LanHitz, beharlekuetan euskerearen presentzia eta erabilerea indartzeko ekimena abian

Bizkaie! 2006-09-21 02:00   Euskerea berbagai

Gizarteko hainbat esparrutan euskerearen erabilerea sustatzeko indarrean dagozan ganerako ekimenakaz buztartu nahi da lan-mundua.

Lan munduan euskerearen presentzia urria dala ikusirik, Eusko Jaurlaritzearen eta enpresaburuen alkarteen arteko akordioa tarteko, Jaurlaritzeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudel, EAEko udalen alkarteak aurkeztu eben atzo LanHitz. Enpresatan euskera-planak abiarazoteko erraztasun handiak dakarz LanHitz programa aurkeztu barriak. Lan-mundua da eskolearen urteera natural eta ohikoa, baina eskolan euskaldundu dan gazteak euskerarik bako edo euskera gitxiko lan-mundura egin behar izaten dau salto eta eskolak euskaldundutakoa ez daiala lan-munduak erdaldundu, horixe da asmoa. Gizarteko hainbat esparrutan euskerearen erabilerea sustatzeko indarrean dagozan ganerako ekimenakaz buztartu nahi da lan-mundua.

Kontuak kontu, enpresa bakotxak erabagiko dau, euskera plan bat martxan jarri nahi dauen ala ez, zein helburu jarten dituan, zein erritmotan lortu nahi dituan helburuak, zenbat diru bideratzen dauen lan horretara eta abar.

Enpresa bakotxak bere plan propioa izan dagian, LanHitz-ek aholkularitzea eta diru laguntzinoak eskainiko ditu eta, horrezaz ganera, tresna metodologiko bat jarriko da enpresen esku: Erreferentziazko Marko Estandarra. Zer da Erreferentziazko Marko Estandarra? Euskera planak garatu gura dabezanei helburuak zehazten eta plana aurrera eroaten laguntzeko metodologia bat. Euskera planak kudeatzeko tresna informatikoak izango dabez euskera planak diseinetako, jarraipena eta ebaluazinoa egiteko. Euskalduntze eta alfabetatze modulu bereziak eskainiko jakez HABEren eskutik. Lan-munduko terminologia eta esapide propioez eta agiriez osoturiko banku telematikoa eskainiko jake. Ganera, 012 telefonoa be izango dabe, baita web-gune propioa: www.euskadi.net/lanhitz

Atzoko aurkezpenaren ondoren, hitzarmena sinatuko dau gaur Eusko Jaurlaritzeak ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuakaz. Eusko Jaurlaritzako eta sindikatuetako ordezkariak bat etorri dira akordioaren garrantzia azpimarratzerakoan, ‘lan munduan dabiltzan guztien ardurea eta inplikazinoa behar ditualako euskereak esparru soziolaboralean benetako aurrerapausuak egiteko’.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu