Kepa Junkera: ‘Musikearen alde kontzeptuala lantzen dot’

Saioa Torre Gereketa 2006-09-04 02:00   Barriketan

Mundu osoan zehar egindako bidaietan ezagututako uriak gogora ekarri eta Hiri diskoan jaso ditu trikitilari barritzaile bilbotarrak.

Bilboko zarateak inspirau arren, Busturiko Oliene baserrian topau dau lasaitasuna Kepa Junkerak. Han, paraje parebakoan, mundu osoan zehar egindako bidaietan ezagututako uriak gogora ekarri eta Hiri aurkeztu barri dauen lana osotu dau. Proiektu unibersal legez definiduten dau, orain arte egin dauen diskorik helduena dala dino. Horren eta beste kontu askoren ganean berba egiteko, zitea egin dogu Junkeragaz.


1.- Urte bi emon dozuz konposizino eta grabazino lanetan. Diskoa zure ibilbideko helduena dala dinozu. Zer da Hiri?

Maren, K eta Athletic Bihotzez lanakaz eta Ibon Koteronentzat egindako produkzinoagaz batera, disko honen ziriborroak izango ziranak egin nituan. Zatika egiten dot lan, egunero. Baina ez dot inoiz behartuta egiten. Kantak edota ideiak zatika lantzen dodaz eta, gero, argitaratu gura dodan proiektua hurreratzen doan heinean, zati horreek lotzen hasten naz eta gehiago garatzen dodaz. Hor hasten dira kantak formea hartzen.

Azken urte biak emon dodaz disko honetan lanean baina aurretik hasi neban proiektua. Aurreko danak amaituta, buru-belarri sartu nintzan eta teknologia barriei esker, protools sistemeagaz, etxean egiten dodana grabau, disko gogor batean estudiora eroan eta bertan zabaltzeko aukerea daukat, estudio profesionalean. Aurretik egin dodazan diskoetan hori ezinezkoa zan. Antzeko zeozer egiten neban baina ez holako kalidadeagaz. Orain, Hiri diskoko kolaborazinoak hainbat lekutan grabau dodaz sistema horri esker. Gero, Arantzazun daukagun estudioan batu doguz eta batzuk Elkarren estudioetan be bai.

Alde bisuala be landu dot, alde kontzeptuala. Kontzeptu globalak egiten dodaz beti, ez bakarrik kantak. Beti noa lengoaia bat topetan, musikeaz gan ekarpentxua egin gura dot. Inoiz ez dot estilo edo modarik kopiau. Neure markea jartzen deutset kantei eta musikearen alde kontzeptuala lantzen hainbat ordu pasetan dodaz. Formea emoten deutset kantei. Uriko musikaria naz, orain baserri giroan bizi arren. Niri uriak asko eragin deust eta hori Hiri diskoan igarten da. Azalean hasten da hori igarten, kontzeptu minimalistak dagoz eta argazkietan ia zehaztu ezineko urien bazterrak agertzen dira.


2.- Lehenengo kanta legez diskoaren izen bera daroan ‘Hiri’ aukeratu dozu, orain arte kanta alaiagoakaz hasi izan arren.

Ez da egon aparteko arrazoirik horretarako. Orain nagoan mundua oso ondo islatzen dau kanta horrek baina diskoan kanta alaiagoak be badagoz. Hiri kantea hainbat soinu eta giroren nahasketea da, txalapartea, trikitixea, ahotsak... Oso ondo erakusten dau diskoaren arimea.

Nire mundua oso zabala da. Kantetan hainbat kontraste dagoz, 71 minutuan horretarako astia dago eta! Bat aukeratu behar da eta Hiri kanteak ondo laburbatzen dau diskoa.


3.- Oraingoan be, hainbat kolaboratzaile izan dozuz.

Oso jente interesgarriak hartu dau parte diskoan, musikari brasildarretatik napolitaniarretara. Hizkuntza asko entzun daitekez diskoan, euskerea, gaztelania, bulgarierea, napolitaniera... Diskoa collage bat da. Orain arte egin dodan diskorik landuena da eta neure zilua dauka. Aurekoek be euki eben baina hau helduagoa da. Urteakaz, hausnartzen ikasten dozu eta azken emoitza hasiera batean pentsautakora hurreratzen da, beti be musikeak eta kolaboratzaileek eskaintzen deutsuezan sorpresakaz. Askotan, nobedade horreek gonbidatuek sartzen ditue, zuk bide batetik jo gura izan arren eurek beste batetik eroaten zaituelako.


4.- Kantek ikus-entzunezko arloa be izango dabe bideoklipei esker...

Bai. Kanten izen bakotxa uri edo leku batena da eta ‘Hiri’ kantea zentroa dala esan daiteke. Leku horreetan topau dot inspirazinoa. Ataun, Buenos Aires, Nagoia (Japonia), Napoli, Iurreta... Bideoak hainbat lekutan grabau dodaz, Gernikako merkaduan, Bilboko errekan, San Ferminetan... Kantearen izenean aitatzen dan lekua ez da zertan jagokon bideoklipean agertu. Diskoko argazkiakaz be gauza bera pasetan da. Ia kokatu ezineko lekuetan atarata dagoz; askotan, leku bat New York dala emon arren, Bilbo da, baina Busturia be izan eitekean.


5.- Non ikusiko doguz bideoklip horreek?

Urte amaieran Euskal Telebistan ikusiko dira eta ostean, akaso, DVD formatoan atarako doguz. Oraingoz diskoagaz eta kontzertuakaz nahikoa daukagu.


6.- Azken hamar urteotan kanpoko diskoetxeakaz lan egin ostean, etxera zatoz bueltan eta Elkarregaz atara dozu Hiri...

Orain dala hogei urte, hasi nintzanean, Elkarregaz hasi nintzan. Gero, Madrilera joan nintzan munduko musiketan aditua zan diskoetxe batera eta horri esker hainbat lagun ezagutu nituan. Gero EMI etorri zan eta niri interesgarria egiten jatan multinazional bategaz behar egitea. Orain, Elkar momentu onean dago eta ni erronkeari gogor eusteko gogoz nator. Ganera, proiektu berezia da, diskoaren estetikeak berak orain arte mueta honetako musiken diskoetan ikusitakoa apurtzen dau. Beraz, aurretik hilabete interesgarriak datoz eta aldaketea onerako izango dala uste dot. Askotan, joan-etorriko bidaiak dira onenak.


7.- Barria da Lagun Aro lako enpresa pribadu batek musika-proiektu bati diru-laguntzinoa eskaintzea...

Mueta honetako proiektuetan ezinbestekoa da laguntzinoa. Ganera, hainbat enpresa dagoz ekimen kulturaletan parte hartzeko prest. Hiri diskoaren ezaugarriak kontuan hartuta, proiektua karua dala esan geinke. Horregaitik, Elkarrek laguntzinoa behar izan dau eta Lagun Arogaz oso ondo moldatu da. Niri mesede handia egin deust horrek, proiektua gehigo garatu ahal izan dodalako.

Kulturearentzat ate interesgarria dala uste dot. Kanpoan asko ikusten da eta hemen, erakusketetan eta kontzertuetan, baita; baina musikari euskaldunen artean ez. Horrenbeste disko saltzen ez dan garaiotan laguntzino handia eskaini ahal dabe enpresa pribaduek.


8.- Getxo zita berezia da zure ibilbidean, bertan hainbat disko aurkeztu izan dozuzalako eta Hiri be han entzungo da lehenengoz zuzenean. Zergaitik?

Maren diskoa han aurkeztu neban eta hainbat taldegaz egon naz bertan. Antolatzaileak oso bereziak dira eta beti egon dira adi nigaz. Euren programazinoari esker asko ikasi dot eta inspirazino-iturri asko ezagutu dodaz. Askotan, Bilbo lako uri batean ikusitako kontzertuak baino hobeak izan dira bertakoak. Beti dagoz gauzak egiteko gogoz eta festibal asko daukiez, folk, jazz, blues, habanerak... Ganera, oso ondo antolatuta eta errotuta. Horregaitik, diskoaren aurkezpen eguna folk festibalagaz bat etorriko zala ikusita, aurkezpen-kontzertua bertan egiteko proposamena egin geuntsen eta gogotsu onartu eben. Esfortzu berezia egin dabe, konbidau piloa egongo diralako.


9.- Aurkezpen kontzertuakaz hasiko zara laster eta Gipuzkoan, Katalunian edota Andaluzian jo ostean, itsasoaz bestalde joango zara, Ameriketara, Uruguay, Argentina, Txile... New Yorken be izango zara. Beti eduki dozu lotura zuzena euskal diasporeagaz baina gurago dozu zure musikea mundu osora zabaltzea?

AEBetan igarri neban diasporeak jarraitzen eustala. Nevadak harritu eustan gehien. Hemengo errealidadea han ikustea berezia egin jatan. Inspirazino-iturri legez erabili dot hori eta emozinoz beteten nau.

Baina nire helburua ez da diasporearentzat berenberegi jotea. Nire helburua musikea mundu osora zabaltzea da, nik mundu osoko musikea entzuten dodan heinean. Madagaskarreko talde baten jarraitzailea naz, ni bertakoa izan ez arren. Neure lana be edonon entzutea gura dot.


10.- Hiri diskoa hainbat herrialdetan zabalduko da, Britainia Handia, Benelux, Italia, Japon eta beste hainbestetan. Ohartzen zara gure mugetatik kanpora dozun oihartzunaz?

Kontuan hartu zabalkunde lar ez dauen musikea dala eta, hortik abiatuta, tartetxua badaukadala uste dot. Mundutxu horretan, zirkuitu batean sartuta nago. Japonian, berbarako, asko gustetan jake nire lana. Egia esan, japoniarrei kanpotik datorren edozer gustetan jake, zeltiar musikea, trikitixea, tangoa... Horretarako, bereziak dira kultura horreek, kanpotik datorren dana bereganatzen dabe eta asko interesetan jakez beste herrialde batzuetako berezitasunak.

Hasieran, kanpokoen erantzunak harritu egiten zaitu baina urteek aurrera egin ahala merkadua ezagutzen dozu eta aurreretxiak albo batera itxita, herrrialde bakotxaren irudi propioa egiten dozu.

Hemen, dana dala, beti pentsetan dogu trikitixea bertokoei bakarrik gustetan jakula, guretzat dala edota euskalduna izan behar dala entzuteko. Eta hori ez da holan. Zergaitik ez jako gustauko sormenezko lan bat Albaceteko bati? Gustetan jatzu, bai ala ez, baina jatorriak ez dauka zerikusirik. Intuizino musikalari egin behar jako kasu, ez jatorriari.


11.- Konposizinoez eta kontzertuez gan, hainbat proiektutan sartuta zagoz eta, tartean, Ibon Koteronegaz Bilbon sortu dozun Lur Soinuak musika-eskolea dago. Ikasturtea hastear dagoala, ze berezitasun nabarmenduko zeunskie eskoleari eta ikasleei?

Etorkizunera begira dagoan proiektua da. Bilboko Alde Zaharrean dago musika-eskolea eta, eskolak emoteaz gan, eraikinean bertan entseguak egiteko be balio dau. Orain ez daukat denpora lar baina bihar-etzi denpora gehiago eskini gurako neuskio. Musikea lantzen erakusten da eta hainbat musika-tresna ikasteko aukerea eskaintzen dogu, baita albokan, txalapartan edota trikitixan espezializetako be. Umeei zuzendutako ikastataroak be badagoz.

Bestalde, Musikene goi mailako musika eskolan Euskal Musikea hautazko irakasgaiaren irakaslea be banaz. Nire ikasleek jazz eta musika klasikoa jorratzen dabe. Asko gustetan jat eskolak emotea, batez be ikasle gazteei. Badakit, ganera, bihar-etzi bete-betean sartuko nazala irakasle lanetan. Izan be, hau guztia konpartidu egin behar dot, ezin dot niretzat gorde. Irakaskuntzan, neure ideia propioak daukadaz, nahiko apurtzaileak; autodidaktea nazala kontuan hartuta, neure metodo propioak daukadaz irakasteko. Ikastea ez dot obligazino legez ikusten, nonork zeozer egiteko esan arren, norberak ez badau gura, ez dozu egingo. Hau nire bizia da, nik ez dot egunean 8 orduz behar egiten. Lotu barik nabil gauzatxuak egiten, ia opor barik eta ordutegirik barik.


12.- Zelan doa Bizkaitarren koplak diskoa?

Amurizagaz nabil alkarlanean. Proiektua aurreratuta dago eta Hiri diskoko Tbilisi kantea disko horretakoa da. Aurrerantz egiten dogu, bai, baina nire ideiak Amurizak hasiera batean pentsau ebana baino harago doaz eta horreek garatzeko denporea behar dogu. Baina indarrez gabiz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu