Joseba Garmendia: ‘Sentimentu sakonak mobiduarazoten gaitu’
2006-09-11 02:00 BarriketanIgazko denporaldian Athletic B taldean goleatzaile nagusia (22 partidutan 11 gol) izan ostean, Athletic talde nagusian debutau dau aurten basauritarrak, San Mamesen Realaren kontra. Hogei urte baino ez daukaz. Erdilaria da izatez baina sarri aurrera egiten dauena. Julen Guerreroren 8 zenbakia daroa lepoan eta sekulako erantzukizuna. Athletic taldearen orain arteko emoitzak (Athleticek 1 Realak 1 eta Betisek 3 Athleticek 0), debuta, aurtengo Athletic, helburuak eta ganerako gorabeherak aztertu doguz Joseba Garmendiagaz.
1.- Orain hiru urte Baskoniako jokalaria zinan eta igaz 11 gol sartu zenduzan Athletic B taldean. Sekulako progresinoa izan da zurea. Bildurrik edo bertigorik sentidu dozu?
Bai, esan dozun legez, 11 gol sartu nituan eta pozik egoteko moduko datua izan arren, denporaldia ez zan lar ona izan niretzako ze ia denporaldi erdia lesionauta egon nintzan. Edozelan be, pozarren nago orain Athletic talde nagusian sartzea lortu dodalako eta, ganera, ez dot igarri bertigorik edo bildurrik; gogo biziz ekin deutsat lanari eta bertigoa baino gehiago erantzukizun handia sentiduten dozu, hau beste mundu bat dalako, jente asko daroazulako atzean eta sentimentu sakonak mobiduarazoten gaitualako.
2.- Zer sentidu zenduan debut egunean?
Deskribidu edo azaldu ezina da San Mameseko bedarra zapaldu nebaneko momentua. Athletic talde nagusian jokatzea amesa izan da niretzako txikitatik eta bete dala jaubetu nintzan. Bedarra zapaldu eta milaka lagunen txalo zein oihuak barruraino sartzen jatzuz, oilo-ipurdia jarri jatan. Egoera horretan, gatxa da konzentretea. Di-da pasetan dan momentua da baina parekorik ez daukana. Poza, emozinoa sentidu nituan eta nire bizitzako momenturik onena izan zala esango neuke. Ganera, lehen be esan deutsut, momentu horretan senitarteko, lagun zein lagundu deustien guztiengaitik poztu nintzan.
3.- Athletic talde nagusian jokatzea amesa zan zuretzako. Amesa hain gazterik lortuta, orain zer, zein da zure erronkea?
Heldubarria izanda, taldean lekua hartzea da nire erronka nagusia eta, jakina, taldeari ahalik eta ekarpen handiena egitea. Horrezaz aparte, badakit oraindino asko daukadala ikasteko eta hobetzeko baina horretarako prest nago. Aldagelan, ganera, giro ezin hobea bizi dogu gazte eta beteranoen artean eta nik uste dot ez dodala inon topauko hemengo laguntasun eta girorik.
4.- Gaztea da gaur egungo Athletic. Etorkizuna bermatuta dago baina aurten, arazoak izan daitekez lehen maileari eusteko? Zein da taldearen aurtengo helburua?
Igazkoa ikusita, normala da jenteak momentu txar horreek gogoan izatea baina nik uste dot plantila orekatua daukagula eta aurten ez dogula estutasunik pasauko. Talde legez funtzionetea lortu behar dogu. Lehen maileari eustea da oinarrizko helburua baina horregaz ez gara konformetan, sailkapenean gora begira gagoz danok.
5.- Garaipen gosea eta ilusinoa aitatu ditu Felix Sarriugartek eta Athleticek onenen artean egon behar dauela. Jabier Clementek, barriz, Athletic bigarren mailan ikusten dau...
Azkenean, taldea barik direktibea kritikau ebala uste dot baina bakotxak bere eretxia dauka eta hor ez dago sartzerik. Askatasuna dago pentsetan doguna esateko eta, jakina, norbera da esandako berben erantzule bakarra. Inork esandakoakaz bat etorri ala ez, bidezkoa da baina errespetua da giltza eta ahal dala inor ez mintzea.
Guk, barriz, gure ideia eta helburuak argi doguz eta horreek lortzeko egingo dogu lan eta ez gara nahastau behar besteen eretxiakaz.
6.- Sarriugartek ondo ezagutzen zaitu eta zeuk be ondo ezagutzen dozu bera. Zelako entrenatzailea da Felix?
Jokalari guztiek dana emotea gura izaten dau eta oso zentratuta dago beti bere lanean. Milaka buelta emoten deutsoz gauza guztiei eta berba baten esateko perfekzionistea dala esango neuke. Lan egiteko beti dago prest eta gugaz oso zorrotza da baina alkarrizketarako be jarrera zabala dauka.
7.- Julen Guerreroren 8 zenbakia zama izango da zuretzako ala bizigarri?
Ez da zama inondik inora. Julen miretsi baino gehiago, Julen maitatu egin dot eta Julen, nire idoloaren 8 zenbakia hartzea ohore handia izan da niretzako. San Mamesen debutau aurreko minutuetan, aldagelan Juleni esan neutson 8a eroatearena niretzako inplikazino sentimentala eukala. Erantzukizuna be bada baina oso motibagarria da Julenen zenbakiagaz jokatzea.
8.- Zer da Athletic zuretzako?
Athletic nire bizitza da. Beti euki dot eta daukat buruan Athletic. Ganera, Athleticen fiilosofiagaz bat nator bete-betean, ez dot imajinetan kanpotarrez betetako Athletic. Nire eretxiz, betirako gorde beharreko filosofia da, izan be, horixe da besteakandik bereizten gaituana.
9.- Komunikabideen ‘erasoak’, kritikak, presinoa, persona ezaguna izatea... Hasi zara eliteko kirolaren alde hori ezagutzen ala sufriduten?
Txikitatik nago Athletic-en eta herriko jenteak ezagutzen nau talde nagusira heldu aurretik be. Ganera, Jupp Heynckesek lehenengo taldeagaz partidu batzuk jolasteko deitu ninduan eta apurka-apurka gero eta ezagunagoa zara. Jakina talde nagusiko jokalaria izanik, begirada asko dozuz gainean beti baina oraingoz, behintzat ez dot holako presinorik igarri, maila personalean behintzat. Hori bai, telebista, irrati eta prentsaren jarraipen txikiagoa egiten dot orain, gurago dot nirean zentrau eta besteek esaten dabena baztertu.
10.- Bost urte barru non ikusten dozu zure burua?
Buruan beti daukat Athletic. Nire ustez, egiten dozun gauza guztietan sentimentua, inplikazinoa behar-beharrezkoa da eta horregaitik ez dot nire burua beste talde batean ikusten. Egia da futbolean gaur egun gauzea ez dagoala erraz eta, beraz, subertau daitekeela beste nonbaitera joan behar izatea baina nik gogor egingo dot lan sentimentuagaz eta inplikazino bereziagaz Athletic-en jarraitzeko.
11.- Euskerearen presentzia zelakoa da aldagelan?
Nik uste dot nahikotxu egiten dala euskeraz aldagelan, egia da gehiago egin geinkeala baina bueno; asko gara euskaldunak eta apurka-apurka gaztelaniari lekua irabazten goaz. Polita izango litzateke inoiz plantila osoa euskalduna izatea.
12.- Futbola, Athletic da zure bizitza baina futbolaz aparte zeintzuk dira zure zaletasunak?
Futbolak beteten ditu nire ordurik gehienak. Lezamatik kanpora, ordu libreetan anaiaren edo lagunen partiduak edo entrenamentuak ikustera joaten naz eta horrezaz gan, kalean, lagunakaz egotea gustetan jat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!