Apostuetarako sasoi txarrak

Gotzon Plaza Informatikoa 2006-10-20 02:00

Estadu Batuetako Kongresuak lege proiektu bat onartu dau, presidentearen sinadurearen faltan dagoana. Ondorioa nagusia: on-line egiten diran apostuetan legez kontrakoa izango da kreditu txartelez, txekez edo ta trasferentzia elektronikoz pagetea.

Euskaldunok, beste herri askok legez, badaukaguz gure ezaugarri bereziak edo geure buruari buruzko topikoak. Horreetako bat apostuaren aldeko zaletasuna, gure gizartean hain zabaldua dagoan edozein gauzaren gainean apostuak egiteko zaletasuna. Edo behintzat holan ikusten dogu geure burua. Nork ez dau inoiz entzun bai frontoian edo ta beste edozein lekutan batek baino gehiagok etxea, baserria eta arimea bera be mahai gainean jarri dauela?

Baina ez gara bakarrak munduan. Berbarako, Ekidalde urruneko herrialdeak (Txina, Japonia...) edo ta Mendebaldeko herrialdeen artean, Britainia Handia eta Irlanda, beste bi esatekotan. Nahiko bitxia da Mendebaldean (Europa mailan) apostuekaz pasetan dana: hegoaldeko herrialdeetan (Espainia, Italia, Frantzia) jokoan izaten diran apostuak Estaduen mepeko jarduerak dira, Estaduak monopolio gisa jokatzen dau eta ondorioz berak jasoten dauz etekinak. Ingalaterran edo ta Irlandan, barriz, legearen barruan apostuak egiteko egon badagoz horretarako bereziak diran enpresak, apostu-etxeak. Bertan, edozein arazoren gainean topau geinkez apostuak: bai kirol munduan, bai gizarteko edozein arlotan.

Mendebaldeko herrialdeen artean, zelan ez, ezin doguz ahaztu Estadu Batuak. Zenbat aldiz eta zenbat pelikulatan ikusi doguz Las Vegaseko kasinoen irudiak? Eta zenbat jente bertan? Eta zenbat pelikulatan agertu dira beste apostu mota batzuk, zaldi lasterketak, boxeoa, futbola, saski baloia eta antzekoak? Bai, benetan zaletasun handia. Eta zaletasun hori asetuteko eta bide batez irabazi ederrak lortzeko, Interneteko bidea zuzenena izan da aspaldion. Internet erabilten daben enpresen fakturazinoa urtero 12.000 miloe dolar izan ei da. Ez dago txarto, ez.

Baina bide honek arazo bat izan dau Estadu Batuetan: Internet bidez apostuak egitea galarazota egon da bertan. Hau da, amerikar enpresa batek ezin eban apostu-etxea Interneten zabaldu. Bueno, amerikarra ezin bada izan enpresa, orduan britainiarra izango da. Hori dala eta, holako enpresen artean, nagusienak britainiarrak dira: PartyGaming, Sportingbet eta 888 Holdings izenekoak, besteak beste. Enpresearen egoitzea Londonen egoan eta berezoen artean, gehientsuak estadubatuarrak izan dira. PartyGaming enpresearen kasuan euren irabazien hiru laurenek Estadu Batuetan daukie jatorria eta Sportingbet-en kasuan, bi herenak amerikarrak dira.

Honek teknogiari esker ez dau ezelako arazorik eukiko, baina arazoak oraintxe sortu dira. Hamar urte eztabaidatzen egon ondoren, Estadu Batuetako Kongresuak lege proiektu bat onartu dau, presidentearen sinadurearen faltan dagoana. Ondorioa nagusia: on-line egiten diran apostuetan legez kontrakoa izango da kreditu txartelez, txekez edo ta trasferentzia elektronikoz pagetea. Honek zer esan gura dau? Oraingoan debekua herritarrengana jausi da, izan be, ezin izango dabe diru trasferentziarik egin. Ondorio zuzenak? Holako negoziora bideratutako enpresek ikaragarrizko galerak izan dabez Londoneko Burtsan: PartyGaming-eko akzinoetan % 50eko galerak izan dira eta Sportingbet-ek bere aldetik % 59ko galerak.

Eta bateren batek galdetuko dau, eta zergaitik holako legea, zergaitik Internet-en bitartez apostuak egiteko galarazpen zorrotz hori? Bai jauna, galdera ona. Kontuak kontu, legearen atzean, alde batetik, kasinoek osotutako lobby-a dago eta beste alde batetik, alderdi errepublikarraren oinarrian dagozan eskuindar kristinauen taldeak. Alde bi horreen indarren batuketeak eta hamar urtetan egin dabezan presinoen ondorioz, legea sortu da. Kasinoen lobby-ak argi dauka bere zeregina: Interneteko konpetentzia indarrik barik ixtea (Interneteko enpresek ez dabe zergarik pagetan Estadu Batuetan eta eurek bai, jakina enpresa britainiarrak diralako eta euren egoitza fiskala Britainia Handian daukielako) eta Internetera joan diran berezoak eta euren diru mordoak atrapetea. Eskuindar kristinauen taldeen arrazoiak bestelakoak ei dira: eurentzat, arazo morala da jokoaren eta apostuen gaia. Ez dago ondo etikaren aldetik eta horregaitik ‘pekatu’ horren kontra egin behar da. Arrazoia ona izan leiteke, baina orduan zergaitik ez doaz kasino eta beste apostu-etxeen kontra? Oi, oi, betikoa, gizakia eta bere barruko kontraesanak...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu