskaldun bategaz banatuko dau apartamentua: Aitor, tipo guapoa baina heterosexuala...
1.- Kazetaritza ikasi zenduan eta idazle izan gura dozu, liburuko protagonista edo kontalariaren moduan. Bat, bi, Manchester autobiografikoa dala esatea lar esatea ete da? Biluztu egin zara liburuan?
Galderea holan planteauko neuke: lar esatea ete da beti idazten dozuna neurri batean autobiografikoa dala esatea? Neurri batean bada autobiografikoa, batez be, protagonistearen sormen gogo hori neurea be bada; kontalaria eta protagonistea persona oso sentimentala da eta, era berean, oso gogorra bere buruagaz ze ez jako gustetan lar sentimentala izatea eta beti dabil burrukan; horregaitik, idatzi gura dau baina idazten dauena txarra iruditzen jako, eten barik zuzenketak egiten ditu eta ezin dau aurrera egin. Nahi eta ezin hori, beraz, autobiografikoa da. Hasieratik amaierara, istorioa fikzinoa da, baina daukazunetik, bizitako esperientzietatik zeozer eregiten dozu.
Biluztu ete nazen galdereari erantzunez, gizon biren arteko maitasun istorio horretan 29 urteko neska batek despistau egiten dau, baina nire eretxiz ez bazara biluzten, ez badozu zeozer benetakoa esaten ez dozu ezer esaten.
2.- Liburuko ideiak luzaroan erabili dozuz buruan, egosten, puntu-puntuan atara dozuz argitara? Sortu ahala, ideia barriak gehitzen joan zara? Beste literatur lan batzuetarako be ideia faltarik ez ei daukazu buruan...
Ideia aspalditik neukan buruan eta puntuan atara dan, ez dakit, egia esan goizago ezin izan dalako atara eta beranduago atara izan baneu, segurutik luzeagoa izan eitekealako, baina ez dakit onerako ala txarrerako. Nobela laburren lehiaketea izanik, labur ixtea uste dot hobe dala, irakurleak imajinazinorako tartea izan daian eta istorioak norberaren buruan jarraipena izan daian.
Ideien harian, egia da ideia faltarik ez dodana izaten, batzuk txepelak izan arren, baina urteetan niretzat asko idatzi arren, konfiantza faltea igarri dot oraintsura arte. Ez dozu inoiz idazten buruan daukazuna, horren bersinoa baino, musika bat entzuten dozu buruan eta, esangura horretan, oraintxe hasi naz zeozelan onargarria begitantzen jatan moduan idazten, oraindino ez da nik idatzi gura dodana, baina orain buruan daukadan musikatik idatzira doan distantzia hori laburragoa da eta erosoago sentiduten naz.
3.- Malcom X umeentzako biografia be argitaratuta daukazu, baina lehenengo sormen lana dozu hau. Ipuina baino errazago moldatu ei dozu nobelea, berba bakotxagaz burrukan ibili arren...
Enkarguzko lana izan da. Lehiaketearen deialdia ikusi eta zeozer idaztea otu jatan. Neurria ezarrita egoan eta hasieratik amaierara zer kontauko neban jakin barik ekin neutsan idazteari. Protagonisteagaz batera joan naz istorioa mamintzen eta prozesua ez jat oso luzea iruditu, ezta hain gogorra be. Irakitearen prozesua askoz gogorragoa izan zan idazketea bera baino.
Nobela laburarren neurria ondo etorri jat ze ipuinaren neurri labur horrek biribiltasuna, zehaztasuna eskatzen dau eta hasi baino lehen jakin behar dozu zer kontauko dozun. Nobela laburraren kasuan, barriz, astia daukazu zer kontauko dozun bilatu, aztertu eta buelta batzuk emoteko. Neurria eta biok ondo egokitu gara.
4.- Maskulinidadeak, gizonezkoen arteko maitasun istorioek liluratzen zaituela esan zenduan liburuaren aurkezpen ekitaldian. Zergaitik?
Ez dakit zergaitik. Badakit kontrakoa askotan pasau dala eta ez jakula hain arraroa egin. Normalean gizonezkoek idatzi dabez liburuak, egin dabez pelikulak, kantuak eta enparauak gizon eta emakumeen zein emakumeen arteko maitasun istorioez eta normaltzat hartu izan dogu. Dana dala, egia da emakume baten ikuspuntutik bi gizonezkoen arteko maitasun istorioa idaztea pentsau nebanean, dudak izan nebazala: jakingo ete dot? sinisgarria ete da? Dana dala, irudimena baino gehiago idazlea enpatia da, eta ez bazara gai edozein personaren azalean jarteko, ba ezin dozu idatzi.
Horrezaz ganera, irakurri dodazan nobeletan zein ikusi dodazan hainbat pelikulatan gehien gustau jatazan personaiak askotan gizonezkoenak izan dira, protagonista gehiagotan izan dira eta euren istorioak izan dira gehien garatu diranak; emakumeak, barriz, protagonistearen neska-lagunak izan dira. Istorio horreekaz bizi gara, bizi naz, eta pena da ze askotan gizonezkoenak maitasun istorio oso ederrak izan dira eta lilura horretatik abiatu naz.
5.- Esaldi laburrak eta ohiko kapituluak barik, atal laburrak erabili dozuz erritmo bizia lortzeko...
Protagonistearen barruko mundua azaleratzen da, berak pentsetan dauen moduan datoz ideiak eta sentiduten dauen maitemin horrek puntu gorena hartzen dauenean, zer egin ez dakianean, estualdi hori adierazoteko erabili dot erritmo bizia, barruko ahotsa atrapau guran.
Ganera, azken urteotan irratigintzan nabil; asko gustetan jat mundu hori eta horrek be zerikusia izan dau, berben soinua eta eufonia hori gustetan jat eta horren bila ibilten naz esaldietan, ze nobelea belarrirako idatzi gura izan dot, kantu baten moduan eta izenburuak be Bat, bi, Manchester horrek rock kantu baten hasierea emoten dau.
6.- Liburuan, protagonisteak dino masokismo hutsez idazten dauela. Zuk zergaitik idazten dozu?
Uste dot protagonistea guzurretan dabilela hor ze sufridu arren idaztea plazer handia dala sentiduten dau. Raymond Carverrek berak be ez ekian idaztearen plazerra azaltzen eta nik zer esango deutsut? Baina orrialde zuria, hutsik dagoana ikusi eta hortik zure berbakaz zeozer sortzea azalduezina da.
7.- Zure aita idazle konsagratua izatea, kargea ala mesedea izan da gehiago? Aitak zer esan eutsun Bat, bi, Manchester irakurri ebanean?
Nik uste dot ez dala izan ez kargea ezta mesedea be. Aitak barruko mundua dauka eta itxi dau leku bat nik neurea sortzeko eta hori da egin deustan mesederik handiena.
Liburuagaz asko poztu zan, baina aholku zorrotzak emoten be badaki eta, esangura horretan, aitaren aholkurik onena izan da kritikak, onak zein txarrak, oro har ez sinistuteko. Zarata asko sortzen dalako eta zarata horretan nahastetan bazara zeure ahotsa galtzen dozulako.
8.- Poesiak ala beste generoren batek ez zaitu tentetan? Noizko nobela luze bat?
Poesiak ez nau tentetan, generorik gatxena iruditzen jat. Beste genero batzuk, bai, ostera; antzerki lan bat idatzi neban lagun batzuentzat eta banabil horretan.
Orain momentuan nobela luzea da buruan daukadana, ze nire buruari zor deutsadan hurrengo pausua horixe dala pentsetan dot. Ez dakit noiz eta zelan, baina saiatuko naz.
9.- Zeintzuk dira zure idazle ereduak? Gaztelaniaz zein da irakurri dozun azken liburua?
Idazle ereduak barik, gehien maite dodazan idazleak esango deutsudaz. Nire betiko idazle kuttun bi Julio Cortazar eta Raymond Carver dira. Carverren zintzotasuna nabarmenduko neuke; nobela bat ia amaituta euki arren, ona ez zala pentsaurik bota egin ebala adierazoten da haren biografian. Carver beraren esanetan: orain nobela hau sastarretan dagoala nire bizitza txarragoa da, baina mundua hobea da. Idaztearen ogibidea sano sakralizauta eukan eta zintzotasun hori eredugarria da.
Ganera, niretzat oso genero maitea dan genero baltza lantzen dau.
Gaztelaniaz irakurri dodan azkena Atando cabos Annie Proulxen lanaren gaztelaniazko itzulpena da. Groenlandian kokatzen da istorioa; bertan hasi eta amaitzen dan mundua sortzen dau eta oso ederra da, gomendagarria, benetan. Pulitzer saria irabazita dauka eta Broke back mountain pelikulearen oinarrian dagoan istorio laburra idatzi eban.
10.- Eta euskeraz?
Tranpatxu bat egingo dot, ze irakurri dodan azkena ezin dot gogoratu, baina azken aurrekoa bai, Harkaitz Canoren Neguko zirkua Ez daukat berbarik, enamorauta irakurri dot lehenengo orrialdetik amaieraraino. Istorioa, kontetako modua, keinu guztiak... Julio Cortazar aitatu dot lehen eta nik uste dot Canok badaukala Cortazarren mundu hori, fantastikoaren eta egunerokoaren artean. Zoragarria. Ni gauza bategaz enamoretan nazenean, bardin pelikulea zein liburua izan, goitik behera enamoretan naz eta orduan esan egin behar da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!