Bertsolaritzan bide barriak urratzen
2006-10-20 02:00 BertsolaritzeaBertsolaritzeagaz lotuta bi ekimenen barrigaz natortzue, daborduko bidea urratu eta erantzun polita jaso daben ekimenen kontuagaz: ‘Arrotz-begi’ eta ‘Emetik Bertso Kabareta’.
Oraingoan, bertsolaritzeagaz lotuta bi ekimenen barrigaz natortzue, daborduko bidea urratu eta erantzun polita jaso daben ekimenen kontuagaz: ‘Arrotz-begi’ eta ‘Emetik Bertso Kabareta’.
‘Arrotz-begi’ trama musikatuak gure herrietatik bere ibilbidea hasi dau. Bertan Xumai Murua, Mantxi, Oihana Bartra eta Nahikari Gabilondo bertsolariak jabilkuz kontu-kantari edo kantuoontari. Taldea Jon Agirretxe narratzaileak, Joxerra San Sebastian musikariak eta Karlos Del Olmo gidoilariak osatzen dabe.
Bertso-trama musikatua izanda, narratzaile bat dago, istorio bat kontetan dabilen bitartean, bertsoen norabidea bata edo bestea izateko lagungarri dana. Hau gidoitzat hartu leiteke baina emonaldi bakotxean bertsoak bere lekua topetan dau, berba edo bertso-lerro jakin bat jarraitu barik. Joxerrak, barriz, bereak diran kantuak eskaintzen dauz eta istorioaren arabera era diferentean garatzen dira.
Orain arte, Lesaka, Ataun eta Donostian ibili dira. Lehenengo herri bietan, bertako euskaltegietan jardun dabe eta hirugarrenean, areto baten. Oihanak esan deuskun moduan ‘leku txiki eta batuak izan dira baina bertan sortu zan giroagaz gustura geratu gara’. Bertso-trama hau ez da geldi dagoan emonaldi bat, ikusleak berak be bertsolariakaz batera parte hartu ahal izaten dau eta.
Aurrerapen moduan, hemen daukazue ‘Arrotz Begi’-ren hasierea: ‘Egia osoa esan behar deutsuet. Ni ez nabe zuen artera erakarri goseak edo jazarpen politikoak, horreek biak eguneroko ogia badira be nire aberrian. Ezta gure erlijino nagusiaren agindu zorrotzak be. Are gitxiago inolako gerra santurik zuen kontra pizteko asmo ezkutua. Egia esango deutsuet: neure mendialdeko herrixkan ezagutu neban euskaldun baten begi ederrek gidatu nabee zeuen arteraino....’
Honegaz batera, ez geunke apiriletik bere bidea egiten dabilen ‘Emetik Bertso Kabareta’ ahaztu gura. Talde honetako partaideak Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Oihane Perea dira. Gu Onintzagaz berbaz egon gara euren ikuskizunaren ganean.
Berak esan deuskunez, asmo hau beharrizan bat sentiduten ebelako sortu zan: gaur egungo bertso munduko ‘klabe maskulinoak’ ekarria: gaiak antolatzeko modua, ikuspuntu maskulinoa, etab. ‘Falta dan alderdi femeninoa landu guran, toke probokatzailea erabili dogu, beti be umorea lehenengo lekuan ipinita’.
Zelan Parisko kabaretetan danetarik egiten zan, prostituzinoa, amatasuna edo sexua moduko gaiak aztertzeko izen dotorea da ‘Emetik Bertso Kabareta’. Eurena bat-bateko emonaldia da eta gaia prostituzinoa bada, publikoak ondo bizkor igarriko dau nor dan protagonistea eta nor protagonista horrengana bere zerbitzua eskatzera joango dana.
Honezaz gan, euren saioak olerki eta bertso-sortakaz be pintetan dabez, ‘ahal dala emakumezkoenak baina Otamendi, Aristi edo Sarrionandiaren obrakaz be jarduten dogu’. Musika aldetik barriz, egokiena sartzen ahaleginduten dira.
Orain arte, 20 bat saio egin dabez, Onintzaren eretxiz, ‘orain hasi da dana arranketan’. Hasieran, urte baterako epea jarri eben, baina gauzeak holan segidu ezkero, urte hori pasau eta gaia aldatzeko aukerea ikusten dabe, taldekideak aldatzeko aukerea ikusten ez daben arren. Zemendia behintzat beteta daukie eta hurrengoak zelan antolatu pentsetan dabiz.
Saio berdetxo eta umoretsu bat ikusi gura ezkero, sartu danok kabaretera!!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!