Leizarraga eta Testamentu Barria

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2006-09-26 02:00

1512an, Nafarroako Erregeak ziran Katalina eta Juan Albretekoak euren Erreinuko Hegoaldeko lurretatik alde egin eta Pirinioez bestaldera egin behar izan eben. Aragoiko Fernando ‘Katolikoa’-ren erpeetatik igesean joiazan. Egoerea aldatuko zalakoan, Nafarroa Behereako lurretan ezarri eben euren egoitza.

1512an, Nafarroako Erregeak ziran Katalina eta Juan Albretekoak euren Erreinuko Hegoaldeko lurretatik alde egin eta Pirinioez bestaldera egin behar izan eben. Aragoiko Fernando ‘Katolikoa’-ren erpeetatik igesean joiazan. Egoerea aldatuko zalakoan, Nafarroa Behereako lurretan ezarri eben euren egoitza.

Baina urteek aurrera egin arren, ez zan aldaketarik igarten. Bien bitartean, 1517an, Enrike II.a Albretekoak hartu eban Nafarroako Erregetzea eta gero Joana Albretekoa edo Joana II.a izango zan erreginea. Hortxe batzen dira historia eta gure gaurko protagonistak: Leizarraga eta Testamentu Barriaren euskerazko itzulpena.

Leizarragaren itzulpena Joana Erregineak berak bultzatutako proiektua izan zan. Kontuan izan behar dogu garai haretan Europa osoan zehar zabaltzen joiazala Luter abadeak bultzatutako Erreformearen ideiak. Erreformeak ekarren beste gauza askoren artean, Eleiza katolikoaren abade eta gotzainen aginte eta garrantzia, testu sagraduen irakurle eta interpretatzaile modura, kolokan jarten eban Luterrek. Horregaz lotuta, abadeez gan, edozeinek eukan Biblia irakurteko eskubidea. Danek latinez ez ekienez, testu sagraduak herriaren hizkuntzetara itzuli behar ziran.

Horretan ba, Europa osoan hasi ziran, Erreformeak berak bultzatuta, Biblia eta beste hainbat testu itzultzeko ahaleginak. Luter bertakoa izanda, alemanierarako itzulpenagaz 1522an hasi ziran, frantsesera 1529an itzuli eben, ingelesera 1535ean, gaztelaniara 1569an eta euskerara 1571an, Leizarragaren eskutik.

Bere Erreinu txikian, Albreteko Joanak be erreformearen eta batez be kalbindarren onurakaz liluratuta, berehala onartu eban konfesino barria 1559an. Bere erreinuan, 1564an erlijinorako askatasun osoa emon eban, baina argi itxita bera protestantea zala eta korronte horren alde burrukatuko ebala. Hortik sortu zan handik gitxira erlijino katolikoko ospakizunak galarazotea eta, horren ondorioz, Erreinuko Gerra Zibila, 1566tik 1571ra, justu Joanes Leizarragaren Testamentu Barria argitaratu zan urtea.

1564an egin zan Pauen kalbindarraren batzar edo sinodoa. Bertan, beste erabagi batzuen artean, kalbinismoa euskal lurretan zabaltzeko erabagia hartu zan eta horretarako, lehenengo neurri modura, Testamentu Barria euskerara itzultzea beharrezkotzat emon eben. Lan horretaz Joanes Leizarraga abadea arduratuko zala erabagi eben. Bere lana ikuskatzeko lau lagunez osotutako batzordea be izentau eben.

Joanes Leizarraga Beskoitzen jaiotakoa zan. Lapurdiko herritxoa izanik, euskerea Behe Nafarroakoa eukan. Abade izanda, alde batera itxi eban erlijino katolikoa kalbindar bihurtzeko. Dakigunez, kartzelan egondakoa be bazan Leizarraga. Gero kalbindar abade lanetan ibili zan Labastide-Clairanceko herrian. Bertan hil zan 1601ean.

Leizarragak Testamentua itzultzerakoan izan ebazan lehenengo ardurak euskalkiak izan ziran, horreek ezagutu gura ebazan itzulpena zein ‘euskera’ muetan egingo eban erabagiteko. Lapurtarra hartu eban oinarritzat baina Behenafarroako eta Zuberoako euskalkiak be erabili ebazan. 1571. urtean argitaratu zan Testamentu Barria euskeraz, Leizarragaren eskutik. Euskerazko bigarren liburu inprimatua dan liburuaren lehenengo orrietan irakurten dan moduan, liburua Erreginari berari eskainia dago. Baina Erreginaren zoriontasuna hortxe amaitu zan. Liburua argitara urten eta urte batera bere Erreinua itxi egin behar izan eban Joanak.

Gero, Erreginaren semea zan Enrike III.a katoliko egin zan, 1593an Frantziako koroa jantzi ahal izateko. Eta hortxe geratu ziran Leizarragaren eta Erreginaren ahaleginak. Baina, erlijino kontuak alde batera itxita, altxor baliotsua itxi eutsen Euskal Herriari eta, batez be, euskaldunei.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu