Jose Luis Korta: ‘Urtebeteko geldialdi biologikoa gura dot orain’

Koldo Isusi Zuazo 2006-10-02 02:00   Barriketan

Arraunlaria eta entrenatzailea

Jose Luis Korta Orion jaio zan 1949an, 57 urte daukaz eta azken 9 urteak Castron egin ditu. Arraunlaritza arloan marka guztiak txiki itxi ditu. Kontxako 14 Bandera irabazi ditu, arraunlari, entrenatzaile eta patroi lanetan, 6 Oriogaz, 1 Lasartegaz, 4 Sestaoko Kaikugaz eta 3 Castrogaz, azkena aurten. Datorren denporaldirako, barriz, talde barik dago, Castron Etxaberen alde egin dabelako. Orain, barriz, agindutakoak beteten dabil, Donostiatik Castrora bitarteko bidea arraunean egin dau lau etapa eta 14 ordutan; Oñatitik Arantzazurako bidea ortozik egin dau pasa dan domekan, urriaren batean, ordubete eta 40 minututan.

Aurtengo denporaldia, arraunlaritzearen oraina eta geroa, doping kontuak, bihar-etziko proiektuak... Gauza asko Jose Luis Korta berbalapikoagaz aztertzeko.


1.- Zorionak, aurten Kontxako 14. Banderea irabazi dozu, Castrogaz 3.a. Batista Olidenek 13 Bandera irabazi ditu, baina danak arraunlari legez. Arraunlaritza munduan lortu daitekean guztia lortu dozu? Zerk motibetan zaitu?

Hamalau Bandera astintzeko subertea izan dot, baina ez da gitxiago bakarra irabazi dauena. Azkena ez izatea be sarritan saria da. Berrogei bat urte daroadaz arraun munduan eta subertea euki dot beti aurreko puntan ibili nazelako; baina arrauna odolean daroat, gaurko egunean ez daukat hasi nintzanean baino ilusino gitxiago. Igual-igual disfrutetan dot arraunean, patroi lanetan zein entrenetan, talde lana da gurea, alkarri laguntzea eta zeure familia legez sentiduten dozu; hori da inportanteena eta horregaitik, aurten sekula egin ez dodana, negar egin dot traineruaren barruan mutilakaz, batzuen kasuan lehenengo Kontxa izan dalako. Horrek guztiak emoten deust indarra aurrera egiteko.


2.- San Miguel Ligea -ACT zaharra- Hondarribiarentzat izan da, eta CAR Ligea, barriz, San Pedrorentzat. Azken urteotako liga sistema hau zelan ikusten dozu? Zein izan da aurtengo ezustekoa?

Ondo. Batetik, onenen ligea, batzuk irabazteko eta besteak ez jaisteko, eta bigarren ligea, gora joateko amesetan dagozanentzat. Horixe da ganerako kiroletan be funtzionamentua eta bai gizartean be, lehia dagoalako oinarrian, onena izateko burrukea.

Bestetik, Hondarribia, San Pedro aitatu dozuz eta aurten Zarautzeko koadrilleak egin dauen lana be nabarmenduko neuke eta, oro har, aurtengo saltsa, zigor, hasarre eta enparauak gorabehera, txalo zaparradarik handiena arraunlariek merezidu dabela uste dot.


3.- Etxabek hartuko dau zure lekua Castron, Izortz Zabala Arkotera doa, Arkoteko 3 arraunlari eta Castroko ia traineru erdia Urdaibaira... Datorren denporaldian zer pasauko da?

Bai, Etxaberi suberterik onena opa deutsat. Nik 9 urte egin dodaz Castron eta taldea puntaren puntan itxi dot. Aurten kontratua amaitzen jatan arren, penea izan da amaitu dogun moduan amaitu behar izatea; azken aldian giro eskasa egoan, nik esan nebazan gauza batzuk testuingurutik atarata erabili izan dabez (sagar ustelak dagozala arraunean, arrauna itxi gura dodala...) ni baztertzeko, baina gauzak ez dira zuzen egin, guzur asko esan dira, arraunlariei jagokena ez jake pagau...

