Euskerea-alemana-euskerea lehenengo hiztegia plazan

Bizkaie! 2006-09-28 02:00   Euskerea berbagai

Euskerearen eta alemanaren arteko loturea uste baino sendoagoa dala ohartuta, orain dala urte batzuk gogor ekin eutson lanari Elena Martinezek. Helburua ez zan edozelangoa: euskerea-alemana-euskerea lehenengo hiztegia egitea.

Euskerearen eta alemanaren arteko loturea uste baino sendoagoa dala ohartuta, orain dala urte batzuk gogor ekin eutson lanari Elena Martinezek. Helburua ez zan edozelangoa: euskerea-alemana-euskerea lehenengo hiztegia egitea. Produktua gaur aurkeztu dabe modu ofizialean Bilbon. Prentsaurrekoan, egilea, Joxe Azurmendi eta Elkar argitaletxeko editore Txanton Zubeldia izan dira.

Filosofian eta hizkuntzalaritzan aditua da Martinez eta, Azurmendik prentsaurrekoan definidu dauen legez, ‘behargin fina, burua liburu artetik gitxitan altzetan dauen horreetarikoa’. Bidean, baina, hainbat traba topau ditu egileak, ‘batez be diru-laguntzei jagokenean; hiztegiak ez dau diru-laguntzarik jaso eta horrek azken produktua zeharo baldintzatu dau’. Liburutxua, ikustera ohituta gagozan hiztegiakaz alderatuta, txikitxua da, ‘boltsiloko edizino’ deitzen jaken horreen parekoa. Zeozelan, haserrea igarri jako egileari: ‘ideia garatzen hasi nintzanean, inor ez zan proiektuaz arduratu eta horrek adorea kendu eustan’. Azurmendik ‘ondo antolatutako hirurehun orri daukaz, beraz, ez da horren txikia’, nabarmendu dau eta Martinezek, orduan, egindako lanagaz pozik dagoala esan dau.

Hiztegia, gaurko berbaldunek gehien erabilten daben oinarrizko berbakaz osotuta dago, baita berba teknikoak be. Eta berbak zelan erabili behar diran erakusteko, azalpenak dagoz itzulpenaren aurretik, baita jakintza-arloaren zein gramatika-kategoriaren aitamenak be. Argitaletxearen esanetan, ‘lexiko normala eta teknikoa, gramatika-kategoriak, 32.400 sarrera inguru, 4.600 adibide eta esapide argigarri eta alemanezko eta euskerazko gramatika-eranskinak azaltzen dira’.

Alemana hizkuntza gatxa dala gauza jakina da. Orain arte, euskerea ikasi gura eban alemaniar batek derrigorrez behar eban hirugarren hizkuntza bat horretarako. Bardin alemana ikasi gura eban euskaldun batek. Bide hirukotx horrek gatxago egiten dau ikasketa-prozesua. ‘Hutsune hori beteteko jaio da hiztegi hau’, dino Zubeldiak. Hemendik aurrera, hiztegi honi esker, arazo hori konponduta egongo da. Bidea erraztu dau Martinezek. Orain, ikasteko gogoa baino ez da falta.

Elena Martinez Rubio Bilbon jaio zan 1957an. Nürnber-Erlangengo Universität-en eta Berlingo Freie Universität-en egin zituan Filosofia, Soziologia eta Germanistika ikasketak. Filosofian doktorea da eta Euskal Filologian lizentziaduna, besteak beste. Euskeraz gan, alemana, ingelesa eta errusiera be badakiz. Hiztegigintzan lan ugari egin ditu UZEIn eta itzulpengintzan, artikulugile legez eta liburugintzan be lan egindakoa da. Besatari alkartean hainbat libururen argitaratzailea da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu