Julio Aparicio: ‘Neurea ez da aireportuz aireportu hegaz egitea’
2006-08-11 02:00 BarriketanPilotua eta pilotu-irakaslea
Julio Aparicio mundakarraren umetako amesetea hegazkinetako pilotua izatea zan. Amesetea bereganatu eta, hankak lurrean, hegaz egiten hasi zan. Airean eta lurrean bide luzea egin dau. 35 urtegaz, pilotua da. Eta jatorri desberdinetako pilotuak trebatzeak gogoa beteten deutso. Montrealetik Mundakara etorri da oporretan, Izaro eta Ogoño lagun doguzala jardun dogu.
1.- Non sartu jatzun kanpora joateko gogoa?
Hogeita bat urte bete arte Mundakan bizi nintzan, urten barik. Umetatik gura izan neban pilotua izan, hegazkinetan ibili. Baina gauza bat da gura izatea, eta beste gauza bat ahal izatea. Nire inguruan ez egoan inor pilotua, ezta inor horretaz berba egiteko, ha guztia azaltzeko. Mundakako liburu-denda batek ekarten zituan abiazino aldizkariak irakurten nituan, besterik ez. Gatxa zan. Bermeoko institutuan ezagutu neban pilotua izateko ikasi gura eban mutil bat, ni baino urtebete zaharragoa, Salamancako Eskola Aeronautika Nazionalean ikasi gura ebana. Baina han ikasteko izena emon ebanean, eskolea pribatizau egin eben, eta doban zana 12 miloe pezeta kobretan hasi ziran, orduko 12 miloe. Pentsau! Bermeoko mutila AEBetara joan zan, han askoz be merkeagoa zalako. Baina, klaro, AEBak urrun dagoz, batetik; eta ingelesez egiten dabe, bestetik.
2.- Holan ba, ezinezkoa zan...
Bai, hori pentsau neban. Ezinezkoa. Familak be ez eukan dirurik. Selektibidadea egin eta gero, amak esan eustan zeozer egin behar nebala. Eta unibersidadean fisika egiten hasi nintzan. Baina urte berean jakin neban, ezetz, ha ez zala niretzat. Beharra topau, aurreztu eta behar neban dirua neukanean, AEBetara joatea pentsau neban. Eta hortxe hasi zan odisea guztia.
3.- Zer egin zenduan?
Gasolindegi batean egin neban behar, Bermeon, nahikoa diru lortu neban arte. Han nengoala, beharrean gorputza baino ez neukan, neure burua abioi batean ebilen. Pilotu-eskoletara gutunak eta gutunak bialdu nituan, eta erabagi neban AEBetako eskola batera joango nintzala, Delaware estadura. Ingelesa irakasle bategaz eta Mundakara etorten ziran atzerritarrakaz hobetu neban. New Yorken konturau nintzan ez nekiala ia ezer. Lau hilebete ingelesa ikasten emon neban arren, berbetan ikasi neban, baina ikastea, hau da, terminologia aeronautikoa ikastea askoz be gatxagoa izan zan. Halanda be, sei hilebetean ikasketak amaitu nituan.
4.- Amaituta, orduan?
Bueno, gauza bat da amaitzea eta, beste bat, pilotua izatea. Gidari barriek eroaren daben ‘L’ bat zenduan atzean zintzilik. Baina amaitu neban, umetatik barruan neukan arantzatxua kendu neban.
5.- Bien bitartean, maitasuna etorri ei jatzun...
Bai, orain neure andrea dana hemeretzi urtegaz ezagutu neban Mundakan. Bera Montrealekoa zan, mundakar baten alabea. AEBetan amaitu nebanean, Montrealera joan nintzan. AEBetan behar egiten geratu neitekean arren, neure ingeles mailea eskasa zan. Montrealen buru-belarri hiru hilebete emon nituan, Kanadako pilotu lizentzia atarateko. Azterketak aprobau eta gero, 1992an Mundakara etorri nintzan, hemengo lizentzia atarateko asmoagaz. Eta orduan lehen kolpea jaso neban, Europan, hemen pasetan zanagaz.
6.- Zer dala eta, ba?
Urte bi lehenago etorri izan banintz, Madrilen lehiatila batean zure tituluak eta dirua emon eta homologazinoa lortzen zenduan, hemen behar egiteko beharrezko dokumentua. Baina AEBetara pilotu ikasketak egiten horrenbeste joan ziranez, homologazino prozesu bat inbentau eben, sano luze eta karua zana. Zer ikasi behar zan be gatxa zan jakitea. Horrezaz ganera, Europako pilotu-ikasketak batuko zituan araudia sartzekoa zan. Ez egoan ezer garbi, hasarratzeko modukoa zan, edonor astoratzekoa. Bien bitartean, Sondikan aire-trafikoagaz lotutako sei hilerako lanpostu baterako deialdia atara eben, eta bigarren geratu nintzan. Sei hilebete itxaron behar nituanez, Montrealera joan nintzan. Han erabagi neban hegaldi-irakasle egingo nintzala, abioi txikietan. Holan, hegaldi-orduak egiteko aukerea neukan. Pilotuek hegazkin handietan ibilteko 1.500 hegaldi ordu behar ditue. Nik berrehun ordu nituan. Kanadan nengoala, amak deitu eustan esanez Sondikako lanpostua libre egoala. Soldata ona zan, Bilbon. Montrealen ez neukan beharrik. Astebete osoa pentsetan egon ostean, ez etortea erabagi neban. Ez neban gura kontrol-torre batean behar egin, neuk benetan hegaz gura neban egin.
7.- Eta irakasle egin zinan?
Bai, eta eskerrak horri. Suberte handia izan neban, Norma Deblicquy izan neban irakasle, Kanadako pilotu-azterketen andrazko lehen inspektorea izan zana. Erretirauta egon arren irakasten segiduten eban, profesional handia zan. Eskolan ikasi neban pilotu lanbidearen beste alderdi bat: irakastearena. Begiak zabaldu eustazan, urregorria zan Deblicquy. Egiten dozuna maitatzea, egiten dozuna ahalik eta ondoen egitea, debozinoa izatea. Horixe irakatsi eustan.
8.- Eta gero?
Handik urten nebanean neure burua kualifikauta, ikusi neban. AEBetatik urten nebanean lizentziagaz urten neban, baina ez neban neure burua pilotu moduan ikusten. Deblicquyk gauzak edozein egoeratan ondo egiten irakatsi eustan.
9.- Mugarri bat izan zan, ezta?
Bai. Ikastaroa orduak batzeko egin neban, eta han irakaskuntzeagaz maitemindu nintzan. Ikastaroa amaituta, hamar hilebete itxaron behar izan nituan behar egiteko bisea lortzeko. Biseagaz, altzariak handizka saltzen zituan denda batean hasi nintzan beharrean. 1994ko abenduan egin neban behar, eta irabazi neban diruagaz kotxea erosi eta hogeta hamar eskola baino gehiagotara curriculumak bialdu nituan. Eta gero, kotxez, eskoletara joan nintzan. 33 ezezko jaso nituan, eta badaezpadako hiru-lau. Handik hilebete bira, ikasi neban eskolatik deitu eusten. Nozko galdetu neutsen. Atzoko, erantzun eusten. Ha ilusinoa! Danak pozik etxean. Ha izan zan neure hasierea. Ia mila hegaldi-ordu egin nituan.
10.- Hasiera polita, ezta?
Bai. Hamar hilebete beharrean emon ostean Mundakara etorri nintzan amaren ezkontzara. Bueltan beste eskola batean hasi nintzan eta urte biren buruan irakasle laugarren mailatik bigarrenera igon neban. Eta beste behar hobeago batera joan nintzan, Torontora. Eta han Libanoko pilotu lagun batek abiazino enpresen zerrrendearen liburu bat itxi eustan. Barriro curriculumak bialtzeari ekin neutson.
11.- Eta, barriro bizimodua aldatu jatzun?
Bai. Curriculuma bialdu eta gero, beti deitzen neban. Abiazino enpresa txiki batera deitu neban, ekialdeko ugarte batean egoana, Ternua hegoaldean. Aurretik inguru hartan egonda nengoan, oporretan. Ez eben behar piloturik. Handik astebetera deitu eusten pilotuari beste lanpostu bat eskaini eutselako. Hainbat curriculum izango zituen, baina neuk justu astebete lehenago eurakaz berba egin neban. Noz etor zaitekez? galdetu eustan. Ba, uste dot gaixorik nagoala… bihar bertan, esan neutsan. Toronton nengoan, eta ugartea handik hiru mila kilometrora egoan… Pilotu lagunen bitartez lortu neban hurrengo egunean han egotea, lo egin barik ailegau nintzan. Probea egin eta lanpostua eskaini eusten. Han neguan egiten da behar, ze itsasoa izoztu egiten da, eta batetik eta bestera merkantzia, jentea-eta eroateko hegazkina behar da. Hamar personentzako abioia zan. Ingurua ederra da, apur bat Urdaibai antzekoa, baju-baju hegaz egiten neban. Ederra. Magikoa zan lekua. Itzela. Etxe bat errentan hartu neban, kostaldean. Miren neska-laguna ahal ebanean etorten zan. Magikoa zan. Han bakarrik, hondartzan, bederatzi hilebetez.
12.- Eta gero zer pasau zan?
Ugazaba aita modukoa izan zan niretzat. Erlazino estua izan genduan. Bere burua zahar ikusten ebala eta, enpresan bere lekua eskaini eustan. Gogorra izan zan ezetz esatea, nori eta berari, ganera inguru eder hartan. Baina ez neban neure burua han ikusten, ez neukan argi ha zala gura nebana. Gaur egun gustauko jatan holako enpresa bat izatea, baina gaur egun, hamar urte igarota. Oso gogorra izan zan ha ixtea. Izan be, hilebete hareek guztiak oso bereziak izan ziran. Mugarri bat neure bizitzan. Ugartean danetarik egiten neban, askotan merkantzia eroaten neban, eta ur azalaren ganean hegaz egiten neban, fokak, baleak ikusi… Zoragarria.
13.- Ha itxi zenduan, orduan.
Bai, beste lanpostu bat eskaini eusten. Iparraldeko aerolinea batean, medizinak eta gaixoak batetik bestera eroaten, besteak beste. Abiazinoaren beste modu bat, sano interesgarria. Eta handik aste bira, etxera deitu eusten beste enpresa batetik, eta baldintza hobeak eskaini eustiezan. Beharra itxi eta Montrealera joan nintzan. Enpresan, hiru urte egin nituan, bost mila hegaldi ordu, eta lineako pilotuak trebatu nituan.
14.- Eta barriro be beharra aldatu zenduan?
Holan da. Bombardier enpreseak Montrealen instruktore bat behar eban, esperientziagaz, gaztelaniaz ekiana. Bombardier tontorrera ailegetea izan zan. Izan be, Bombardierrek hegazkinak egin, pilotuak trebatu eta hegaldi-simulagailuak erabilten ditu. Hegaz egitea ez da horren garrantzitsua niretzat; beste pilotuak trebatzea, ostera, asko gustetan jat. Argi ikusi dot neurea ez dala aireportuz aireportu hegaz egitea. Gurago dot pilotuakaz egon eta pilotuak trebatu, eta aldi berean hegaz egin, gauza desbardinak egin.
15.- Pozik orduan?
Ba, bai. Ganera, pilotu asko ezagutu dodaz, era askotakoak, hainbat herritakoak. Eta irakasten zabizanean, euren ohiturak, pentsamoldeak, izakerak ezagutzen dozuz, eta asko asko ikasten dozu.
16.- Eta orain zer?
Ingalaterrara joango naz laster, beste enpresa batean behar egitera. Beharra antzekoa izango da: inoz hegaz egin, esaterako erosi daben abioia euren herrialdera eroan, pilotuak trebatu… Ez dauka zerikusirik aerolineako pilotuen lanbideagaz, interesgarriagoa da. Eta Mundakatik hurrago egongo gara.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!