Jose Mari Zeberio: ‘Etorkizunean etekinak emongo dituan erabagiak hartuko dira Biltzarrean’
2006-10-19 02:00 BarriketanMunduko Landagune alkarteko idazkaria
Urriaren 19an, 20an eta 21ean, Munduko Landaguneak bere III. Nazioarteko Biltzarra egingo dau Garapen Solidarioaren Alde: Erronka eta Konpromisoa izenburupean. Biltzarra bi egoitzatan egingo da: 19an eta 20an, Donostiako Parke Teknologikoan, Miramonen; 21ean, Arantzazuko Gandiaga Topagunean batuko dira azken jardunaldia egiteko. Biltzarraren inguruan berba egiteko Munduko Landagunea alkarteko idazkari Jose Mari Zeberiogaz bat egin dogu.
1.- Hirugarren Biltzarraren izenburuak Garapen Solidarioaren bidean: Erronka eta Konpromisoa dino. Posible ete da epe laburrean helburu horreek lortzea?
Izenburuak berak adierazoten dau garapenaren bidean gagozala eta garapen horrek danontzat izan behar leuke. Horregaitik, ezinbestekoa da solidaridadea. Dana merkaduaren esku ixten badogu, batzuk gero eta aberatsagoak izango dira eta beste batzuk gero eta pobreagoak. Alkartasun osogarria ganeratu behar deutsagu garapenari.
Biltzarrean parte hartzen daben adituek, alkarteetako kideek eta ordezkari instituzionalek norabide ugari zabalduko dabezala uste dogu, bide egokia hartzeko. Ganera, etorkizunean oso sendoak izango diran alkarkidetzak be egingo dira. Datorren laurtekorako (2007-2010) plan estrategikoa Biltzarrean hartuko diran erabagien arabera zehaztuko da.
2.- Berbalari eta aditu ezagunak izango dira. Zein da zuen helburua? Ze desbardintasun dago Biltzar honen eta aurrekoen artean?
Konturik garrantzitsuena hau da: kargu garrantzitsuak izandako edota dituezan hainbat lagunek bat egin gura izan dabela Biltzarragaz. Euren gogoetek atentzino berezia sortarazoko dabe eta, zeozelan, danok egingo dogu bat Garapen Solidarioagaz.
Lehen Biltzarrean globalizazinoak nekazaritza produktuen komertzioan dauen eragina aztertu genduan eta, bigarrenean, globalizazinoak nekazaritzan dauen eragina. Oraingoan, parte-hartzaileak eremu desbardinetakoak dira baina danek ditue helburu berberak eta, azken batean, helburu horreek bultzatu eben Munduko Landagunearen sorrerea. Oro har, Munduko Landaguneagaz lan egiten daben erakundeetako buruek eta ordezkariek hartuko dabe parte.
3.- Afrika berenberegi aztertuko dozue. Zelan ikusten dozu kontinentearen etorkizuna?
Honezkero, onartuta dago Afrikak jaso dauena baino askozaz gehiago emon dauela eta azken aldian egoereak ez dau hobera egin. Personei eta ondasunei jagokenean, Afrikak jasoten dauena baino gehiago emoten deutso Nazinoarteko Komunidadeari. Kontinentearen etorkizuna, batez be, bertako herrien garapen proiektuen araberakoa izango da eta, gitxika-gitxika, ekimen horreetan parte hartu behar izango dabe. Afrikaren etorkizunean bakea eta askatasuna bermatu behar dira eta hori danon artean egin beharreko lana da. Horregaitik guztiagaitik, kontinente horri eskainiko deutsagu Biltzarreko hirugarren jardunaldia.
4.- Zein berbaldi nabarmenduko zeunke adituen ekarpenen artean?
Ponentziak osogarriak dira alkarren artean eta horrek orekea emongo deutso Biltzarrari. Gatxa izan da arlo desbardinetako adituak batzea eta, ganera, ikuspuntu desbardina daukie alkarren artean. Programan, izen oso ezagunak dagoz eta, euren eskuzabaltasunari, jakituriari eta esperientziari esker, Biltzarra aberastuko dabe. Aditu askok tarteak egin ditue euren agendetan gugaz egon ahal izateko. Urrunetik datoz eta ordu batzutarako baino ez dira hurreratuko Donostiara, gero, lana dala eta, alde egin behar dabelako. Beste batzuek euren zeregin garrantzitsuak albo batera itxi ditue geugaz egoteko. Oro har, Biltzarrean parte hatzen daben danak dira garrantzitsuak.
Gaiei jagokenez, batez be garapen orokorra hartuko dogu kontuan eta landa eremu zehatzakaz konpromisoak hartuko doguz. Afrikak behar dau laguntzino gehien eta beragaz hartuko dogu konpromisoa. Espero dogu hango ordezkariek ondo zehaztea zeintzuk diran Afrikak dituan arazo larrienak eta horren araberako plana osotzeko pausuak emongo dira.
(Gaiaren harian, Munduko Landagunearen Zuzendari Jesus Maria Alonsok honako adierazpenak egin ditu: Herrien garapenean eragina daben aldagai gehienak sartu gura izan doguz egitarauan. Horretarako, 60 aditu baino gehiago izango doguz geugaz, danak be Munduko Landaguneko kide eta bazkideak. Lau kontinentetako 30 herrialdetatik dagoz eta danek dabe konpromiso sendoa garapenagaz. Hareekaz batera, nazinoartean maila handiko txostengileak izango dira: Milurtekoaren Kanpainearen Koordinatzaile Exekutibo Eveline Herfkens eta urte askoan Munduko Diru Funtsaren Zuzendari Gerente izandako Michel Camdessus, besteak beste.
Danek aurkeztuko ditue euren ikuspuntuak eta esperientziak, garapen globala geldiarazoten daben arazo globalei aurre egiteko pausuak zehazteko. Txosten eta mahai-inguru bidez parte hartuta, garapenak munduan daukan egoerearen ganeko ikuspegi globala eskainiko dabe danen artean. Aldi berean, orain nagusi dan sistema ekonomikoaren norabidea aldatzeko puntuak emongo dabez, baliabideen banaketa bidezkoago bat lortzeko aukerea egoteko.)
5.- Zelakoa izan da Munduko Landagunearen Biltzarraren garapena azken urteotan? Zelan ikusten dozu alkartearen osasuna etorkizunera begira?
Munduko Landagunearen Biltzarra mundu bidezkoagoa eta gizatiarragoa eregiteko amesagaz sortu zan. Ames horretan, landa eremuek garrantzi berezia euken eta, euren alde egiteko, alkarlana ezinbestekoa zan. Munduko Landaguneak badaki, akaso, helburua utopikoa dala eta horregaitik topau gura doguz urtenbide errealistagoak. Alkartea mundu mailakoa da eta gero eta proiektu gehiago doguz eskuartean. Ganera, Nazinoarteko Erakundeen alkarkidetzea be badauka eta, danok batera, helburu zehatzak bete gura doguz.
Egitarau ofizialetik kanpo antolatutako ekintzak:
Urriaren 22an, Munduko Landagunea Sarea osotzen daben kideak alkartuko dira barriro. Bertan, egunez egun izaten dituezan esperientziez eta bizipenez hausnartuko dabe eta garapenerako ekimen zehatzak sustatuko ditue.
Bestalde, Bizkaiko Baserritarrentzako Jardunaldiak izango dira urriaren 23tik 27ra Gernikako Elai Alai aretoan. Hona hemen egun bakotxerako preparautako programea:
- Astelehena, urriak 23: BARATZEZAINTZEA
Menpekotasun Energetikoa
- Martitzena, urriak 24: OKELATARAKO BEHIAK
Loditzeko Behietan Higieniko Praktika Egokienak
Gidearen aurkezpena
- Eguaztena, urriak 25: ARDIAK
Basoen osasuna eta kudeaketea
- Eguena, urriak 26: NEKAZARITZA EKOLOGIKOA
Nekazaritza Ekologikoa zeuretzat be bada!
- Barikua, urriak 27: ESNETARAKO BEHIAK
Esnetarako behien elikadurea
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!