Balearetako ardaoak: mediterraneo inguruko ezezagunenak

Imanol Sarasola Enologoa 2006-09-08 02:00   Jan edanak

Binissalem eta Pla i Llevant jatorrizko izendapeneko ardaoak, Ibizako ardaoak, mahai ardaoak eta inguruetan, Formenteran esaterako, ardaogintzan sortzen ari diran ekimen barriek nabarmentzen dabe Balearetako ardaogintzea hazten ari dala.

Ardao eder batzuek erakusten dabe Baleareak ardao produkzinorako lurralde oparoak dirala. Besteak beste, Binissalem eta Pla i Llevant jatorrizko izendapeneko ardaoak, Ibizako ardaoak, mahai ardaoak eta inguruetan, Formenteran esaterako, ardaogintzan sortzen ari diran ekimen barriek nabarmentzen dabe Balearetako ardaogintzea hazten ari dala.

Egia esan, historian zehar, Balearetako ardaoek bolada emonkorrak izan dabez. Esan izan da, bertako produkzinoa kontuan izanik, gehiegizko prestigioa be izan ete daben inoiz; berbarako, aitatutako Banyalbufareko malvasia-ren kasua, izan be, XIX. mendean gorte austro-hungaroan ardaorik preziatuena izan zan.

Opatsu edo emonkorrak ez eze garai larriak be bizi izan ditu ardaogintzeak Balearetan. XIX. mendearen amaieran, filoxerak Europako lurralde asko hondatuta itxi ebazanean, Balearetan nabarmen egin eban gora ardaogintzeak. Palma de Mallorcako portua, Porto Colon eta Marsellako portuaren artean, sekulako merkataritzea sortu zan garai horretan; Mallorcako islan mahasti landatuen eremua 30.000 hektareakoa zan, eta gaur egun mahastirik landatuta ez dagoan arren, Menorcaraino be zabaldu zan. Bolada oparoa izan zan, urtero 50 miloe litro ardao itsasontziratzen ziran bertatik Penintsula eta Frantziarantz.

Beste alde batetik, ardaogileek ez eben jakin garai oparo hori aprobetxetan, bertako ardaogintzea zaindu, merkatua sendotu eta hango ardaoen kalidadea eta prestigioa zabaltzen. Izan be, 1891ean filoxera heldu jakenean ugartera, ardaogintzeak hondoa jo eban epe laburrean eta ez da errekuperau oraintsu ekimen barriak abaiarazoten hasi diran arte. Mahastiak berlandatzen hasi ziranerako berandu zan, eta bertako baserritarrek, payesek, euren kontsumorako behar ebena baino ez eben landatzen. Ardaoaren krisiak ugartetik joan beharra be ekarri eutsen asko eta askori, itzelezko emigrazinoa izan zan.

Gerora, turismoaren eskaerea dala eta, ardao kontsumoak gora egin eban isletan baina, bertako ardaogileek egindakoa baino merkeago erosten eben ontziratu barik hango fabrikaren batek edo bestek penintsulan. Kontuak kontu, eta paradogikoa bada be, bertan ardaoa kontsumiduten zan baina bertako ardao produktoreek porrota bizi eben eta ingurualde batzuetan ia-ia desagertu be egin ziran. Kooperatibak be zarratzen joiazan eta horren erakusgarri da Felanitx kooperatibea, azkenetarikoa izan zan zarratzen, 1990ean hain zuzen be.

Halan da be, Balear aldeean be, heldu da bodegetako teknologien barriztaketea, eta horregaz batera, tradizinoan bertakoa ez dan ardao zuriaren produkzinoa, bertakoa izan ez arren hara joaten ziran turista alemaniarrek gehien eskatzen ebena zalako. Bodegak modernizau egin ziran beraz baina, mahasti bariedadeei dagokienean, bertako bariedadeak ikertu ez eta bariedade hobegarriak deiturikoak, besteak beste, Cabernet Sauvignon eta Chardonay, ekarten hasi dira.

Catalunyako eskolan trebatutako tekniko gazteek, barriz, arreta handia jarri deutse ardaoari ez eze, baita mahastiari be, eta badirudi bertako mahastietako ardaoek ez deutsela zor ezer kanpoko mahastietan egindako ardaoei. Are gehiago, gaur egun bigarren honeek, bertakoen osogarri baino ez ei dira.

Gaur egun, Calleteta Manto Negro mahasti motak aztertzen ari dira eta islako ardaorik onenak sortzen ari dira, aitatutako bariedadeak bakarrik edo beste bariedaderen bategaz nahastean, berbarako orain Mediterraneo aldean oso modan dagoan baltzagaz, Syrah frantziarragaz.

Labur-zurrean, Balearetako ardao produkzinoaren zati handiena Mallorcak hartzen dau eta bertan jatorrizko izendapen bi dagoz: Binissale-Mallorca eta Pla i Llevant de Mallorca. Horrezaz gan, badagoz beste batzuk oso preziatuak diranak gainera, sarritan, aitaturikoak baino gehiago baina araudiak aitatzen dituan izendapenetatik kanpo dagozalako edo ardaoen lurraldetik kanpo egoteagaitik edo beste, mahai ardao legez merkaturatzen diranak. Azken honeen artean ei dagoz isletako ardaorik onenak.

Mallorcatik aparte, Menorcan be zeozertxo landatzen da mahastia eta Ibizan be badago ingurualde bat, lurraldeko ardaoak deiturikoak produziduten dituana. Eta azkenik, Formentera aitatuko neuke; oraintxe ekin deutse ardaogintzeari, 15 bat hektareako lursail bat dago landatuta eta bodegea egiteko proiektua be martxan dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu