Etxepare Euskal Institutua: euskerea eta euskal kulturea munduan zabaltzeko
2006-09-05 02:00 Euskerea berbagaiEuskeraz argitaratutako lehenengo liburuaren egilea, Beñat Etxepare, omendu gura izan dabe, Etxepareren ‘Euskara, jalgi hadi mundura’ esaldiagaz bat eginik.
Euskera eta euskal kulturea munduan zabaltzeko ardurea izango dau Etxepare Institutuak. Erresuma Batuko British Council, Alemaniako Goethe, Espainiako Cervantes edo Kataluniako Ramon Llull erakundeen antzeko ezaugarriak eta helburuak izango ditu. Pasa dan barikuan EAEko Gobernu Kontseiluak lege egitasmoa onartu eban eta Eusko Legebiltzarrak Etxepare Euskal Institutua sortzeko lege proiektua datorren urteko udea baino lehen onartzea espero dau Miren Azkarate Kultura sailburuak.
Aitatu erakundea eratzea Kultura Sailak legealdi honetarako eginbeharren artean egoan baina izena bera joan dan astelehenean jakinarazo eban Jaurlaritzeak. Euskeraz argitaratutako lehenengo liburuaren egilea, Beñat Etxepare, omendu gura izan dabe, Etxepareren ‘Euskara, jalgi hadi mundura’ esaldiagaz bat eginik.
Miren Azkarate sailburuak aurreratu dauenez, Etxepare Euskal Institutuaren egoitza nagusia Donostian egongo da.
Etxepare Institutuak gaur egun euskal kulturea eta hizkuntzea nazinoartera eroateko Azkarateren departamentua bultzatzen ari dan zenbait ekimen bere esku hartuko ditu. Hor egongo dira Gure Artea sariak, literatur ferietara egiten diran bidaiak edo euskerea irakasteko Europako eta Amerikako hainbat unibersidadegaz sinatu dabezan hitzarmenak; daborduko hamahiru unibersidadek sinatu dabez itunak eta martxan dabez irakurle programak, eta aurten beste hiru gehituko jakez.
Aurreikusitakoaren arabera, Kultura Sailari lotuta geratuko da erakunde barria. Berezko gaitasuna eta izaera juridikodun zuzenbide pribatuko herri erakundea izango da. Patronatu batek, zuzendaritza kontseilu batek eta zuzendari batek kudeatuko dabe. Patronatuan 31 kide izatea aurreikusita dago eta EAEko lehendakaria izango litzateke ohorezko presidentea. Kanpo harremanetarako, Kulturako, Hezkuntzako, Hizkuntz Politikako eta Ogasun eta Herri Administrazinoetako ardurea daben departamentuek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ordezkari bana izango leukie. Ganerako hogei kideak euskal letra, filologia eta kultureagaz lotutako lagunak izatea nahi dau Jaurlaritzeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!