Baztarrikak hizkuntza koofizialakaz konpromiso handiagoa eskatu deutso Gobernu zentralari
2006-10-10 02:00 Euskerea berbagaiBaztarrikaren eretxiz, Estaduaren hizkuntz politikeak demokraziako azken 30 urteotan onarpen behartua izan dau beste erremediorik ez dagoalako, eta beste hizkuntza koofizialakazko erresistentzia izan dau ezaugarri.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordearen esanetan, euskerea, katalana eta galegoaren egoera sozialak, Eusko Jaurlaritzeak, Kataluniako Generalitatek eta Galiziako Xuntak hizkuntza propioak sustatzeko daben politikei esker erkidego horreetan nabarmen aurrera egin badau be, Gobernu zentralak ez dau prozesu hau ardura beragaz beregan hartu. Izan be, Baztarrikaren eretxiz, Estaduaren hizkuntz politikeak demokraziako azken 30 urteotan onarpen behartua izan dau beste erremediorik ez dagoalako, eta beste hizkuntza koofizialakazko ‘erresistentzia’ izan dau ezaugarri. Eta hori guztia jakinda be botere publikoaren betebeharra, Konstituzinoari jarraituz, hizkuntza koofizialak errespetau, bultzatu eta sustatzea dala ganeratu du Baztarrikak Madrilen, ‘Palabras y mundos. Informe sobre las lenguas del mundo' txostenaren aurkezpenean.
Argitalpen hau urte askotako lanaren emoitzea da. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzinoagaz pasa dan urtean ingelesez eta euskeraz argitaratu eta gero, orain Icaria argitaletxeak argitaratu dau gaztelaniaz.
Marie-Amelie Ponce (Linguapax Institutua-Catalunyako UNESCO), Mikel Mancisidor (UNESCO Etxeko zuzendaria) eta Belen Uranga Txostenaren egileetako bat ondoan izan dituala, Baztarrikak azaldu dau Eusko Jaurlaritzearen ustez, hizkuntza dibersidadea komunidadea aberasten dauen ondasuna dala, ‘mundua ikusteko modu berezia, herritarren ordezkariak diran erakundeek babesteko eta sustatzeko ondarea eta alkarbizitzea nahiz integrazino sozialerako faktore nagusietarikoa’.
‘Estadu espainiarrean, biztanleen ia erdia gaztelaniagaz batera hizkuntza koofiziala dauen erkidegoetan bizi dira. Txikitatik, 50 miloe europar ingurune elebidunetan hazten gara, ama hizkuntza bat izanik, herritar garan Estaduaren hizkuntza nagusitik desbardina. Beraz, esan geinke elebakartasuna salbuespena dala, eta eleaniztasuna, araua’ adierazo dau Baztarrikak.
Beste alde batetik, egungo Gobernuak Estaduko beste hizkuntza koofizialakazko konpromiso handiagoa erakusten daben keinuak atzemoten dirala nabarmendu dau, baina orain, keinuak barik ekintzak behar dirala. ‘Bada garaia Estaduko erakundeek pedagogia soziala egiteko eleaniztasun erreal eta eraginkor baten alde’, adierazo dau.
Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak azpimarratu dau gaur egungo errealidadean ez dirala ‘bardintasun osoko baldintzak emoten herritar euskaldunek, katalanek eta galiziarrek euren aukerako hizkuntzea bizitzako alderdi guztietan erabili daien bermatuko dabenak’. Haren esanetan, ‘Estaduko erakundeek ez dabe sustatu erkidego elebakarreko espainiar herritarrek eleaniztasun linguistikoa errespetau eta estimetea’.
Baztarrikak azaldu dau Estaduak erregino edo hizkuntza gitxituen elementu historiko eta kulturalak ikasketen programa nazionalean sartu behar leukezala.
Aldi berean, azpimarratu dau Estaduaren ardurapeko hezkuntza sistemearen eta komunikabideen aldetik ezer gitxi egiten dabela gaztelaniagaz batera koofizialak diran hizkuntzen alde, eta itxikeria hori Konstituzinoaren testua ez betetea dala.
Eusko Jaurlaritzearen Hizkuntz Politikarako sailburuordeak argi itxi gura izan dau euskerea, katalana eta galegoaren bardintasunaren aldeko ekintzabidea ez dala inoren kontrakoa, are eta gitxiago gaztelaniaren kontrakoa. ‘Aldiz, uste dogu gure hizkuntzen alde egiten doguna alkarbizitzearen alde egiten dogula, hizkuntza guztiak komunikazinorako eta integrazinorako dira eta. Are gehiago gure hizkuntzen bizibarritzea, gizarte integrazinoa eta alkarbizitzea sendotzen ditualako, eta guretik, Europako berezko ezaugarria dan hizkuntza eta kulturearen aniztasunari egin geinkioen ekarpenik onena da’, azaldu dau.
Sailburuordeak azpimarratu dau hizkuntza-aniztasuna ez dala arazoa, aukerea baino. ‘Babelgo dorrea ez da madarikazinoa, gizartearen aniztasuna aberasteko eta alkarbizitzea sendotzeko aukera ezin hobea baino. Kulturen eta hizkuntzen alkarbizitza barik gatxa da, ezinezkoa ez esateagaitik, gizarte kohesinoa’.
Baztarrikaren eretxiz, hizkuntza gitxituen aldeko jarrerea bardintasunaren aldeko jarrera eta kultura biodibersidadearen aldeko jarrerea da. ‘Espainiak eleaniztasunean sinistu eta hori praktikan jarri behar leuke; Espainiak bere barruan dituan hizkuntzen eta kulturen aniztasuna onartu behar leuke eta horren bidetik jardun, hezkuntza sisteman, Estaduaren herri-hedabideetan, erakunde zentraletan zein administrazino periferikoan’.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!