Igor Otxoa: ‘Txalapartea musika tresna sinpatikotzat hartzen dau jenteak’
2006-10-11 02:00 BarriketanNomadak Tx, sormenezko dokumentalaren eta road movie-aren arteko filma
Raul de la Fuentek zuzendu eta Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa txalapartariak protagonista dituan Nomada Tx filmak kritika onak jaso ditu orain arte. Donostiako Zinemaldian estreinau eta ohorezko aitamena lortu ostean, EAEko uriburuetako eta Iruñea, Baiona, Madril eta Bartzelonako zine aretoetako estreinaldia urriaren 11n izango da. Sormenezko dokumentalaren eta road movie-aren arteko filmaz, hona hemen, Igor Otxoak kontau deuskuzanak:
1.- Donostiako Zinemaldiko ohorezko aitamen horrezaz gan, oso oker ez bagagoz Europako beste zinemaldi batzuetan parte hartzeko konbidapena jaso dozue? Pozik orain arte filmak izan dauen erantzunagaz?
Egia esan, nahiz eta topiko kutsua hartu, bai, benetan pozik gagoz jasotako erantzunagaitik. Eta akaso prentsan asko agertu ez dan jazoera batek emon deusku poz handiena: Zinemaldian prentsarako pasean kazetariek gogoz txalotu eben filma, eta horri esker jaubetu ginan guretzat film ona dana publikoak be ondo hartu dauela.
2.- Proiektu hau noiz eta zelan jaio zan?
Orain dala 4 bat urte, 2003. urtean jarri zan lehen hazia. Harkaitzek garatuta eukan hasierako idea bat oinarritzat hartuta hasi ginan formea emoten proiektuari. Horretan gengozala Pabloren eskaintzea heldu zan Indiara joateko, eta bidaia hori Nömadak Tx egitasmoaren lehen frogatzat hartu genduan.
3.- Zer da Nomada Tx? Eta zer da txalapartea?
Nömadak Tx, txalapartea ardatz dauen egitasmo anitza eta erraldoia da. Harkaitzek eta biok doguzan ikuspuntu eta ardura batzuk landu ahal izateko plataforma bat be bada, txalaparteagaz munduan bidaiak eginaz jorratu doguzanak. Mundu gero eta globalizatuago honetan, Nomadak Tx korrontearen kontrako pelikulea da, ahotsa galdu gura ez daben personentzako espazioa.
Gure herrira bueltan, herritarrakaz konpartiduteko eta esperientzia helarazoteko modu desbardinak izango dira: zine aretoetan estreinau dan filma, jatorrizko soinu bandagaz CD bat, telebistarako dokumental serie bat, DVD bat eta azkenik, puztu egiten dan karpa nomada batean egingo dogun emonaldi multimedia berezi bat; horren bitartez, gu geu be gure herrian nomada bilakatuko gara.
Beste alde batetik, txalapartea instrumentu bat baino gehiago da, jarrera bat, besteakana hurerratzeko modu bat. Proiektu honetan, txalapartea kultur eta personen arteko txinpartea da.
4.- Filmak ez deutso gidoi bati jarraitu, ez behintzat zinemagintzan ohikoa dan moduan, ez dago narratzailerik, alkarrizketarik...
Holan da. Guri askotan filma bera definidutea asko kostetan jaku, ez bait da ohiko sormenezko dokumentala, ezta fikzinozko filma be. Musikeak garrantzia dauka baina ez da musikala, bidaiak garrantzia dauka baina ez da bidaia filma... Eta filma bera egiteko modua xelebrea izan da, lau lagun egon bait gara prozesu guztian buru-belarri zuzendaritza eta gidoilaritza lanetan (nahiz eta zuzendaria Raúl de la Fuente izan), horrek dakarzan abantaila eta desabantailakaz...
5.- India, Mongolia, Sahara eta Laponiara egindako bidaietan txalapartea kulturen arteko topaleku bihurtzea zan asmoa. Lortu dozue?
Bai. Eta baita horretan gozau be. Txalapartea, guretzat geografikoki eta beste hainbat mailatan hain urruti doguzan persona eta kulturakaz hartu-emonetan sartzeko modu ezin hobea izan da. Eta horrek ahalbidetu dau eurekaz oso gertu sentidutea. Nik uste txalapartearen berezitasunak, biren artean jotea eta daukan sonoridade bereziak, ate asko edegi deuskuzala egon garen herri desbardinetan. Gure jarrerea be eurei musikea erregaletea zan, eta horren aurrean jente guztiak erantzuten eban modu positiboan. Gauzak holan dirala, txalapartea topagune bilakatu da.
6.- Oro har, ibili zarien herrialdeetan, zelan hartu dabe txalapartea bera musika tresna legez eta txalapartearen soinua?
Guk beti dinogu gure esperientziak erakutsi deuskula txalaparta musika tresna sinpatikotzat hartzen dauela normalean jenteak, ohiko instrumentua ez izateaz gan jenteari erakargarri egiten jakolako, eta oso instrumentu oinarrizkoa dalako: egurra egurraren kontra eta listo. Gainera perkusinozko musika tresnea izateak gauzak errazten deutsoz beste musika tresna eta estilo batzuekaz fusionau edo buztartzeko momentuan. Horregaitik, bai bakarrik jota edota bestelako instrumentuakaz nahastauta oso ondo hartu gaitue gu eta baita txalapartea bera be.
7.- Zaldiz eta lauhazka errodau dozue, zero azpitik 20 graduko tenperatureagaz... anekdota edo momentu eder edo estualdiren bat gogoratzen dozu?
Bidaietakoko momentu ederrenak arrotz sentiduten ez ginanean eta komunikazinoak funtzionetan ebanean izan dira. Horregaitik, akaso, Nómadak Tx-en adierazle ederrena, Mongolian egonik, Siberiatik hur bizi diran Tsaatan herriko bi kidegaz zaldiz egun batzuk mendietatik ibiltera atara ginanekoa izan daiteke. Ez genduan ez amankomuneko hizkuntzarik ezta itzultzailerik be; baina ez genduan beharrizanik sentidu, besteagazko, lagun hurkoaganako jarrera ona dagoanean hori ez bait da beharrezkoa benetako komunikazinoa lortzeko.
8.- Fitxa teknikoari, musikari konbidauei eta aurrekontuari erreparau ezkero, Nomadak Tx superprodukzinotzat har daiteke?
Bai. Lau urte honeetan lan talde itzela egon da film hau pantaila handira eroateko eta Donostiako Zinemaldian estreinau ahal izateko. Gainera, erakunde eta telebisten eskutik babesa eta laguntzinoa izateak soinu eta irudi mailan kalidade handieneko estudio eta teknikak (Dolby Digitala, e.a.) erabiltea ahalbidetu deusku. Gainera, kontuan hartu luzemetrai dokumentala dala eta, holakoetan datuok dimentsino handiagoa hartzen dabe. Era horretara, holako produktu bategaz nazinoarte mailan ohiartzuna lortzea be errazagoa da. Euskal Herritik kanpo hainbat herrialdetan estreinauko da zine aretoetan eta festibal desbardinetan; horrezaz ganera, telebista kate ugarik eskainiko dabe Nomadak Tx. Saltsa honetan, Donostiako Zinemaldian CICAE sariaren aitamen berezia jasotea be bultzada handia izan da, filmari sinisgarritasun eta maila altua emoten deutsolako horrek.
9.- Nomadak Tx proiektuak beste adierazpen batzuk hartzen ditu barruan, besteak beste, abenduan kaleratuko dozuen CD bat...
Lehen esan deutsudan legez, egitasmoa azaltzeko modu eta produktu desbardinak aurkeztuko doguz. Duda barik arrakastsuenetarikoa pelikulearen jatorrizko soinu bandea eta beste hainbat sorpresa batuko dituan CD-a izango da; bidaia liburuxka bategaz batera kaleratuko dogu Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokarako. Pelikulea ikusi dabenak galdezka jabilkuz musikea non eskuratu daiteken jakin guran eta, beraz, abenduaren hasierako Durangoko Azokan izango dabe aukerea.
10.- Zine aretoetan urriaren 11n estreinauko da Nomadak Tx. Pelikula komertzialakaz ohituta dagoan publikoak zelan hartu leike?
Jakiteko modu bakarra aretoetara joatea izango da. Baina gure eretxiz, sorpresa handiak egongo dira jenteak imajinautakoaren eta ondoren ikusten dabenaren artean; izan be, filma ikusi dabenen artean, behintzat, espektatibak beti gainditu ditualako filmak berak.
Nahiz eta filma berezia izan oso puntu komertziala dauka, zentzu onean beti be: jentearentzat momentu atsegina eta hunkigarria pasetako modua eskaintzen dauelako. Hori besterik ez baina ze gauza handia!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!