Elebide abiarazo dau Eusko Jaurlaritzeak, herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko asmoz

Bizkaie! 2006-10-17 02:00   Euskerea berbagai

Elebide herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzera datorrela azpimarratu dabe, eta zabalik dagoala herritarren era guztietako kexak eta iradokizunak jasoteko. Zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte osoari dago zuzenduta.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzeak Elebide hizkuntz eskubideak bermatzeko zerbitzua jarri dau martxan, herritarren hizkuntz eskubideen gaineko aholkularitzea eta babesa emongo deutsen zerbitzua.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak aurkeztu dau gaur zerbitzu barria Donostian, Joseba Erkizia HABEko zuzendariagaz, Jokin Azkue Euskara Planen zuzendariagaz, Miren Mateo zerbitzu barriaren koordinazinorako zuzendariagaz eta Lorea Bilbao Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako aholkulariagaz batera.

Zerbitzu barria, gizartearen zati handi eta garrantzitsu baten beharra asetzera datorrela nabarmendu dabe, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzera, hain zuzen. ‘Begi bistakoa da euskerea ez dagoala oraindino gaztelaniaren maila berean, erabilereari jagokonez eta gizartean dauen lekua aintzat hartuta, euskaldunek sarritan sentiduten dabe euren hizkuntza eskubideak urratzen dirala’, azaldu dabe.

Elebide herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzera datorrela azpimarratu dabe, eta zabalik dagoala herritarren mueta guztietako kexak eta iradokizunak jasoteko. Zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte osoari dago zuzenduta.

Elebide zerbitzu aktiboa izango da, ez baita kexak eta iradokizunak jasotera mugatuko, izan be, kasu bakotxaren jarraipen zehatza egingo dau, jasoten dauen kexa edo iradokizun bakotxak bere eragina, isla eta konponbidea izan dagian.

Zerbitzu barriak eraginkortasuna bilatuko dau, eta horretarako, hizkuntz eskubideetan adituak diranek eskainiko dabe zerbitzua. Gauzak holan dirala, herritarren kexa eta iradokizunak jaso ez eze, salatua izan dan entidadeagaz jarriko dira hartu-emonetan, kasuari konponbidea emoteko laguntza eta baliabideak eskainiz.

Elebide zerbitzuaren egiteko nagusien artean dagoz aholkularitzea eskaintzea hizkuntza eskubideen eta hizkuntza araudiaren gainean; kexak jasotea eta bideratzea, hizkuntz eskubideak urratu diralako edo horreek erabilteagatik kaltea jaso dalako; kexaren xede diran erakundeei aholkularitzea eta baliabideak eskaintzea, hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezan.

Era berean, hizkuntza eskubideen barri emoteko baliabideak herritarrei eskainiko jakez, eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesteko ardurea daben Administrazino Orokorreko organoakaz eta sail desbardinakaz lankidetzea garatuko da hizkuntza araudia bete daiten. Azkenik, hizkuntza eskubideen babesagaz lotutako iradokizunak jaso eta bideratuko ditu.

Elebidek bide desbardinak jarriko ditu herritarren eskura euren kexak, kontsultak edota iradokizunak bialdu dagiezan:

- Telefono bidez: 012 zenbakia. Ordutegia: Astelehenetik barikura: 8:00etatik 19:00etara. Zapatuetan: 9:00etatik 17:00etara.
- euskara.euskadi.net-eko buzoiaren bidez
- Posta bidez: ELEBIDE, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza - Eusko Jaurlaritzea
Donostia 1
01010 Gasteiz
- Fax bidez: 945 01 90 45

Horrezaz ganera, bideratutako kasuen balantzea aurkeztuko dau urtero, hau da, hizkuntza eskubideen urraketen gaineko informazino iturri izango da, ‘eta elebitasunerako bidean zelan goazen adierazoko deuskue balantze horretako datuek’.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu