Hamalau euskal enpresek India bisitauko dabe

Bizkaie! 2006-09-22 02:00   Euskaldunak munduan

Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Indiaren arteko esportazinoak eta inportazinoak laukoiztu egin dira 1990. urtetik, bien arteko merkataritza-hartu-emonen barruan.

Bilboko Merkataritza Ganberak bisita bat antolatu dau Indiara, irailaren 25etik 29ra bitartean, Arabako eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberakaz eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailagaz lankidetzan. Danetara, aeronautika, software, automozino, makina-erreminta edo ardaogintza sektoreetako 14 euskal enpresa joango dira.

Merkataritza Ganbera bilbotarrak jakinarazo dauenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Indiaren arteko esportazinoak eta inportazinoak laukoiztu egin dira 1990. urtetik, bien arteko merkataritza-hartu-emonen barruan.

Esangura horretan, azken hiru urteetan izandako hazkundea nabarmentzen da, esportazinoen hazkunde-tasea % 25etik % 55era doazen portzentajeetan kokatu baita. Bestalde, Indiatik eginiko euskal inportazinoak % 65 igon ziran 2002an, % 50 2004an eta % 20 2005ean.

‘Indiaren garapen geldiezinaren adierazgarri garbia da, euskal ekonomiagazko hartu-emon handiagoakaz batera’, adierazo dabe Bilboko Merkataritza Ganberatik.

Indiak % 4 eta % 9 bitarteko hazkunde-tasak izan ditu azken hamarkadan, Txinaren pausuak hurretik jarraituz, eta kasu askotan atzerriko inbertsinoen lehentasunezko helmuga izaten da. 2005ean, munduko hirugarren herrialde hartzailea izan zan, Txina eta AEBn ondoren.Gainera, Bilboko Merkataritza Ganberaren ustez, Indiak bi abantaila garrantzitsu ditu inbertsinoa erabagiteko orduan: hizkuntza (ingelesa ohiko erabilerarako hizkuntza da), eta legedia, izaera anglosaxoikoa. Bi ezaugarri horreek lagundu dabe India izatea lehentasunezko helburua nazinoarte mailako zerbitzuen atzerriratzean. Dinamismo eta proiekzino handiena daben sektoreak ondokoak dira: etxebizitzen eraikuntzea, automobilak, bioteknologiak, informazinoaren teknologiak eta osasuna. Miloe bat inguru injineru eta informatikari gazte sartu dira orain gitxi lan-merkatuko informazinoaren teknologien enpresetan, eta 150etik gora multinazionalek aukeratu dabe India (Bangalore batez be) euren I+G zentroak ezartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu