Aldaketearen txapelketea

Saioa Torre Gereketa 2006-10-02 02:00   Bertsolaritzea

Urte birik behin, Bizkaiko bertsozaleek zita berezia izaten dabe: Bizkaiko Bertsolari Txapelketea. ‘Bapatean, Bizkaia’ lelopean, 36 bertsolarik helburu bera izango dabe urriaren 8an hasi eta abenduaren 16an Bilboko Euskalduna Jauregiko egun handira arte: Bizkaiko txapela buruan jaztea.

Urte birik behin, Bizkaiko bertsozaleek zita berezia izaten dabe: Bizkaiko Bertsolari Txapelketea. ‘Bapatean, Bizkaia’ lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan aurkeztu dabez txapelketearen nondik-norakoak. Ekitaldian Bizkaiko Bertsolari Elkarteko presidente Karmelo Uriarte, komunikazino arduradun Joana Mendiburu, BBK Fundazinoko ordezkari Gorka Martinez eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputadu Belen Greaves izan dira, baita erakunde bereko Euskerea Sustatzeko Zuzendari Gotzon Lobera be.

Urriaren 8an Zamudion hasi eta Bizkaiko hainbat herritan izan ostean, abenduaren 16an Bilboko Euskalduna Jauregian jakingo da nork hartuko dauen Igor Elortzaren lekukoa. Danetara, 36 aukera posible dagoz. Helburu nagusiak ‘Bizkaiko esparruetan bertsolaritzea sustatzea, bertsozaletasuna zabaltzea eta bertsolarien promozinoa bideratzea dira’, dinoe antolatzaileek. Karmelo Uriartek aurtengo txapelketearen ezaugarriak aitatu ditu: ‘gaztetasuna, dinamikoa baina, era berean, heldua’. Gaztetasuna, parte hartzaileen edadeari jagokonean, bai, baina gai-jartzaileak, epaileak eta, oro har, antolakuntzakoak be, gazteak dira. ‘Bertso-eskolek egindako lanaren ondorio zuzena da hori’, zehaztu dau. Buruan igaz Txapelketa Nagusiaren harira BECen bizitakoa daukie antolatzaileek, ‘beti be gure mailea zein dan onartuta’. Erronkeari kopurua jarri deutse: orain dala urte biko 5.000 entzuleak baino gehiago lortzea. Bestalde, barritasunakaz jarraituz, bertsolarien zerrendan faltatxua igarriko da aurten, izan be, Igor Elortza eta Unai Iturriaga ez dira aurkeztu. Arrazoiak edota zergaitiak protagonistei eurei galdetzeko deia egin deutse kazetariei Uriartek eta babesleei eskerrak emon ostean amaitu dau berbalditxua.

Ostean, Gorka Martinezek bertsolaritzearen hasierako urteak gogoratu eta baserri-giro horretatik urira ekarteko ahaleginetan bera ordezkari dan erakundeak egin dituan ahaleginak nabarmendu ditu.

‘Aldaketearen urtea’ dala esanez hasi da Joana Mendiburu. ‘Argi itxi gura dogu Bizkaiko bertsolaritzea maila onean dagoala; aurtengoa freskotasun eta lehia handiko txapelketea izango da’. Komunikazino-arloa zorrotz zainduko dabe, orain arte legez. Holan, ‘webgunea astero barriztuko dogu eta datorren astetik aurrera bertan egongo dira salgai finalerako txartelak, 13 eta 15 euroan’. Finalari jagokonez, horra hor beste barritasun bat: domekaz izan beharrean, zapatuz izango da, ‘entzulearen eskariei erantzuteko’.

Bertsolarien, kanporaketen eta enparauen barri bertsozale.com webgunean izango dozue.


Aurkezpena Larrabetzun

Prentsaurrekoa Bilbon egin ondoren, arratsaldean, Larrabetzuko Iturrialde Txakolindegian alkartu dira bertsolariak, Eneko Atxa sukaldariak preparautako kopautxuagaz eta txakolinagaz bertsoak hobeto botaten dira eta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu