Aitite-amumen Aste Nagusia
2006-08-16 02:00Hastear daukaguz Bilboko jaiak, Aste Nagusia, hain zuzen. Ia bederatzi egunetan, hainbat ospakizun izango dira. Gaurko artikuluan azken urteotako Aste Nagusia eta orain dala ehun urte zana aztertu eta konparauko doguz.
Hastear daukaguz Bilboko jaiak, Aste Nagusia, hain zuzen. Bederatzi egunetan, hainbat ospakizun izango dira. Gaurko artikuluan azken urteotako Aste Nagusia eta orain dala ehun urte zana aztertu eta konparauko doguz.
Lehenik eta behin, izenaren harian, esan beharra dago orain dala ehun urte ez egoala Bilboko Aste Nagusirik. Bilboko Jaiak ziran eta kitto. Gargantua Bilboko kaleetan ebilen, bertoko ume eta ez hain umeentzako bere ahoa zabalduz eta hainbat persona iruntsiz. Hori bai, Gargantua idi pare batek eroaten eban eta ez gaur eguneko traktoreak. Aste Nagusiagaz lotzen dogun beste ikurra, Mari Jaia, ez zan orain dala ehun urte agertzen, emakume hori, erdi sorgin erdi maitagarri, orain dala urte batzuk asmau ebalako Puri Herrerok eta zer esanik be, beste horrenbeste pasetan da Kepa Junkerak sortutako abestiagaz. Ikurrakaz amaituz, buruhaundi eta erraldoien ohitureak bardin jarraitzen dau Bilbon, beste hainbat herritan legez.
Azken urteotako Aste Nagusiak jentetsuak badira be, beste horrenbeste pasetan zan orain dala ehun urteko jaietan. 1901eko abuztuaren 18an ‘El Nervión’ egunkariak argitarautako barrian, Bilbon jaiak zirala-eta ez egoala ez hoteletan ezta antzeko lekuetan toki librerik esaten eban. Uriburua ganezka egoan eta oraindino jente gehiago etorriko zalakoan egozan. Gaur egun, beharbada, jentea kaleko giroak deituta hurreratzen bada Bilbora, orain dala ehun urte, antza danez, jaietako jazoerar edo ekitaldirik deigarrienak kanpoko jentearentzat zezenak ziran. Ospe handikoak ziran Bilboko zezenak, jaietako sasoikoak batez be.
Horrenbeste jente Bilbora hurreratzeak bere arazoak sortzen ebazan, eta gaur egun Metroak, Eusko Trenek, RENFEk eta FEVEk edo Bizkaibusek egiten daben moduan, orain dala ehun urte be, garraiobideak jai giro eta sasoira moldatzen ziran. Esaterako, Arriaga inguruan geralekua eukan tranbiak eta abuztuaren 18tik 25era prezio berezian eta 15 minuturo pasauko zala iragarten eben XX. mendeko lehenengo urteko udan.
Azken urteotan nagusitzen doa Bilbon zapi urdinaren (‘azul Bilbao’) erabilerea, Udalak edota konparsek eurak be bultzatuta. Orain dala ehun urte ez zan jantzi berezirik aurreikusten edo preparetan jaietarako, baina jantzi dendek bai aprobetxetan eben jaiak zirala eta jenteari jantzi hobeak jarri behar zirala esateko, salmentak igoteko asmoz.
Jaiak eta barrakak lotzea ezinbestekoa dogu. Egunotan Etxebarria Parkean lekua hartzen daben barraken antzera, ehun urte atzera botatako begiradan be barrakak dagoz, baina kasu honetan ez Begoña aldean, Campo Volantinen baino.
Ospakizunetan sartuta, antzerkia, gaur egun pasetan dan moduan, Bilboko jaiek aurkezten eben ospakizunen artean be nagusienetarikoa zan. Orduan Arriaga antzokian izaten ziran emonaldiak.
Goizean zein arratsaldean musika kontzertuak entzuteko eta ikusteko aukerea be eskaintzen eben jaiek. Kontzertuetarako aukeratutako lekuak Plaza Barria eta Arenala ziran. Orain iragarten diran kontzertu erraldoirik eta arrakastatsurik ez egoan. Kontuan izan behar dogu ospakizunak Bilboko Alde Zaharrean izaten zirala, batez be, Arenalaren inguruan, eta Bilboko errekako ezkerraldea, Zabalgunea, ezer gitxi zan 1900. urtean.
Erakusketak edo lorakaz egindako burrukaldiak ziran gure biraitite-amumek jaietan parte hartzeko eukezan ospakizunak. Orain desagertu egin dira jai egitarautik, pelota partiduekaz pasau dan legez. Horreek entzute handikoak ziran eta sasoi bateko Euskalduna frontoian egiten ziran. Orain Deportivoko Frontoian egindako ‘asmakizunak’ aparte, ezer gitxi iragarten da pelotearen inguruan Bilboko Aste Nagusian.
Gauez, gaur egun pasetan dan legez, suak ziran ikuskizun nagusienetarikoa, eta suen ostean dantzaldiak. Ordukoak ‘El Sitio’ alkartean eta ‘Campos Eliseos’ antzokian antolatzen ziran eta guztiz pribauak izan barik ez euken, ezta antzik be, gaur egungo dantzaldi eta gaupasakaz, txoznarik be ez egoan eta.
Honeexek ba, ganetik baino ez bada be, ehun urteko tarteagaz Bilboko jaien ezaugarriak. Azkenean, orain dala ehun urte egiten eben modura, hurrengo egunetan be bilbotarrak zein bilbotarrak ez garanok ondo pasetea izango dogu helburu eta horixe da, ehun urte pasau eta gero, geratzen dan jaien ezaugarririk nagusiena. Astebetean baino ez bada be, beste arazo batzuk alde batera itxi eta ondo pasetea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!