Miren: ‘Zezenketen kontrako burrukea irabazita dago’

Koldo Isusi Zuazo 2006-08-24 02:00   Barriketan
ATEA alkarteko kidea

Atea, animaliakazko jokabide etikoaren aldeko alkarteak sinadura bilketea abiarazo dau Bilboko Aste Nagusian, arlo ludikoan animaliak ez erabiltea eskatzeko. Milaka dira daborduko agiria sinatu dabenak eta kanpaina honen ganeko gorabeherak jakin guran, Atea alkarteak Arenalean jarritako informazino gunera hurreratu gara. Hona hemen Ateako Mirenek kontau deuskuzanak.


1.- Bilbon ez eze, gure herrietako jaietan arrunta izaten da animaliak erabiltea (ponyak, txarrikumeak, antzarrak, idi-probak, asto-probak, zezenak), kasu batzuetan umeentzako ekitaldietan baina zezenketen kasuan, berbarako, zezenak hil egiten dabez. Animalia erabilera danak bertan behera ixtea eskatzen dozue?

Bai. Guretzat animalia guztiak bardin tratau nehar dira, guztiek sentiduteko ahalmena daukie, ugaztunok nerbio sistemea daukagu eta tratu txarrakaz sufriduten dogu. Beraz, animalia erabilera danak salatzen doguz nahiz eta jakin badakigun ez dala gauza bera, berbarako zezenketetan zezenak hiltea edo ponyak umeentzako erabiltea. Animaliakazko tratu edo jarrera etikoaren alde egiten dogu, animaliek gitxieneko errespetua merezidu dabelako eta, jakina, lehen eskubidea, bizitzarako eskubidea da.


2.- Azken urteotan animaliakazko jokabide etikoaren aldeko sentsibilizazinoan aurrera egin dogula uste dozu?

Bai, benetan. Gazteenen artean igarten da gehien sentsibilizazinoa. Pausu garrantzitsuak emon doguz baina prozeusa astiro-astiro doa. Kataluinian, berbarako, segurutik hurrengo legegintzaldian zezenketak galarazotea lortuko da; Bartzelona zezenketen kontrako uria da eta oso oker ez banago beste 30 bat uri dagoz zezenketen kontra. Kataluiniaren ostean, geu goazela uste dot.


3.- Bilbon batutako sinadurakaz zer lortu nahi dozue?

Urtero kanpaina bat abiarazoten dogu jaietan, igaz, berbarako, Zirkuak bai baina animaliarik barik izenekoa antolatu genduan. Udalari egoerearen barri eta gizartearen sentsibilizazinoaren barri emotea da asmoa; lehen hiru egunetan bi mila sinadura inguru batu doguz jaiotan animaliarik ez erabilteko eskatzeko eta Aste Nagusiaren amaieran osasun publikoaz arduratzen dan zinegotziari helarazoko deutsaguz. Arlo ludikoan animaliarik ez erabilteko eskaerea luzatzen deutsagu, besteak beste, ez dalako bidezkoa danon diruagaz zezenketak lako ekintza basatiak babestea eta pagetea. Etikearen aldetik, ganera, moralaren kontrakoa da animalien sufrimentuagaz dibertidutea.


4.- Zein da Atea alkartearen jarduna? Zenbat kide zarie?

1993an sortu zan alkartea Gasteizen eta Animalien Babeserako Legearen preparazinoan be kolaborau genduan. Gaur egun, Gasteizen, Donostian eta Bilbon doguz lantaldeak. Atean bolondresak gara danak eta animalien eskubide eta animaliakazko tratu etikoaren alde lan egiten dogu.

Gure alkartea ez da animalien babeserako alkartea, Atea, sentsibilizazinorako alkartea da, animaliakazko tratu txar eta jarrera basatiak salatzen dituana. Kontzientziazino kanpainak antolatzen doguz, animalien narruaren erabilerearen kontrako kanpainak, zezenketen kontrakoak eta, oro har, animalien kontrako edozein tratu txarren kontrakoak. Berbaldiak be antolatzen doguz eta primizia lez esango deutsut, Kepa Tamames, Ateako presidenteak 500 bat orrialdeko liburu animalistea idatzi dauela; Planeta argitaletxeak argitaratuko dau datorren urtearen hasieran eta berbaurrea Lucia Etxebarriak egin dau; aurkezpen ekitaldian sektore desbardinetako 150 bat lagun izango dira (abeslariak, pentsalariak, idazleak...) besteak beste, Eduardo Punset, abogadua, ekonomistea, kazetaria... eta Cristina Narbona Imgurumen Ministroa.


5.- Zezenketak galarazotea burruka galdua ete da?

Burruka galdua ez, burrukea irabazita dagoala esango neuke. Gazteen artean ez dago tradizinorik, gero eta zaletasun gitxiago dago, plazak ez dira beteten eta ganera gogoan euki behar da, Aste Nagusian, berbarako, konbidapenagaz joaten dala jente asko.

Holako ekintza basatiak defendidutea ez da posible. Sakon aztertu eta frogatuta dago animaliak sufridu egiten dauela eta izaki bizi baten sufrimentuagaz dibertidutea ez da etikoa, moralaren kontrakoa da. Gizarte zibilizatuetan onartezina da, historiaurreko kontuak dira horreek.


6.- Zezenketak artea, kultura eta tradizinoa dirala esaten dabenei zer esango zeunskie?

Gero eta gitxiago dira zezenketen alde egiten dabenak ze holako praktika basatiak defendidutea ez da zentzunezkoa. Ez dago torturea, sufrimentua defendiduterik. Azterketa sakon eta zehatzen arabera, bizkarrazur-muina apurtzen deutsie zezenei ezpatea sartukeran, ez dira momentuan hilten, mobidu ezinik gelditzen dira, konortea ez dabe galtzen eta hiltegian hilten dabez. Zezenketetan hiltearen artea aldarrikatzen da eta tradizinoa dala dinoenei argi esango neuskie ablazinoa be tradizinotzat dabela kultura batzuetan eta, jakina, tradizinoak onak, zentzunezkoak diranean, babestu eta indartu egin behar dira baina tradizinoak, arauak, ohiturak, legeak, txarrak badira, baztertu eta indarbakotu egin behar dira.


7.- Zezenketea artea bada, gastronomia kanibalismoa da’esan eustan behin lagun batek...

Kanibalismoa espezie bereko izakiak jatea da eta, beraz, gure gizartean behintzat holakorik ez da pasetan. Gauzak holan dirala, ikuspegi animalistea erabilita, sano gogorra da animaliak jatea, izaki biziak diralako, eskubideak dabezalako eta sufriduten eta sentiduten daben izakiak diralako, hori zientifikoki frogatuta dago. Gu barazkijaleak gara eta badakigu landareak be izaki biziak dirala eta zeozelan babestu behar dirala baina oraingoz ez dau inork frogatu nerbio sistema zentralik dabenik, oraingoz ez dago jakiterik animalien antzera sudfriduten daben ala ez. Gure esku dagoana egiten dogu, zeozegaz bizirautea nahitaezkoa da eta, esangura horretan, animaliak jaten badodaz sufrimentua eta torturea dagoala jakinik, barazkiak eta frutak baino ez dodaz jaten.


8.- Hiltegietan animaliei zelako tratua eskaintzen jake?

Paul Mcartney, Beatles ohia animalista sutsua da eta behin kontzertu bat hasi aurretik adierazo eban hiltegiek kristalezko hormak eukiko balebez, zur eta lur geratuko ginala eta danok barazkijale bihurtuko ginala.

Sufrimentua ebitetako, hiltegietan arau zehatzak dagoz animaliak hilteko baina errealidadean arau horreek ez dira apliketan, besteak beste, elektrodoak edozelan eta edonon apliketan jakezalako eta behargin nahikorik ez dagoalako arautegia zorrotz betetako. Ganera, minik eta sufrimenturik barik hiltea ez da posible.

Beste alde batetik, animaliak oso zuhurrak dira eta hiltegietan kaiolatan pilatuta elektrodoak noiz jarriko zain dagozanean, asko dira bihotzekoak jota hilten diranak, jakin badakielako zer pasauko jaken.

Hiltegietatik kanpo, baserrietan eta egiten diran ezelako kontrolik bako hilketakaz ez gara hasiko ze holako lekuetan upealako astakeriak egiten dira.


9.- Munduan zein da herrialde aurreratuena animaliakazko jokabide etikoaren alde?

Duda barik, Alemania. Europa mailan, animaliakazko eta ingurumenagazko begirune handiena erakusten dauena da. Alemanian animalien babeserako legeak oso aurrerakoiak dira eta gizartean kontzientziazino handia dago.


10.- Udan eta oporraldietan animaliak abandonetan dituenakaz zer egingo zeunke?

Animalien Babeserako Legea hor dago eta, jakina, holako jarrerak zigortzeko modukoak dira baina zigorra baino gehiago gizartearen kontzientziazinoa da bidea. Etxean doguzan animaliak gure pentzutan dagoz, gure seme-alabakaz batera, familiako kide dira eta, beraz, etxean animalia bat eukiteko konpromisoa hartu badogu, horri eustea da zentzuzkoena. Animalia horreek gure interes eta gogoaren arabera, bazterrean ixtea ardurabakokeria galanta da, etikearen eta moralaren kontrakoa. Seme-alabak edo animaliak eukiteko ez dago ezelako derrigortasunik eta, beraz, konpromisorik gura ez dauenak erraz dauka, ez dagiala seme-alabarik mundura ekarri eta ez dagiala animaliarik adoptau.

www.ateaweb.com

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu