Beñat Ormaetxea: ‘Bizikleteak engantxau egiten zaitu’

Koldo Isusi Zuazo 2006-09-22 02:00   Barriketan

Aretxondo Jatetxeko sukaldari eta txirrindulari ia profesionala

Mendiko bizikletea lagun, oraintsu Pirinioak zeharkatu dabez Beñat Ormaetxeak, Asier Friasek eta Jose Antonio Merlok mutur batetik bestera (Llancatik Hondarribiara) 10 eguneko epean. Danetara, 980-1000 kilometro eta 22.700 metroko desnibela. Zeharkaldiko gorabeherak, momentu txar eta onak eta ibilbidearen edertasunaz berba egiteko, Beñat Ormaetxea Aretxondo Jatetxeko sukaldari, Bizkaie!-ko kolaboratzaile eta txirrindulari ia profesionalak ondokoak kontau deuskuz.


1.- Ibilbidea berez gogorra da baina 10 egunetan egitea gogorragoa oraindino, ezta?

Bai. Batez beste 100 kilkometro egiten izan doguz egunean eta oso gogorra izan da. Ganera, bide leunik ez dago, dana da gora eta behera eta alde fisikoan ez eze, sikologikoan be ondo preparauta joan behar da, izan be, bideari ekin eta lehenengo egunetan oraindino kilometro partidea daukazulako aurretik, tarteka galdu be egiten zaralako eta holakoetan desmoralizetea erraza izaten dalako.

Egunero, goizeko 6:00etan altzetan ginan, 7:00ak bueltan ibilbideari ekiteko. Arratsaldeko 18:00rak bueltan amaitutzat emoten genduan eguna. Bazkaltzeko ordubete inguru hartzen genduan eta tarteka mendi-lepo edo leku ikusgarrietan deskantsetako eta argazkiak atarateko geldialditxuak egiten genduzan baina gitxi gorabehera 10 bat ordu egiten genduzan egunero bizikleta gainean. Duda barik, paisaje zoragarriakaz eta mendiaz gehiago disfrutetako ibilbidea 16 bat egunetan egitea komeni da.


2.- Egunero, mendian gora eta behera 100 bat kilometro egiteko zelako preparazinoa egin dozue?

Jakina, gitxieneko preparazinoa behar-beharrezkoa da ze ondo preparauta joanda be arazoak izan zeinkez, kalanbreakaz, lesinoakaz edo erorketakaz; gu eperdiko minagaz, eperdia narrututa ibili gara estu eta larri.

Gure kasuan, Piriniotako zeharkaldira joan aurretik bizikletan 4000 kilometro eginda joan gara.


3.- Zein izan da ibilbideko momenturik txarrena edo gogorrena? Eta ederrena?

Guretzat txarrena eperdiko mina izan da; bosgarren egunean jota egon ginan hirurok baina krema batzuk emon eta zorionez hobera joan zan. Hortik aurrera, gero eta hobeto ibili ginan, etxea hero eta hurragoa sentiduten dozu eta gorputza be egin egiten jatzu erritmora eta kilometroetara.

Etapa edo bide zatirik gogorrena, barriz, Isaba eta Orreaga bitartekoa izan da niretzako; tarte teknikoak dagoz hor eta bizikletea eskuan hartuta igon beharreko zatiak be bai.

Beste alde batetik, gehien gustau jatana, akaso, Baztan ingurua izan da. Euskal Herriko basoak, berde-berde, mendi lepoetatik, alturatik ikusten dozuz eta benetan ikusgarria da. Ganera, jan be hobeto jaten da gurean eta Kataluiniako ogia tomateagaz eta holakoakaz abroziduta amaitu dogu.


4.- Bidean galdu zarie inoiz? Ze gida erabili dozue? Fidagarriak dira?

Bai. Sarritan. Baina ‘mingarriena’ 15 kilometroko igoera bildurgarria, harri artean alperrik egin genduanean izan zan, 15 gora eta beste 15 kilometro behera, danetara 30 km. alperrik. Goiz erdia joan jakun hor eta pentsauta geunkan helmugara zortzirak jota edo heldu ginan. Ahaztuteko modukoa.

Eskuliburua beti aurrean dozun arren, mendian ez dago Transpiriniar ibilbidearen seinalerik, Santiago Bideko marka hori deigarrien antzekorik eta, beraz, nahikoa erraza da galtzea. Dana dala, Jordi Laparraren gidaren 3. argitarapena erabili dogu guk eta gomendatzeko modukoa da.

Edozelan be, bidean galtzearen ‘enkantua’ probau gura ez badozue, GPSa erabiltea da onena, mapako koordenadak sartu eta aurrera zuzen. Gaur egun badira perretxikotan GPSagaz doazenak...


5.- Piriniotako tontorretatik ahalik eta hurren, asfaltoa baztertzea eta ahala dala ibilbidea bizikletea gainean egitea dira zeharkaldiaren baldintzak. Posible al da hori?

Bai. Ibilbideko % 90 inguru pista bidea da; % 8 asfalto bidetik eta % 2 bidezidorra, gehienetan oinez egiteko zatiak. Pista bideak danetarikoak dagoz, hobatxuagoak eta eskastxuagoak baina nahikoa gogorrak izaten dira ze sarritan, eski estazinoetan eskietan bajatuteko pistetan gora joan behar izaten da.


6.- Bakotxak zenbat kilo eroan dozuez? Zeintzuk dira ahaztu behar ez doguzan gauzak? Alforjak ala motxilea hobeto?

Seina kilo eroan genduzan urteera puntura. Baina gauza asko alperrik geunkazala ikusirik, herritxuetatik postaz bialtzen izan doguz etxera. Lozakuak be eroan genduzan ze hasierako ideia mendian lo egitea zan baina gero konturatu ginan ibilbidea 10 egunetan egitea eta lurrean lo egitea ez zala zentzuzkoena eta, beraz, gau bi pasau genduzan zakuan eta beste guztiak, aterpe edo ostatuetan.

Derrigor eroan beharrekoak, barriz, botikina, bizikletea konpontzeko erremintak eta zeharkaldia udan egin arren, neguko erropea. Pintxazoak eta erorketak ugari izaten dira baina guk suberte handia euki dogu, hiruron artean 6 pintxazo baino ez doguz izan, gurpilaren erradiorik be ez jaku apurtu eta jausi ez gara jausi.


7.- Jana eta edana zorrotz jagotea komeniduko da holako abenturatan. Lapikokoak ahaztu eta barrita, txokolate eta frutu sikuen alde egin dozue? Zenbat kilo galdu dozuz 10 egun horreetan?

Holako abenturatan ezin zara hasi lapikokoa preparetan, zentzunik bakoa da, pentsaizu 9-10 orduko etapak egin doguzala egunero. Guk ondo, normal gosaltzen izan dogu baina bideari ekin eta bizikletan zoazela ia-ia etenik barik jaten eta edaten joan behar zara ze bestela arazoak izan zeinkez, giharretako arazoak behar beste likido hartzen ez badozu eta gastu kalorikoaren parean edo hortik gora jaten ez badozu, makalaldiak sortzea erraza izaten da. Beraz, barritak, txokolatea edo frutu sikuak erabili doguz gasolinatzat. Etapea amaitu ostean, dutxea derrigorra zan eta afaldu normal egiten genduan.

Bigarren galdereari erantzunez, bina kilo inguru galdu doguz baina, jakina, galdu edo erre beharreko guztiak zeharkaldiaren aurreko preparazinoan erre genduzan; nahiko fin joan ginan hirurok.


8.- Oso oker ez bagagoz, parke nazionaletan ezin da bizikletan ibili...

Ordesan dagoz debekuak baina gehienbat motordun ibilgailuentzako; nik dakidala oinezkoentzako zein txirrindularientzako ez dago debekurik. Dana dala, GR-11 ibilbideko Ordesa inguruko zatia arriskutsua ei da, gidan dakarrenaren arabera behintzat eta bidezati hori errepidetik egin genduan, Broto-Torla-Ainsa-Biescas bidea, hain zuzen. Biescasen barriro sartzen zara mendiko pista eta bidezidorretan.


9.- Ibilbidearen ostean, zer hartu zenduan hobeto ohea, lapikokoa ala neska-lagunaren masajea?

Bueno, ohean egunero egiten genduan lo eta jan be, hobetotxuago edo eskastxuago be egunero jaten genduan. Beraz, masajearena, duda barik. Pentsaizu hamar egunetan ez genduan neskarik ikusi...!


10.- Cotopaxi, Toubkal, Mont Blanc, Gran Paradiso, Dom eta bestelakoetan ibilitakoa... mendizale amorratua be bazara. Hurrengo abenturea, mendian ala bizikletan?

Mendia be asko maite dot eta jarraituko dot mendira joaten, batez be neguan baina bizikleteak engantxau egiten zaitu. Nire oporrik politenak bizikleta gainean izan dira. Santiago Bidea eginda daukat, Quebrantahuesos bildurgarrian be egon ginan aurten eta Piriniotako zeharkaldiaren ostean, Argentina eta Txile bitarteko ibilbide bat preparetan gabiz urtarrilean joateko. Urtarrilean, hego hemisferioa dala kontuan hartuta, udea da bertan eta, beraz, sasoirik onena da ibilbidea egiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu