Euskeraz zuzen idazten eta berbetan ikasteko materiala

Saioa Torre Gereketa 2006-10-20 02:00   Euskerea berbagai

Mendebalde Kultura Alkarteak Goi-maila I , Goi-maila II eta Irakurketa ozena Bizkaian lantzeko materialak liburuen aurkezpena egin dau Euskaltzaindiaren egoitzan. Bertan, alkarteko zuzendari Esti Izagirre, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Gotzon Lobera eta liburuen egileak egon dira, besteak beste.

Mendebalde Kultura Alkarteak Goi-maila I , Goi-maila II eta Irakurketa ozena Bizkaian lantzeko materialak liburuen aurkezpena egin dau Euskaltzaindiaren egoitzan. Bertan, alkarteko zuzendari Esti Izagirre, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Gotzon Lobera eta liburuen egileak egon dira, besteak beste.

Goi-maila I eta Goi-maila II Hizkuntza Eskolako zein Euskaltegiko goi-mailako ikasleei (bata laugarren mailakoei eta bestea bosgarrenekoei, hurranez hurran) zuzenduta egindako liburuak dira.

Eneko Barrutiak, Agurtzane Bijueskak, Juan Mari Iraolagoitiak, Paul Muñoyerrok eta Belen Olaetxeak egin dabe Goi-maila I liburua. Barrutiaren esanetan, askotan, maila horretako ikasleek gatx izaten dabe ikas-materialak topetea. ‘Euskerea ikastea artea da’ , Juan Luis Goikoetxearen esaldia ekarri dau gogora eta ‘hizkuntzearen atal batzuk ez dagoz guztiz zehaztuta. Irakasten ahalegintzen gara baina ikastea ikaslearen meritua da. Guk lagundu egin gura dogu eta horretarako balio dabe liburuok’ . Holan, ‘deklinabidea, atzizkiak, lexikoa, itzulpenak egiteko jarraitu beharreko pausuak, aditza (bizkaieraz eta batuaz) eta beste hainbat puntu jorratzen dira liburuan' . Ikasleek, jarraibide teorikoak aztertu ostean, ariketak egiteko aukerea daukie. Liburuak 365 orrialde daukaz.

Goi-maila II lana Eneko Barrutiak eta Agurtzane Bijueskak egin dabe alkarlanean. Liburu honetan, batez, be, perpaus bakuna, mendeko perpausak eta esamoldeak lantzen dira. Bijueskaren esanetan, gramatika eta lexikoa dira lanaren oinarri biak eta hiru zatitan banatu daiteke: batetik, azalpenak eta ariketak; bestetik, hiztegia; azkenik, ariketen erantzunak. Azken horrek garrantzi berezia dauka autoreen esanetan, ‘asko laguntzen dauelako eta oso erabilgarria dalako ikaslearentzako eta irakaslearentzako’ . Liburuak 267 orrialde daukaz.

Aurreko lanen osogarri legez erabili daiteken tresna bat be aurkeztu dabe Euskaltzaindiaren egoitzan: ‘Irakurketa ozena Bizkaian lantzeko materialak’ . Iñaki Gaminde eta Begoña Bilbao egon dira egileen ordezkari legez. Lantaldea, Gamindez eta Bilbaoz gan, Karmele Perezek, Juan Luis Goikoetxeak, Udane Goikoetxeak, Eneko Barrutiak, Esti Izagirrek eta Maribi Unamunok osotzen dabe. Gogor hasi dau ekarpena Gamindek: ‘irakurketa ozena ez da lantzen, beharrizana izan arren’ . Irakaslearen esanetan, euskerearen alde fonologikoa ez da lantzen eta, horregaitik, beste hizkuntza batzuen arau fonologikoak hartzen doguz euskerearentzako, horrek dakarzan arazoakaz. Txillardegik eta Jose Ignazio Ugaldek irakurketa ozenaren arloan egindako lanak ekarri ditu gogora, baita Euskaltzaindiaren eta Bizkaia Irratiaren saiakerak be, Mendebalde Kultura Alkartea eta Euskal Ikastolen Konfederazinoa ahaztu barik.

‘Irakurketa ozena ebaluetako erispideak batu eta ostean sortu da liburua’ , dino Gamindek. ‘Zergaitik Bizkaian?’ , ganeratu dau. Berak emon deutso erantzuna galdereari. ‘Batetik, begirunea zor deutsagulako ahozkotasunari; bestetik, ez dagoalako aurrekaririk; azkenik, guk geurea inork baino hobeto ezagutzen dogulako’ .

Lanaren oinarria CD bat da eta liburuxkea CD horren gida didaktikoa da. ‘CD hori marko teoriko baten barruan egiten da: curriculum propioa, ondare linguistikoa, eredu linguistikoen arteko interakzinoa eta horreek guztiak buztartzeko teknologia barrien ekarpena dira testuinguru horren oinarriak’ . Begoña Bilbaok, ostean, CDan zer topau geinken erakutsi dau, ‘ahozkotasuna trebatzeko ariketak, bideoak, soinua, animazinoa eta beste hainbeste ariketa’ . Azken batean, euskera zuzena erabili ahal izateko, zuzen idazteaz gan, zuzen ahoskatzea ezinbestekoa da eta orain arte arlo horretan izandako hutsunea betetera dator lan hori.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu