Omenaldia Jesus Galindezi New Yorken

Bizkaie! 2006-10-09 02:00   Euskaldunak munduan

Columbiako Unibersidadeak eta New Yorkeko Euskal Etxeak zenbait ekitaldi antolatu ditue urriaren 13, 14, eta 15erako, AEBetako euskal ordezkariaren bahiketea eta hilketearen 50. urteurrena gogoratzeko.

Columbiako Unibersidadeak eta New Yorkeko Euskal Etxeak zenbait ekitaldi antolatu ditue urriaren 13, 14, eta 15erako, AEBetako euskal ordezkariaren bahiketea eta hilketearen 50. urteurrena gogoratzeko. Ekitaldien artean Sabino Arana Fundazinoak argitaratutako ‘Guerra, exilio y frustración’ liburuaren aurkezpena nabarmentzen da.

Kontuak kontu, hilaren 13, 14 eta 15ean New York-eko uriak Jesus Galindez euskal politikariaren figurea gogoratuko dau, Rafael Leonidas Trujillo diktadore dominikarraren aginduz ha bahitu eta hil eben egunaren 50. urteurrenean.

Jesus Galindez persona giltzarrietako bat da Euskadiren azken aldiko historian. Amurrioko semetzakoa, Euzko Jaurlaritzearen Estadu Batuetako ordezkaria izan zan. Idazlea, abokadua, kazetaria eta Euskal Informazino Zerbitzuetako eta FBIko kide be izan zan.

Egitarauan agertzen diran gorazarre-ekitaldien artean euskal politikariari buruzko liburu baten aurkezpena nabarmentzen da; datorren barikuan, urriak 13, izango da eguerdiko 12:30etan Columbiako Unibersidadean, Gai Publiko eta Nazinoartekoetarako Eskolako Nazinoarteko Gatazkak Konpontzeko Zentroan.

Liburuaren izenburua ‘Guerra, exilio y frustración’ da eta Iñaki Bernardok egindako ‘Galíndez: la tumba abierta’ liburuan dago oinarritua. Iñaki Goiogana historialariaren parte hartzeagaz egindakoa argitarapen barri hau erbestaldiko Eusko Jaurlaritzearen politikearen aldi desbardinakaz osotzen da, izan be, batez be 1939-1945 bitarteko urteak, oso gitxi agertzen dira aurreko argitalpenean; ganera, Galindezen bahiketatik aurrerako beste informazino batzuk be erantsi dira.

Ekitaldi horretan honakoek parte hartuko dabe: Andrea Bartoli, Columbiako Unibersidadeko irakaslea; Irune Zuluaga, Sabino Arana Fundazinoko zuzendaria; Iñaki Goiogana, historialaria eta lanaren egilekidea; Gloria Totorikaguena, Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria; eta Joseba Agirretxea, Eusko Jaurlaritzearen ordezkaria.

Biharamunean, urriaren 14an, Itziar Albisu buru dauen New Yorkeko Euskal Etxea liburu horren aurkezpenaren agertoki izango da, 17:00etan, eta ondoren, jardunaldiaren osogarri, musika-emonaldiak izango dira Kepa Junkera trikitilariak eta Gaztelubide Abesbatza Elkarteak eskainita. Ekitaldia amaitzeko anaitasun-afaria izango da Euskal Etxean. Hurrengo egunean, New Yorkeko gotzain laguntzaileak, monsinore Jose Iriondok, mezea emongo dau Jesus Galindezen oroimenez.

Galindez kasuaren misterioak 1956ko martiaren 12an dauka abiapuntua, hau da, erbestaldiko Eusko Jaurlaritzearen ordezkaria eta, Francoren erregimenaren kontra burrukatzeko, nazioarteko sostenguen bilaketan oinarritutako atzerri-politikearen adierazgarri nagusia desagertu zanean Manhatttan-en eukan apartamentura joiala. Kasua aztertu daben ikertzaileek atara daben ondorioa da, bahitu, narkotizau, hegazkinez Dominikiar Errepublikara eroan, torturau eta hil egin ebela Rafael L. Trujillo dominikar diktadorearen aginduz.


Jesus Galindez eta New York

Familia arabarreko semea, Jesus Galindez Madrilen jaio zan 1916an, baina oso gazterik atxiki jaken Euzko Alderdi Jeltzalearen ideiei eta egitasmoei. Madrilen Zuzenbideko ikasketak amaitu eta berehala Gerra Zibila etorri zan eta Galindez EAJren zerbitzura jarri zan Madrilen eta Bartzelonan.

Diktadoreaewn sasoian, Frantziara erbesteratu zan, beste milaka eta milaka euskal herritar bezela. II. Mundu Gerrea hasi aurretik Dominikar Errepublikara iges egin eban. Karibeko herrialde haretan Rafael Leonidas Trujillo ezagutu eban; Dominikar Errepublikako presidente eta diktadoreak urte distiratsuak bizi izan ebazan Mundu Gerran, gerra-talde aliatuen hornitzaile bilakatu zan eta. Erresuma haretan Galindezek Unibersidadean eta Lan Saileko aholkulari legez lan egin eban. Gainera, Jose Antonio Agirre lehendakariak karibear erresuma haretako euskal ordezkari izentau eban. Agirrek aginduta, Gerran iparramerikar informazino-zerbitzuentzat lan egiten hasi zan.

1946an Dominikar Errepublikea itxi eta New Yorkera joan zan, eta han Estadu Batuetako Euskal Ordezkari zereginak bereganatu zituan Anton Iralaren ordez. Estadu Batuetan be bertako informazino-zerbitzuentzat lan egiten segidu eban. Columbia Universityko irakasle izan zan, baita Eusko Jaurlaritzearen Nazino Batuetako Ordezkaria eta erbestaldiko urte horreetan guztietan Eusko Jaurlaritzearen euskarri izan zan finantza-bilbearen arduraduna be. Columbiako Unibersidadeko irakasle legez, eta unibersidade berean doktore-titulua lortze aldera, Dominikar Errepublikeari eta Trujillori buruzko doktore-tesi bat idatzi eban.

Beste alde batetik, Galindezek iradoki eta antolatu eban New Yorkeko Desfile Iberoamerikarra; horretarako, uri handi haretan bizi ziran miloe bat espainolak ordezkatzen zituen 248 erakundeak batu ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu