Ardaoa latan?

Imanol Sarasola Enologoa 2006-09-21 02:00   Jan edanak

Ardaogintzearen inguruko industrian dabilzanentzat ardura edo burukomin handia da non ontziratu ardaoa bezeroei ahalik eta modu erakargarrienean eskaintzeko; garagardao, gasdun edari eta destilatuakaz lehiatzeko packaging desbardin ugari probetan dabilz mundu zabalean.

Ardaogintzearen inguruko industrian dabilzanentzat ardura edo burukomin handia da non ontziratu ardaoa bezeroei ahalik eta modu erakargarrienean eskaintzeko; garagardao, gasdun edari eta destilatuakaz lehiatzeko packaging desbardin ugari probetan dabilz mundu zabalean. Beirazko kortxodun botila tradizionaletik, tapoi sintetikora pasau zan, eta tapoi sintetikotik roskadun tapara (Stelvin). Bag in box-a agertu zan, oihartzun eskaseko Tetrabrickaren ordezko ‘paketa’ bersinoa. Bestalde, marketing entrepresak eten barik lanean ari dira ardaoa lehiakide diran beste edarietatik zeozelan bereiztu daiten ontziraketan.

Kontsumitzaile gehiagorengana heldu guran, edarien arloko hainbat entrepresa antxinako ohiturak bazterrean itxi eta ontzi barrietan produktu ugari merkaturatzen hasi dira. Arrazoi asko dagoz ardaoaren ontziratzea ikertzeko, besteak beste, ontziaren erabilera errazak hurreratzen ei dauelako ardaoa eta ardaoaren inguruko kulturea gazteakana; ganera, asko dagoz kopa bat edango leukienak eta ez ostera, botila osoa gehiegi dalako. Diruak agintzen dau.

Latak arinak dira eta beira baino errazagoak dira garraiatzeko, eta hutsitu ondoren, desagerrarazoteko be errazak dira.

Aitatutako lata horreek barrualdean laka bat daukie aluminioa estaltzeko eta, era horretara, ardaoa ez dago aluminioagaz kontaktuan eta ardaoak ez dau ezelako eraginik jasaten.

Historian zehar, aldaketa gitxi izan dau ardaogintzeak. Ontziraketa barria erosotasunaz gan, pertzepzino aldaketan eragiteko ezaugarria be izan daiteke. Berbarako, vodka Ice Smirnoff Diageokoa, 1999an botilaratu zan lehenengo aldiz eta gizon askok uko egin eutsien ‘emakumeen edaria’ zalakoan. Urte eta erdira, Diageo Erresuma Batuan saltzen hasi zan, aluminiozko lata dotoreetan logo baltz bategaz eta ordutik, marka honek prestigio handia dauka gizonen artean. Arlo honetan aintzindari izandako Jaime Traversek Iron Wine sortu eban, Argentinan latan ontziratutako lehen ardaoa eta gazteei zuzendua. Chenin Blanc eta Malbec-Cabernet izan ziran latarako ardaoa egiteko Iron Winek aukeratu zituan mahats muetak. Egurrezko barriketatik pasetan ez diran ardao gazteak dira. Ardaook izan eben arrakastea sekulakoa izan zan eta 30 herrialde baino gehiago jarri ziran hartu-emonetan egileakaz. Brasil, Chile, Colombia, eta Estadu Batuak izan ziran lehenengoak latako ardaoa erosten, baina baita Errusia edo Ugandak be erakutsi eben interesa.

Azken buruan, gaur egun egunetik egunera ardaoaren kontsumoa behera doa eta egoera hori aldatu guran, ardaoaren industrian, arlo desbardinetan eta, batez be, ardaoaren ontziraketearen arloan egiten diran ikerketa guztiak oso garrantzitsuak dira, beti be, kalidadeari eutsiz eta merkatu tradizionalean eragin barik.

Azkenik galdera bat: ikusiko ete dogu inoiz Bizkaiko Txakolina latan? Badirudi, oraingoz ez dala beharrezkoa!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu