Mundus Vini, nazinoarteko ardaoen lehiaketea

Imanol Sarasola Enologoa 2006-08-23 02:00   Jan edanak

Lehen edizinoan, mundu zabaleko 2235 ardao aurkeztu ziran. 2005ean, parte-hartzaileen kopuruak gora egin eban nabarmen (4330 ardao) eta urtetik urtera indarra hartzen doa lehiaketea. Gaur egun, Mundus Vini nazinoartean egiten diran lehiaketen artean handiena eta sonatuena da.

Planeta osoko ardaoen presentziagaz Alemanian egiten dan ardao lehiaketa ospetsua da Mundus Vini.

2001ean ekin eutsien lehiaketeari. Lehen edizinoan, mundu zabaleko 2235 ardao aurkeztu ziran. 2005ean, parte-hartzaileen kopuruak gora egin eban nabarmen (4330 ardao) eta urtetik urtera indarra hartzen doa lehiaketea. Gaur egun, Mundus Vini nazinoartean egiten diran lehiaketen artean handiena eta sonatuena da.

2002tik, lehiaketa hau ardaoaren inguruko alkarteek babesten dabe, besteak beste, OIV (Organisation Internationale de la Vigne et du Vin, Paris) eta UIOEk (Union Internationale des Enologes, Paris). Horrezaz gan, Mundus Vini Kanadan egoitza daukan Federation Mundiale des Grands Concours de Vins et Spiritueux-eko partaide da (VinoFed). 2003. urtean, Alemaniako Estadu federatuko Renania-Palatinado agiria jaso eban eta baita kontsumitzaileen babeserako Ministerio Federatu alemaniarrarena be; era berean, lehiaketan lortutako sariak botilen etiketetan adierazotea baimendurik dago.

Lehiaketearen helburua, kalidadea bultzatu eta bertan aurkezten diran ardaoen promozinoa areagotzea da. Horrezaz gan, aurkezten diran produktore, ardaogile, saltzaile, kontsumitzaile eta bestelakoek parte hartzeko foroa aurkeztea be bada. Izan be, foro honetan ardao desbardinak probau eta konparetako aukerea dago erosle eta kontsumitzaileen artean merkatua areagotuz. Kontsumitzaileentzat ardao bat ona izatea, produktorearentzat bere lan eta ahaleginaren errekonozimendu bihurtzen da.

Ohiko kalidadezko estandarrak be baloretan dira lehiaketa honetan eta lortutako sarien bidez ezagutu daitekez ardaoak kalidadezko produktu bezela.

Ardaoak probau eta baloreetako ebaluazino sistemea UIOE eta OIVk nazinoarteko dastaketetarako garatutakoa da. Eskema matematiko batean oinarrituz, puntuak emoterakoan kontuan hartzen dira itxurea, bouqueta, gustoa eta armonia eta inpresino orokorra. 5 - 7 kidek osoturiko batzorde bat da epaimahaia. Azpimarratzekoa da epaimahaikoen artean orekaturik dagoala nazinoarteko zein alemaniar adituen kopurua. OIVren arautegiaren arabera, aurkezten diran ardoen herena saritu ahal izango dira gehienik.

Azkenik, komertzializazinoari dagokionean, Mundus Vini arduratzen da 100.000 aleko tiradea daukan aldizkariaren argitalpen berezi baten bidez saritutako ardaoak ezagutarazoteaz; aldizkari hau ardaoen inguruko beste aldizkari askogaz gehigarri legez be banatzen dabe, besteak beste, Meininger Verlag argitaletxeak ataraten dauen gastronomia eta edariei buruzko aldizkariak banatzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu