Jantzan bizitako gizona
2006-08-28 02:00 KultureaHilebete baino gehiago da Euskal Herriko jantzaririk handienetakoa hil zala, eta, berandu baino lehen, haren izena gogoratzera gatoz gaur. Pirmin Aldabaldetreku Arruti deitzen zan, baina Pirmin Treku izenagaz pasauko da baletaren historiara. Garagarrilaren 13an hil zan Donostiako erietxe baten, 76 urte zituala.
Hilebete baino gehiago da Euskal Herriko jantzaririk handienetakoa hil zala, eta, berandu baino lehen, haren izena gogoratzera gatoz gaur. Pirmin Aldabaldetreku Arruti deitzen zan, baina Pirmin Treku izenagaz pasauko da baletaren historiara. Garagarrilaren 13an hil zan Donostiako erietxe baten, 76 urte zituala.
Oin dala urte bi etorri zan Treku atzera etxera, Zarautzera, sorterrira, bizitza osoa jantzan eta hara-hona emon ostean. Urte bi horreetan, alkarrizketa luze eta interesgarri batzuk emon zituan Euskal Herriko medioetan, eta alkarrizketa horreetako baten, Amets Arzallusek ondo baino hobeto definidu eban Trekuren figurea: ‘gerrak dantzan ibili eban Pirmin’. Eta egia da, ez dago modu hoberik Pirmin Trekuren bizitza laburtzeko. Aitatutako medio horreetako batzuk Argia, Txaparro eta Berria izan ziran (kazetariak, hurrenez hurren, Amets Arzallus, Xabier Etxabe eta Amagoia Iban), eta guk hiru alkarrizketa horreetako pasarteak erabiliko ditugu jantzari handi honen bizitza aletzeko.
1930ean jaio zan Zarautzen. Ume-umea zala, 1936an, gerrea hasi eta faxistak Euskal Herrira etortean, bizitza aldatzen hasi jakon: ‘gerra zibilak Zarautzen atrapau ginduezan, eta anai-arrebak Bilbora joan ginan gurasoakaz, Eusko Jaurlaritzeak preparautako etxe handi batzuetara. Baina guretzat arriskutsuegia zan, eta urtebete baino gitxiagora, 1937an, Bilbotik Ingalaterrarantz atera ginan. La Habana izeneko barku baten joan ginen 4.000 errefuxiatu, danak goseak. (…) Bi arrebak nigaz joiazan, Elik hamabi urte zituan, Lorek bederatzi, eta nik zazpi’. Gurasoak, bien bitartean, lehenengo Parisera eta, handik, Mexikora egin eben alde: ‘Bisitan etorri jakuzan, eta, Erresuma Batuan ondo gengozala ikusi ebenez, bertan geratzeko agindu euskuen, Mexikotik deituko euskuela hara joan geintezan geu be. Halantxe egin eben, baina, Mexikora joateko maletak prest genduzanean, II. Mundu Gerrea hasi zan eta biajeak egitea galarazo eben. Erresuma Batuan geratu ginan, beraz, eta aita Mexikon hil zan. Ama Zarautzera bueltau zan 1944an. Senideak hemen eukazan, eta aita barik eta beste hiru umegaz etorri zan: Itziar, Imanol eta Iñakigaz’.
Bien bitartean, Pirmin eta bere bi arrebak Ingalaterran egozan: ‘lehenengo Southamptonen euki ginduezan, kanpamentu baten. Hiru hilabeteren ostean Ingalaterrako kooperanteen alkarte batek hartu eta Kent konterriko etxe batera eroan ginduezan. Guretzat paradisura heltzea izan zan’. Eta, barriro be, bizitzak bira egin eban, hoberantz oingoan: ‘etxe haretatik kolonia batera eroan ninduen gero. Kolonia haretara joan arte, ez neban izan hartu-emonik arteagaz. Ez eredurik, ez libururik, ez ezer. Baina Pepe Struch antzerki zuzendari katalana begirale egoan gure kolonian, eta hark Arte Ederrak ikastera bialdu ninduen, hur egoan eskola batera. Arte heziketa izugarria jaso neban, sano pribilegiadua izan nintzan. Eta horretan urtebete-edo neroala, balet emonaldi bat ikusi neban, lehendabiziko biderrez”.
Begiak zabaldu jakozan Pirmin Trekuri, eta Arte Ederretako ohiko gaiak albo batera itxita, argi ikusi eban zein izango zan bere bidea: ‘marrazketeagazko eta pintureagazko interesa guztiz galdu neban. Maitemindu egin nintzan jantzeagaz, ez neukan baleta besterik gogoan, ez neban besterik ikasi gura’. Sadlers Wells konpainiako (gero Royal Opera House deituko zana) zuzendariari gutun bat idatzi, eta, teknikarik eta esperientziarik ez baeukan be, eta artean 15 urte eukazan arren (nagusitxoa baletean hasteko), onartu egin eben konpainian. Halanda be, berak autortu eban ez zala ikasle erraza izan: ‘nahiko bihurri eta menderakatxa be banintzan, eta ez neukan baletak eskatzen dauen diziplinarik’; edozelan be, diziplina falta hori ez zan jantzarako gaitasun ezagaitik, ezpada teknika falta jakolako: ‘adierazkortasuna da gakoa, mobiduz adierazotea. Baina hori niretzat ez zan gatxa izan, nik berez nekarren hori. Adierazoten banekian, teknikea landu behar neban, eta hori lantzea izan zan gatxena’. Izan be, ‘behin bide bat aukeratutakoan, beste guztia sakrifikau egin behar da. Baleteko karrerea egiteko modu bakarra hori da’. Eta berak lortu egin eban: karrerea egitea, baletaren gailurrik handienetara heltzea, beste berrogei urtez balet irakaslea izatea eta, azken batean, ia-ia hil arte jantzan egotea. Baina goazen astiroago.
Trekuk berak kontau eban zelan ibili zan baletaren gailurrean: ‘bi urte emon nituan jantza-ikasketetan buru-belarri, eta 1947an kontratua sinatu neban Londresen, Sadlers Wells Ballet taldeagaz. Sasoi haretan mundu osoko konpainiarik onenetakoa zan (…). Talde lanean hasi nintzan, baina segiduan jarri ninduen bakarkako lanak egiten. Lan asko egiten genduan; profesionalak ginan eta taldeak arreta osoa eskatzen euskun’. Gero, mundu osoko antzokiak ezagutu ostean, berarentzat beren-beregi preparautako koreografiak interpretau ostean eta orduko jantzaririk onenen parean egon ostean, 1957an lesinoa euki eban belaunean, eta etorkizun luze eta oparoa kolokan geratu jakon: ‘hogeta hamar urte baino ez neukazan; osasuna lagun izan baneu, nire jantza-estiloa kontutan hartuta, zortzi edo hamar urte gehiago emongo nituan antzokietan. Pare bat urte gehiago egin nituan, minari zelan edo halan eutsiz. Azkenean, ixtea erabagi neban’.
Halanda be, gustoko lana hain sartuta dagoanean norberaren bizitzan, ez da erraza dana bertan behera ixtea, eta Pirmin Treku koreografiak egiten hasi zan, eta, gero, 1960. urte inguruan, Portugaleko Porto urira joan zan: ‘Portugalen jantza eskola bat zabaltzeko eskeini eustien eta hara jo neban. Nik sorterrira bueltau gura neban, baina hemen ez egoan balet girorik’. Ez egoan girorik, ez: urte batzuk lehenago, 1957an, Espainiako bisadua emon eutsienean (ordura arte ez eban peninsulara etorri gura, soldaduskea egitera behartuko ebelakoan), hona etorri eta basamortu kulturala topau eban: ‘Hona etorten hasi nintzanean, Erresuma Batuan ze lan egiten neban galdetzen eustan jenteak. Jantzaria nintzala esaten neutsienean, erantzuten eustien oso ondo iruditzen jakela baina nire lana zein zan jakin gura ebela. Pentsau zelako giroa egoan hemen jantzarako!’.
Portugalen 40 urte emon zituan baleta irakasten, lehenengo Lisboako Companhia Nacional de Bailado konpainian, eta, gero, Porton, berak sortutako akademian. Azkenean, 2004an, Zarautzera etorri zan biziten. Ordurako, euskerea nahiko galduta eukan: ‘umetan, gerrea etorri baino lehenago, euskeraz bakarrik egiten neban. Gero, Ingalaterrara eraman ginduezanean, guztiz ahaztu jatan euskerea, eta haren ordez ingelesa sartu. Hamalau urtegaz espainiar koloniara joan nintzanean gaztelerea ikasi neban, Portugalen portugesa, eta urtero Frantziara joaten nintzanez, frantses apur bat be badakit. Oin, Zarautzen bertan be, arrebakaz ingelesez egiten dot berba, ostantzean gazteleraz moldatzen naz’. Herriminak jota egoala autortu eban Zarautzera etorri baino lehenagoko alkarrizketa baten, eta, azkenean, sorterrian hil zan, kanpoan 68 urte eta Zarautzen 8 urte pasautako euskaldun unibersal hau.
‘Ingalaterran, Pirmin Treku nazela esan, eta ateak zabaltzen jataz. Hemen ez nabe ezagutzen’, esan eban alkarrizketa baten, apur bat etsita. Urteak joan urteak etorri, antzera segiduten dogu, basamortu kulturalean. Eta jantzako eta beste diziplina batzuetako figurak, erbestean oin be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!