Ramon Urresti: 'Kirola eta abenturea kultureagaz eta natureagaz buztartzen dira'
2006-08-04 02:00 BarriketanBusturialdeak Euskadiko lehen BTT Zentroa zabaldu dau. Harrera puntua Mendatan dago eta bertatik urteten dabe mendi bizikletaz egiteko ibilbide guztiek. Eskualdea Mundakako itsasadarraren inguruan dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen barruan.
Ingurune natural parebakoan zehar doaz ibilbideak. Basoetatik eta erreketatik, paduratik igaro eta kostako itsaslabarretaraino eta hondartzetaraino helduta, Busturialdea Bizkaiko harribitxi naturaletako bat da. Hori, abentureari eta kirolari lotuta, paradisu magiko bihurtzen da eta bisitariak hainbat aukera ditu landa eremuko eta itsasoko herrigune eta inguruak ezagutzeko.
Zentroaz eta eskaintzen dituezan zerbitzuez gehiago jakiteko Ramon Urresti Mendatako BTT Zentroko zuzendariarengana jo dogu.
1.- Turismoa eta abenturea bat eginda, Euskadiko lehenengo BTT Zentroa zabaldu barri dozue Mendatan. Zer da BTT Zentro bat?
BTT horrek bizikleta ‘todoterrenoak’ esan gura dau. Kirola eta abenturea kultureagaz eta natureagaz buztartzen dituan proiektua da eta, bide batez, gure paisaje natural zoragarria aprobetxetan dogu. Urdaibaiko Biosferearen Erreserban zehar hainbat ibilbide dagoz mendiko bizikletaz egiteko baina asko ezezagunak dira jentearentzat. Guk, BTT Zentroan, ibilbide horreek ondo markau eta mapak atara doguz, jenteak jakin dagian nondik-nora ibili. Ganera, zentroak, ibilbideen ganeko informazinoaz gan, dutxak, aterpetxea, jatetxea eta, gura izan ezkero, bizikletak be eskaintzen ditu.
Orain dala hamar bat urte, landa garapeneko programak garatzen hasi ginan Mendatan, Urremendi landa-alkartearen bitartez. Herri txikietan, industriak behera egin eban eta lanbako lar egozan. Horregaitik, zeozer egin behar genduan jentea erakarteko. Lehenengo, liburutegia zabaldu genduan; ostean, museo etnografiko bat, baserriaren eta diasporako jentearen ganean; gero, aterpetxea, 36 ohegaz; eta, Eusko Jaurlaritzako Turismo sailaren proposamenez, BTT Zentroa zabaldu dogu orain. Frantzian eta Katalunian mueta honetako zentro asko dagoz eta informazino bila joan ginan Kataluniara. Ez genduan gauza arrarorik egin gura eta katalanek informazino asko emon euskuen. Ibilbideak marketako seinalea aukeratzea, hau da, logotipoa zein izango zan erabagitea izan zan lehenengo pausua. Frantziakoaren eta Kataluniakoaren antzekoa izan behar eban, bestela, kanpotik datorren jentea beti dago bidea topau ezinik. Frantzian logotipo bat daukie eta Katalunian beste bat. Geurea, antzerakoa da, ez bera, bakotxak beraren patentea daukalako.
2.- Zeintzuk dira BTT Zentroaren helburuak? Zer lortu gura dozue?
Batez be, jenteari herriak ezagutzeko aukerea emon gura deutsagu. Paisaje hau oso polita da baina nahiko gatxa bizikletaz egiteko. Baina hemen asko ibilten da bizikletaz eta jente gogorra dago.
Bestalde, Mendata herria ezagutarazoteko, herria mobiduteko eta gure gauzen barri emoteko be balio deusku BTT Zentroak. Guk 376 biztanle daukaguz eta kopuru hori gorantza doa. Herria askoz handiagoa egiterik be ez dogu gura, berezko landa esentzia galduko leukelako, baina bertokoak diranak berton geratzea eta kanpoko jenteak herria ezagutzea gura dogu. Horretarako, bizikleten kontua aproposa da, txirrindulari asko hurreratzen diralako hona eta horrek bizia emoten deutsolako herriari.
3.- Zelan dagoz egituratuta ibilbideak eta zentroa bera?
Danetara, 244 kilometro dagoz eta 10 ibilbide. Ibilbideak koloreka dagoz banatuta, errazenetatik gatxenetara. Errazena berdea da eta bakarra dago, 8 kilometro ingurukoa, Gernikatik Sukarrietaraino errekearen albo-albotxutik doana. Ostean, gorriak dagoz, danetara 94 kilometro. Azkenik, baltzak, gatxenak, 142 kilometro guztira. Loturea egiteko balio daben pistak adierazoteko kolore morea erabili dogu eta danetara 17 kilometro dira. Jenteak dino orokorrean nahiko ibilbide gatxak dirala. Kontuan hartu Sollube, Errigoiti, Morga, Oiz... lako lekuetatik doazela pistak eta horreek nahiko altu dagoz.
Ibilbideen eta enparauen informazino gunea Mendatan dago. Berton, txirrindulariari behar dauen guztiaren barri emogo jako eta, bizikletak behar izan ezkero be, hemen daukaguz. Aterpetxea eta dutxak be badagoz, baita jatetxeak be. Ibilbideak dobakoak izan arren, aterpetxea, dutxak, bizikleten alokairua... ordaindu egin behar dira.
4.- Ibilbideetan, badago lekurik oinezkoentzako?
Printzipioz, bizikletaz egiteko dira baina oinezkoek, gura izan ezkero, doazela. Oinezkoentzako, BTT Zentroko ibilbideak ez diran beste ibilbide batzuk doguz markauta.
5.- Aitatu dozu Frantzian eta Katalunian hainbat BTT zentro dagozala eta arrakastatsuak ganera. Honezkero, egun batzuk pasau dira zentroa zabaldu zanetik. Zelakoa izan da txirrindularien erantzuna?
Garagarrilaren 21ean zabaldu genduan eta 22an eta 23an jente piloa hurreratu zan, guk pentsau genduana baino askozaz gehiago. Programea apiriletik urrira bitartekoa da, guk garagarrilean zabaldu arren. Zentroa urriaren 31ra arte egongo da zabalik eta tarte horretan izango dabe txirrindulariek atentzino berezia. Hori bai, denporaldi horretatik kanpo nonor hurreratzen bada, zelan ez, laguntzinoa eskainiko jako. Izan be, zentroak erantzun ona izaten badau, gure asmoa urte osoan ehuneko ehunean egotea da, baita dutxak, aterpetxea... lako zerbitzuakaz be.
6.- Ikusitakoak ikusita, aurrerantzean be erantzun ona izango dozuela uste dozu?
Bai. Nik banekian hemen mendiko txirrinduagazko afizino itzela egoala baina orain artekoak ikusita, aurrerantzean be jente asko etorriko dala esan neike. Ganera, kanpotik be hurreratu da jentea, Kataluniatik eta Burgosetik berbarako, Mendatako BTT Zentroaren barri Internetez jaso ostean.
7.- Zein izan da proiektua martxan jarteko pausurik gatxena azpiegiturei jagokonez?
Burukomin gehien emon deuskuna eta, nik uste dot, emongo deuskuna pistak garbi eukitea da. Beharrik gatxena da hori. Jenteak oso ondo errespetetan ditu seinaleak eta ingurua. Baina urtero eukiko dogun arazorik gogorrena pistena izango da, bedarra eta sasia inguru guztietan dago eta. Gure helburua pistak urte osoan garbi eukitea da, apirila-urria denporaldi ofizialaz gan. Honelako proiektu bat martxan jarten danean kalidadea eskaini behar jako erabiltzaileari eta maileari eusten ahaleginduko gara.
8.- Naturea, kulturea eta kirola bat eginda jatorkuz Mendatako BTT zentroari esker. Halanda be, naturea zeozelan gizakiaren arabera moldatze horrek ez dau ekologisten hasarrerik sortu?
Bape. Gehiago esatearren, Urdaibaiko Patronatokoak oso pozik dagoz egindako lanagaz, gauzak danon adostasunagaz egin dira.
9.- Auzokoek zelan erantzun dabe?
Oso ondo. Nonoiz, baten batek esan izan dau basoa zarratuta euki dauela berea dalako; baina, gurdibidea izan ezkero, pasoa derrigor itxi behar da.
10.- Mendata oso lotuta dago kirolagaz eta horren erakusle garbia da irailaren 3rako antolatutako ibilaldia.
Honezkero, badaroaguz urtetxu batzuk martxea antolatzen eta edizinoek aurrera egin ahala gero eta jente gehiakok parte hartzen dau. Igaz, seiehun bat lagun etorri ziran eta aurten gehiago espero doguz. Izena emoteko epea egun berean amaituko da eta egun hori heldu arte ez dakigu zenbat izango diran baina igaz baino gehiago, akaso. Herrikoak ibilten da antolakuntza lanetan eta, egia esan, gogorra da, jente asko datorrelako. Egun horretarako 150 bat lagun behar dira lan egiteko, kontroletan, jatekoa emoten, ura emoten... Ganera, eguerdirako, bazkaria preparetan dogu parte-hartzaile guztientzat eta frontoian emoten jake jaten. Hori be beharra da! Baina herriari asko emoten deutso martxeak eta, oro har, kirolak.
11.- Mendi-bizikleten martxaren bat antolatzeko asmorik badozue?
Horren ganean be, lanean gabiz. Irailean hainbat ekitaldi doguz Mendatan baina leitekeana da 23an mendi-bizikleta martxea egotea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!