Beste alde batetik, datorren denporaldiari jagokonez, nire eretxiz, gauzak normal joan ezkero, datorren urtean be aurten ondo ibili diranak ikusiko doguz aurrean. Jakina, Urdaibaik talde sendoa osotu dau eta aurrera salto egin leike. Arkotek be maila polita emon leike, nahiz eta baja garrantzitsuak izan. Castro be datorren urtean aurrean ibiliko dala uste dot.


4.- Arraunlarien alkartea sortu da aurten. Zeintzuk dira helburuak?

Alkartea, ‘Asociación de Remeros’ deritxona, neuk daukat erregistrauta Madrilen, eta orain klubetan ordezkariak batu eta izentetea falta da; danentzat egongo da zabalik, bertokoentzat zein kanpokoentzat. Kontua da ze arraunlariak ez daukala inon ezer esaterik; arraunlaria ez dabe ezertarako kontuan hartzen. Arraunlariei berbea emon behar jake, Liga, arraunlarien kupoak, formazino eskubideak eta bestelako gai interesgarrien ganean erabagiteko.

Arraun munduan diktadurea dago eta bakarra balitz ez litzateke txarra izango, baina diktadore asko dago. Nik ez dot asko entenditzen, baina demokrazia ei da eredua, bostek lauk baino gehiago balio ei dabe; baina bostek esaten dabena da egia? Ez, baina bost diralako, ba aurrera. Botorik gehien ataraten dauena leku askotan ez da alkate...’el que hace la ley hace la trampa’.


5.- Elite mailako kirol espezialidade guztietan dabil doping-aren mamua, baita arraunean be. Azken urteotako jazoerak ikusita, emoten dau Astilleroko arraunlariak dirala dopau diran bakarrak. Besteek ez ete dabe ezer ‘hartzen’?

Danak hartzen dabe zeozer, baina ez da doping-a, azkenean, tranpea egitea da. Tristea da, baina gaur egun kirolaz baino gehiago doping kontuak zabaltzen dira medioetan (Landis, Heras...). Egoerea eskuetatik joan jaku, zergaitik heldu gara puntu honetara?. Legearen barruan jokatzea nahitaezkoa da, eta Astilleroren kasuan, hiru urtetan arraunlari gaixoakaz joan dira kontroletara eta hori susmagarria da, besteak beste, estropadak irabazi eta errekorrrak gainditzen badira.

Arraunlariek ez dakie zer hartzen daben, nik neuk be ez dakit ze botika hartu daitekean eta zeintzuk ez, medikuen lana da hori.

Nire kontsignea edo agindua beti izan da joku garbia, sano egotea, asko entrenau, besteek baino gehiago eta duda barik arraunlariek uretan, garbi, legearen barruan irabazten dabenean, azkeneraino defendidu behar da hori. Holakorik ez bada, nik alde egingo neuke arraun mundutik.


6.- Arraunlaritzea ustelduta dagoala esan dozu oraintsu. Konponbiderik ikusten dozu?

Bai, konponbidea badago. Presidente bat, bakarra, behar dogu legeak eta arauak betearazoko dituana. Sasoi batean espainola baino ez egoan eta ondo ala txarto zeozelan konpontzen ginan; orain, barriz Espainiakoak batetik, euskaldunak bestetik, kantabriarrak, galiziarrak... anabasa handia dago.

Ikuskizunaren alde egin dau ACTk eta horretan asmau dabe, baina gauza asko txarto egiten dabilz; ez dago ulertzerik zazpik bosten kontra erabagiten dabena, momentutik momentura aldatzea. Dagozan lege eta arauak edo behar izan ezkero, barriak zehaztu eta horreek errespetetea da giltza eta kasuan kasuko interes personalak baztertzea. Gerrilla-gerrea dago eta hori ez da ona arraun munduarentzat.


7.- Arraunlaritzearen esentzia, diruak, doping-ak ala beste zeozerk alperrik galdu dau?

Arraunlariak dira mundu honetan salbetan diran bakarrak, hortxe dago esentzia, lehia, besteak baino gehiago entrenau, hobea izatea...; beste guztia susmopean dago.


8.- 1985ean Santurtziko Soterak Kontxa irabazi ebanetik ez dau bizkaitar trainerurik irabazi estropada garrantzitsua. Zergaitik?

Sotera, Bizkaitarra, Zierbena, Algorta... bolada ona egon zan, baina ordutik gauza asko ez dira ondo egin, arraunlaritzea ez da behar dan moduan suspertu, lagundu. Ilusinoa, lan egiteko gogoa behar dira. Bermeon eta Plentzian proiektu onak dagoz, bai, baina hortik gora?

Arraun munduan Gipuzkoa da potentzia; tradizino handia dago han, eta arraun gosea. Umetatik hasten dira arraunean, etxean horixe ikusten dabelako.


9.- Arraunean Donostiatik Castrorako bidean etorkizunaz gogoeta egiteko astia izan dozu eta Gibraltarreko estugunea eta Mantxako Kanala arraunean pasetako erronkak aitatu dozuz. Hasi zara babesleakaz hartu-emonetan?

Bai, agindutakoak bete egin behar dira. Donostiatik Castrora itsasoz, arraunean, sekula ez bezela disfrutau dot; itsasotik lurrerako ikuspegia sano ederra da, eta hor bidean zehar pentsau izan dot, urtebeteko geldialdi biologikoa eginaz, akaso, arraun mundua saneau daitekeala. Horrezaz ganera, zanetan odola daukadan bitartean arrauna gustauko jatana badakit, eta Gibraltar, Mantxa eta Ness Lakuan arraun egitea erronka politak otu jataz. Ni joan eta han munstroa baldin badago, urtengo dau edo baten batek esango dau: ‘zein ete da munstro handiagoa?’. Edozelan be, azaltzen bada, agurtuko dot.

Kontuak kontu, arraunlaritza turistikoa, familiagandik hurrago egoteko, disfrutetako egingo dot. Oraindino asti barik nabil, baina laster hasiko naz babesleakaz hartu-emonetan.


10.- Oñatitik Arantzazura ortozik, zelan ibili zara?

Egunpasa ederra izan da. Familiakoen artean egin dot igoerea ordubete eta 40 minututan; azkarrago be egin neikean, baina gustora joan gara paseoan, bide bazterrean jausita egozan sagarrak jaten eta disfrutetan. Asfalto ligorrean pasau dodaz momenturik txarrenak eta Arantzazura oinak gorrituta, berotuta, heldu naz Ibilaldiaren ostean; meza nagusia entzun eta oinutsik segidu dot jatordura arte. Ondoren, 20 lagunetik gora batu gara mahaiaren inguruan. Gauean, barriz, oinak uretan freskau eta aurrera.


11.- Datorren urtean talderen bat entrenetako aukerea erabat baztertu dozu? Ez dozu eskaintzarik jaso?

Nahiago neuke inork ez deitzea; momentu zehatzetan laguntzeko edo aholkuak emoteko prest nago, baina talde dinamikatik kanpo. Ume eta gazteakaz gustora egingo neuke lan, arraun mundura ez eze, kirol mundura bideratzeko play station eta makinak baztertu daiezan. Dana dala, lehen aitatutako proiektu horreekaz ilusionauta nago. Zurrumurruak be egon dira, baina oraingoz ez dago ezer. Eskertzekoa da baten batek eskaintzea egitea eta datozenak entzun entzungo ditut, baina aurrera egiten ez badot ez da izango gogo falteagaitik, urtebeteko geldialdi biologiko hori nahiago dodalako baino, bide batez, arraun munduko ‘txarrak’ hanka egin eta ia arraun mundua, lehengoratzen dan ikusteko.


12.- Athletic era Reala salbauko ete dira aurten?

Baietz uste dot. Talde biak maite dodaz, eta ez naz inoiz 'anti' izan. Umetan, Orion bilbotarren aldekoak ginan, kromoengaitik, Txopo aldamenekoa, Zarautzekoa zalako, ez dakit eta Bizkaira, Kaikura etorri nintzanean, barriz, mutikoei Realaren kamisetea erosi neutsen. Edozelan be, gaur egun, zeinek puntu beharrizan handiagoa izan, horrexek irabaztea gura izaten dot.

Hori bai, aurten talde biek maileari eutsiko deutsiela uste dot, hori bai, hankak lurrean jarrita egin behar da lan. Lehengo identidadea bilatu behar dogu, hau da, espiritua, grina, pasinoa, burrukea, amorrua berreskuratu behar da. Besteek baino gehiago entrenau eta bizimodu sanoa egin; gaueko 23:00etatik aurrera jokalariak nondik nora dabilzen zorrotz kontrolau...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu