Maria Jesus Erezuma: ‘Ez dot landara ezezagunik erabilten’
2006-08-18 02:00 BarriketanAzalerako kremak egiten ditu bedarrakaz
Aulestian jaio baina Gernikan bizi da Maria Jesus Erezuma. Azokarik azoka ibilten diran horreei ezaguna egingo jake, etxean kontu handiz landarakaz egindako kremak saltzen ibilten baita han eta hemen. Medikuntzeak aurrera egiten dauen garaiotan, gure arbasoek erabilitako landarak eta produktuak berreskuratu eta azaleko gatxak osatzeko hainbat produktu daukaz salgai, merke ganera. Telebistan horrenbestetan ikusten doguzan kosmetikoen iragarkiak baztertu eta inguruko zelaietan doguzan bedarrakaz egindako kremen ganean zeozer gehiago jakiteko egin dogu bat Maria Jesus Erezumagaz.
1.- Noiz sortu jatzun bedarrakaz kremak egiteko afizinoa? Zelan ikasi dozu?
Orain hamabi bat urte inguru. Azoketara joaten nintzan senarragaz, berak erleak daukaz eta eztia saltzen dau-eta. Han, bedarrakaz kremak egin eta hainbeste saltzen eban gizon bat ezagutu neban. Beragaz berbetan hasi eta arpegirako, urradurentzako eta hainbat gauzatarako erabilten zirala esan eustan. Animau eta ikasten hasi nintzan. Bedarren ikastaro batera joan nintzan Zeanurin eta apurka-apurka neuk bakarrik be ikasi dot. Azkenean, norberak ikasten dau. Gero, Bilbon, arpegiko kremen ikastarotxu bat be egin neban, gatxagoa, baina handik be zeozer ikasi neban. Bestela, liburuak be erabili izan dodaz.
2.- Non lortzen dozuz bedarrak eta, orohar, kremak egiteko beharrezkoak diran produktuak?
Aloe Verea eta kalendulea, berbarako, nik neuk daukadaz ortuan. Gainontzekoak, saukoa eta beste asko, edozein lora-dendatan eros daitekez. Ahal dala, mendian lortu behar dira bedarrak, bide ertzekoak kutsatuta eta zikin egoten diralako. Nik ez dot landara ezezagunik erabilten.
3.- Zein da gehien erabilten dozuna?
Aspaldian, Aloe Verea erabilten dot asko. Ia danetarako erabilten dot ze ezaugarri onak daukaz; batez be azaleko kontuak osatuteko, arpegirako, urradurentzako, erredurentzako... Nik krema moduan erabilten dot.
4.- Zein da horrelako krema bat egiteko prozesua?
Lehenengo oliba-orioa jarten dot berotzen. Ostean, erabili behar dodazan landarak hartu, garbitu eta sikatu ostean, orioagaz nahastetan dot. Gero, egosten, egosten, egosten eukiten dot eta gau osoa geldi egon eta gero, hurrengo egunean atzera berotu, kendu bedarrak danak, filtrau, argizaria gehitu eta trapu finean pasau ostean botetxuak beteten dodaz. Ez dauka ezelako misteriorik. Dana da naturala.
5.- Azoketan ibilten zara. Zein da gehien saltzen dozun kremea?
Azken aldian, Aloe Verea eta kalendulea daroena. Izan be, arpegiko azalarentzako oso onak dira.
6.- Inoiz erabili izan dozuz landareak kremea ez dan beste zeozertarako?
Ez. Jateko kontuetan sartzea bildurra emoten deust. Jateko gauzakaz ez da olgetan ibili behar. Nik neuk bai hartzen dodaz neuk egindako infusinoak eta familiari edota hurreko lagunei bai egiten deutsedaz gauzatxuak baina ez jat lar gustetan.
7.- Osasun arazoren bat osatzeko bide naturaletik joteak medikuntzea baztertzea dakar?
Ez, medikuntzea ez da sekula baztertu behar. Medikuek asko dakie eta... neu be medikuarengana joaten naz! Horrek ez dau esan gura bedarrakaz egindako kremek ez dabela balio. Dermatitis bat osatzeko kortisonea gora eta kortisonea behera ibili beharrean, honelako krema bat erabilita akaso arazoa konponduko dogu. Baina medikuarengana bisitatxua egitea ez dago txarto.
8.- Erleak be zure ‘lankideak’ dira...
Bai, argizaria erleena da eta argizariak, berez, ezaugarri asko daukaz. Erredurentzako oso ona da eta konserbantea be bada. Krema guztiek daroe argizaria, gehiago zein gitxiago. Kalenduleaz eta Aloe Vereaz egindako kremek, berbarako, oliba-orioa daroe baina argizari apur bat be bai, bestela ez dira gogortzen eta, ganera, argizariak azaleko arazoak osatzeko balio dau.
9.- Beraz, gehien bat azaleko gaixotasunak edo arazotxuak osatzeko dira erabilgarriak.
Bai, erredurentzako, umeen eperdirako, dermatitisak osatzeko, tximurren kontra egiteko, ezpanak ondo mantentzeko... Kremea behin probau daben asko barriro etorten dira bila.
10.- Inoiz arazoren bat izan dau erabiltzaileren batek?
Kremeak, berez, ez dau alergiarik edota bestelako konturik eragiten, produktu naturalakaz eginda dagoalako. Baina nonork produktu horreetariko bati alergia izatea pasau daiteke. Guztiz naturalak dira eta ez daukie alkoholik; dendetako kosmetikoek, ostera, bai, alkohola eta konserbanteak daukiez eta horreek mina eragiten dabe, kasurako, begietan. Nik, berbarako, larrosen esentzia botaten deutset usain apurtxu bat eukiteko baina orio moduan, ez kolonia moduan, koloniek alkohola daukielako.
11.- Medikamentuek kontrol zorrotzak pasau behar ditue merkadura urten aurretik. Azken batean, osasuna dago jokoan. Bedarrakaz egindako kremek eta bestelako produktu naturalek be kontrol horreek pasau behar dituezala uste dozu?
Nire produktuek eginda daukie Eusko Jaurlaritzako Osasun Erregistroa. Lau krema daukadaz atarata erregistroa pasauta, arpegirako eta eskuetarako erabilten diranak. Baina horreek ez dira guztiz naturalak ze nik bedarrak edota landarak zuzen-zuzenean hartzen dodaz, fresko, baina eurek landara-estraktua erabilten dabe. Neuk emondako formulea izan arren, ez da gauza bera.
12.- Ze muetatako jentea etorten jatzu kremak erostera? Gehienak naturistak dira?
Danetariko jentea etorten da. Bezero zahar, gazte, emakume, gizon... danetarik. Askok, krema naturalak ezagutu baino lehenago, 100 euro baino gehiagoko kremak erosten ebiezan. Orain, produktu naturalakaz egindakoak ezagutu ostean, oso pozik dagoz eta euren boltsiloek be igarten dabe hori! Garrantzitsuena probetea da. Bezero asko oso gazteak dira eta askotan gazteek gehiago erosten dabe zaharrek baino. Gazteek merke ikusten dabe eta probau egiten dabe; edade gehiago daukienek, barriz, askotan kontrakoa egiten dabe, hau da, merke ikusten dabenez, eskasa edo horren ona izango ez dala pentsau eta ez dabe erosten. Horregaitik dinot danetariko bezeroak daukadazala, ez naturistak bakarrik.
13.- Azken urteotan ze joera izan dau merkaduak?
Krema naturalak eta, orohar, azoka guztiak beherantz doaz, nabarmen ganera. Nik antzera saltzen dot, ez dot lar igarten. Ahorik aho edota korreoz saldutako produktuei esker mantentzen dodaz salmentak, Bermeoko dendatxu baten be saltzen dot eta astelehenetako Gernikako azokan izaten gara, inguruko herrietako azokez gan. Lehen, azoketan, gehiago saltzen genduan ze krema bakotxaren alboan landarearen irudia eta zertarako zan geunkan jarrita. Orain, hori galarazota daukagu eta jenteari gehiago kostetan jako hurreratzea. Halanda be, majo saltzen dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!