Argia ikusi dau Ardotxiren ‘Mentxakaren aitorpena’ liburuak
2006-09-14 02:00 KultureaErrealidade nobelatu legez definidu daiteke liburu hau: 1971n egile eta protagonistea atxilotzen dabenean hasten da, eta polizia-etxeko itaunketak irauten dauen bitartean garatzen da.
Errealidade nobelatu legez definidu daiteke liburu hau: 1971n egile eta protagonistea atxilotzen dabenean hasten da, eta polizia-etxeko itaunketak irauten dauen bitartean garatzen da: batetik, galdeketearen inguruko kontuak agertzen dira (informazinoa lortzeko golpe eta torturak, zer esan eta zer gorde atxilotuak egiten dituan kalkuluak, bere benetako nortasuna ezkutatzeko asmetan dauen estrategia abila…); bestetik, barriz, flash back ugarien bitartez, gainbegiratua emoten deutse bere bizitzari oro har eta burruka-urteei batez be.
Polizi-nobela baten erritmoa eta jakin-mina lortzen ditu eleberriak, eta hori da bere dohainetako bat; ez bakarra, ze, aldi berean, garaiaren lekukotasun aparta emoten deusku: orduko burruka politiko, sozial eta ideologikoak ezagutuko ditugu lekuko zuzen baten eskutik, baita 60ko eta 70eko giroaren barri jaso be: gaurkoaren aldean oso diferentea, baina gaurkoaren ernamuina, zentzu askotan.
‘Ardotxi’-k liburu bat itxi eban erdizka egina: ‘Mentxakaren aitorpena’. Lehen bertsino bat gaztelaniaz idatzi eban; gero euskeraz berridazten hasi zan, eta horretan ari zala emon eutson zoritxarreko bihotzekoak. Orain, haren lagun-talde baten bultzadeari esker, Rafa Egigurenek hartu dau guztia txukuntzeko eta atontzeko lana.
Jose Ramon Goikoetxea Sorondo(Andoain, 1948-Donostia, 2005) gazterik hasi zan burruka politikoan: 1968an atxilotu eben lehen aldiz jaioterrian, kartzelatik urten eta laster, Iparraldean errefuxiatu zan. 1971ko martiaren 7an atxilotu eben barriro, Bilbon, ETA VI. Asanbladako beste kide batzuekaz batera eta hainbat urte emon ebazan kartzelan Franco hil arte. Euskal Herrira bueltau zanean, ETA VI.ean hartutako konpromisoari jarraipena emon eutson LKIn. Egin egunkarian kazetari izan zan, lan eta ekonomia-arloan, eta hortik LAB sindikatura pasau zan, Iraultzen aldizkariaren arduradun moduan.
Informazino gehiago:http://www.goiena.net/blogak/ardotxi
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!