Pantxoa eta Peio: 'Lurra eta maitasuna gure bizitzako zutabe bi dira'
2006-10-06 02:00 BarriketanBerrogei urteko ibilaldiaren ostean, Pantxoa eta Peio bikoteak bakeari, lurrari, maitasunari eta euskereari eskainitako lana aurkeztu dabe.
Berrogei urteko ibilaldiaren ostean, Pantxoa eta Peio bikoteak bakeari, lurrari, maitasunari eta euskereari eskainitako lana aurkeztu dau Lurra eta Maitasuna izenburupean, Elkar disketxearen eskutik. Kasualidadea da, ganera, diskoetxe horrek atara eban lehenengo diskoa bikote lapurtarrarena izan zala.
Bilbora etorri dira diskoa aurkeztera eta lehenengo kontzertua be Bizkaiko uriburuan emongo dabe, Arriaga Antzokian, urriaren 11n. Egun hori ailegau bitartean, berbalditxu batean laburtu ditue lanaren nondik-norakoak.
1.- Bai, amerri bakarra da aurkeztu barri dozuen diskoko lehenengo kantearen izenburua. Bai horrek hasiera-hasieratik emoten deutso sendotasuna lanari...
Pantxoa: Bai. Kanta hori Jean Louis Davanten berbakaz eginda dago. Davantek amerria aitatzen dau hor, ama lurra, ama hizkuntzea edo euskerea. Letra aldetik oso kanta polita dala uste dogu. Euskereagazko daukagun atxikimentua erakusteko aukeratu dogu kanta hori diskoa zabaltzeko. Egia da hegoaldean ofizialtasuna dagoala euskerearentzat; indarrak egiten dira eta, halanda be, kaleetan ez da euskera lar entzuten. Iparraldean, zer esanik ez, ez da ofizialtasunik eta leku guztietan burrukatu behar dogu euskerearen alde. Oso gatxa da euskerearen egoerea Iparraldean eta Jean Louis Davantek idatzi dauen kanta hori diskoan lehenengo jartea garrantzitsua da guretzat.
Peio: Diskoaren azken kantea be Jean Louis Davanten berbakaz egin dogu, Lagunt abertzaleak izenekoa. Gu, kanta horregaz identifiketan gara batez be, kantu militantea baita.
2.- Maitasunari be abestu deutsazue...
Pantxoa: Amodiozko kanta zahar bi dagoz. Bata, Aita Donostiak 1941ean topau ebana Ainhoan. Erregeen korteetan kantetan zan kanta zahar horreetariko bat dala emoten dau eta oso moldaketa polita egin deutso kanteari Dieguezek.
Bestalde, Oiartzuneko kanta zahar bat be badago, Berasategik jasotakoa. Neska eta mutiko biren arteko alkarrizketa bat agiri da; mutilak gatx dauka neskea bereganatzea baina azkenean, lortu egiten dau. Nire maitia, jeiki ta jeiki da kantearen izenburua.
3.- Gaien aldetik, beraz, orain arteko bide beretik jarraitu dozue...
Peio: Diskoetxeari leialtasuna erakutsi deutsagun legez, kanta-gaiei be leialtasuna erakutsi deutsegu. Disko honen izenburua gure edozein diskok eroan eikean, lurra eta maitasuna gure bizitzako zutabe nagusi bi diralako. Hori be adierazo gura dogu, leialtasuna gure ibilbidean. Azken batean, zer da gurea? Guk eta gure sasoikoek egunero biziten daben grina eta esperantzen lekuko, testigu izan gura dogu. Gure kantetako moldea, beharbada, berezia bada, bikotea izatea da. Banan-banan hartuta, gure ahotsek ez daukie ezer berezirik, edozeinenak izan daitekez. Zeozer sortzen da bikotea martxan jarten danean eta hori, Iparraldean, kantetako molde oso herrikoia da.
4.- Musika arloan be, ohiturak aldatu egiten dira eta honezkero, kontzertu gehienetan, taula-ganean dagozanek baino ez dabe abesten. Orain urte batzuetako giro herrikoia indartzea da zuen helburua?
Peio: Gure disko guztietan erakutsi gura izan dogu tradizinoagazko loturea, aurrera begira egon arren, sasoi batekoa ahaztu barik. Horren erakusle da diskoan a capella abestutako kanta bat sartu izana.
Pantxoa: Jentea gure kantuetan identifiketan da guk egiten doguna oso sinplea eta erraza dalako eta, beraz, gu entzutera etorten dan publikoak gugaz kantetan dau.
5.- Askotan, sasoi barrietara moldatzea besterik ez da geratzen bizirik jarraitzeko. Nobedaderik sartu dozuez lan honetan?
Peio: Bai, lehenengoz gure lan batean emakume baten ahotsa entzuten da geugaz batera kantetan Nire maitia, jeiki eta jeiki kantan. Kattalin Indaburu da bera.
6.- Diskoan, lurra eta maitasunaz gan, beste zutabe garrantzitsu bat dago: bakea. Kanta bitan, ganera, izenburuan bertan aitatzen da berbea.
Peio: Bakearen ganeko kanta bi dagoz diskoan. Bat, zumarragar olerkari batek, Andoni Salamero Alberdik eginiko Bakebidean kantea. Oso testu polita da eta esaten dau bakea ez dagoala aurretik irabazita, bakezaleenak ere, gerra baten zama, bere baitan bizirik, betiro darama dino. Hori da errepetiduten dan estrofea. Oso berba politak dira. Bakea lortzeko bidea gatxa da, ez da erraza, kostau egingo jaku baina oso itxaropentsu gagoz. Kantea eta moldaketak Mixel Ducau musikariarenak dira eta Iñaki Dieguezek be hartu dau parte.
Beste kantea Bake mina da. Euskal Herria eta Irlandaren artean hurreraketa asko egin dira azken urte edo hile honeetan. Guk, hurreraketa hori arlo musikalean egiten dogu. Irlandar doinu herrikoi bati berbak jarri deutsadaz. Kantea bideoklipean be aurkezten dogu eta jenteak, kantaldietan, geugaz kantauko dauela uste dot, horretarako kanta aproposa baita.
7.- Su-etenaren harira egin dozuez kanta horreek?
Pantxoa: Ez, su-etenaren iragarpena baino lehenagotik geunkan asmo hori, bakearen inguruan kantaren bat edo beste egiteko asmoa. Guk bakea zuzentasunean lortzen dan bake legez ikusten dogu, Euskal Herriaren eskubideak errespetetan dituan bakea, jentearen eta herriaren eretxia errespetetan dauen bakea.
8.- Arlo desbardinetako (literaturea, musikagintza...) profesional askoz inguratu zaree diskoa egiteko. Badago bateren bat lehenago be zuekaz ibili izan dana?
Peio: Gure diskografian lehenago kantau izan doguzan Manex Erdozaintzi-Etxart poetearen olerkiak jaso doguz oraingoan be, Pier Paul Berzaitzek musikatuta, Neurriak izenburupean. Manexek olerki honetan, beste batzuetan legez, mundu bat agertzen deusku, Euskal Herriaz eukan ikuspegi profetikoa legez, zuberotarrak bizkaitarrakaz alkartuta, lapurtarrak nafartarrakaz, kanpotik etorritakoak hemengoakaz... Hemen be, Iñaki Dieguezek arlo musikalean ekarpen berezia egiten dau.
9.- Lan barriaren aurkezpen-kontzertua Bilboko Arriaga antzokian egingo dozue urriaren 11n. Zergaitik erabagi dozue leku hori?
Peio: Bai, aspaldi egon ginan Arriagan eta orain, Lurra eta Maitasuna diskoaren aurkezpen-kontzertua bertan egitea pentsau dogu. Leku aproposa, esanguratsua da guretzat.
Pantxoa: Bestalde, aitatzekoa da baita, diskoan entzuten diran musikariak eurak ibiliko dirala geugaz zuzenekoetan. Holan, publikoak diskoan entzuten dauenaren antzekoa entzungo dau zuzenean.
10.- Zuzeneko emonaldiek emoten deutsue aurrera jarraitzeko gogoa eta indarra?
Peio: Guretzat oso garrantzitsuak dira zuzeneko emonaldiak. Azken urte honeetan konturatu gara jenteak zuzenean parte hartu gura dauela emonaldian. Kantetako gure era tradizional eta kolektiboa berreskuratu gura da eta, horretarako, hainbat ekimen egin dira Iparraldean eta uste dot hemen be bai. Baionan, berbarako, Baionan kantuz dalakoa jarri dabe martxan. Hileko azken zapatuetan, berrehun lagun baino gehiago batzen dira kantetako. Ez kontzertu bat emoteko, kantetako baino, alkarregaz kantetan gozetako. Eta hori eskaini gura dogu guk kantaldietan ze jentea bete-betean sartzen da emonaldietan. Hori da azken urteotako barritasun nagusia kontzertuetan, jentearen parte-hartzea bultzatzea.
11.- Honezkero, agendea kontzertuez ganezka izango dozue...
Peio: Arriagan hasi ostean (urriak 11, 20:00etan), urriaren 20an Ordizian izango gara. Ostean, zemendiaren 4an, Elizondon, abenduaren 1ean Ermuan eta gero Hendaian, Hazparnen eta beste hainbat lekutan egongo gara datorren urtearen hasieran.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!