Endika Fernandez: 'Bizikletea da bidaiatzeko erarik politena eta ekonomikoena'
2006-07-28 02:00 BarriketanBarruko senak aginduta, bere bizitzako abentureari ekin eutson Endika Fernandez ermuarrak orain dala ia urte bi. Etxetik urrun, ia ezelako laguntzinorik barik, 22.000 kilometroko ibilaldi luzeari ekin eutson Alaskan. Helmugea: Patagonia. Garraiobide legez bizikletea aukeratu eban, hainbat zorion eta zoritxar ekarri eutsozan erroberadun trastea. Bitartean, teknologia barrien aurrerakuntzak aprobetxauta, blog bat zabaltzeko aukerea be izan eban eta familia eta lagunek, momentuz momentu, baekien abenturazalea non egoan.
Oraintsu etorri da etxera bueltan eta tartetxua egin dau gugaz berbalditxua egiteko.
1.- Alaska-Patagonia ibilbidea bizikletaz. Zelan otu jatzun ideia?
Aspaldi nenbilen bidaia luze bat egiteko asmotan eta, posible izan ezkero bizikletaz, asko gustetan jat eta. Interneten ibilbide desbardinak begiratzen hasi nintzan eta azkenean Panamerikana bidea egitea erabagi neban.
2.- Ibilbideari ekin aurretik, zelan antolatu zenduan bidaia?
Egia esan, ez neban lar antolatu. Ameriketako Estadu Batuetan hiru hile baino gehiago egiteko lortu beharreko bisadua lortu, bizikletea eta materiala (kanpin-denda, sukaldea, lo-zakua...) hartu eta ardura lar barik joan nintzan. Banekian, aurretiaz, zeozer faltau ezkero erraz lortuko nebala Estadu Batuetan, hau da, ez egoala ezelako arazorik bertan hau edo beste erosteko.
3.- Aurreikusitakoa bete dozu ala askotan aldatu behar izan dozu aurretik preparautakoa? Zenbat denpora eroan deutsu ibilbideak?
Aurretik preparau neban ibilbidea ez dot ia aldatu. Chiapasen, urakan bat zala eta, ia Belizeraino igon behar izan neban. Bestalde, ez neukan Kolonbia pasetako asmorik eta, azkenean, osorik egin neban. Danetara, 13 hilebetez ibili naz handik.
4.- Zergaitik bizikletaz?
Niretzat bizikletea da bidaitzeko erarik politena. Zergatik? Gehienbat jentea hurretik ezagutzeko aukerea emoten deutsulako eta, ganera, beste turista guztiak geratzen diran lekuetan be geldialdiak eta bisitak egin zeinkezalako. Bertakoak ia beti oso harrera naturala egiten deutsue, naturea hur-hur sentiduten dozu, usainak, koloreak, haizea, animaliak...
Eta bestetik, oso ekonomikoa dalako.
5.- Zeintzuk ziran hasierako asmoak eta helburuak? Bete dozuz?
Benetako asmoa ondo pasetea eta jente asko ezagutzea zan eta esan neike, bete baino, nik uste nebana baino hobeto ibili nazala. Aurreikuspenak apurtu dodaz eta pentsau baino gehiago gozau dot.
6.- Zelan gogoratzen dozuz lehenengo kilometroak?
Oso emozionantea izan zan. Anchoragetik hasi nintzan, Alaskan, laku, mendi eta glaziarez ingurauta, paraje oso ederrean. Baina emozionateena hauxe zan: nire bizitzako une klabe bat zala; handik aurrera, dana izango zala desbardina.
7.- Bizipen danak blog batean kontau dozuz. Hemengo lagunei eta familiari zure barri emoteko tresna egokia suertau jatzu? Zure barrukoak bertan konteteak lagundu egin deutsu?
Egia esan, blogean ez ditut nire barru-barrukoak kontau. Askotan, artikulu bat idatzi ostean, barriro irakurri eta borra egiten neban; oso barruko sentimentuak ziran eta hemen bizi dogun errealidadetik oso gatxa izango litzateke sentimentu horreek ulertzea.
8.- Natureari aurre egiteak agortu egiten zaitu irakur daiteke zure blogean. Zein da beroak, hotzak, haizeak, euriak... eraginda bizi izan dozun esperientzia gogorrenetarikoa?
Gogorrenetarikoa hotza izan da. Bide australean, berbarako, zero azpitik hamar gradutan izan naz luzaroan. Eskuetako eta hanketako mina zala eta, askotan negarrez egin neban ibilbidea.
9.- Bakardadea be, askotan, ez da bidaia-lagun ona izaten. Zelan egin deutsazu aurre sentimentu horri?
Bakardadea ez da niretzat arazoa izan. Guztiz kontrakoa. Norbera ‘gogorragoa’ egiten da eta horren alde hona hau da: jentea hobeto ezagutzen dozu, zure jarrerea askozaz be zabalagoa dalako. Aurreretxiak albo batera itxi eta jente gehiago ezagutzeko aukerea emoten deutsu bakarrik joateak.
10.- Nonoiz pentsau dozu bizikletea itxi, hegazkinean sartu eta etxera bueltan etortea?
Bai, zelan ez, dudak eguneroko kontua dira bizitzan.
11.- Zer sentidu zenduan Tierra de Fuegora heldukeran? Kontaiguzu zelakoak izan ziran azken kilometroak.
Suaren Lurraldera heldu baino, Ushuaiara heldu nintzanean izan zan emozionanteena, bidaia bertan bukatzen zan eta. Azken bi egunetan edurra izotza, euria eta hotza aguantau behar izan nebazan, baina buruak eragindako indarrek aurre egin eutsen natureari... Oso pozik nengoan 22.000 kilometro baino gehiago egin ostean bertan nengoalako; baina, era berean, triste be banengoan, abenturea amaitu nebalako eta atzean itxitako jenteagaitik.
Berez, Bide Panamerikana Lapataian amaitzen da. Bertan, hori adierazoten dauen seinale bat dago: Aqui termina la ruta 3.
Bidea amaitu nebanean sentidutakoa adierazotea ezinezkoa da. Hori bai, esan neike ordubete inguru pasau nebala negarrez...
12.- Bidean, hainbat lagun ezagutu dozuz. Bat nabarmentzekotan, nor?
Momentu bakotxean bat...
13.- Herrialde askotan be ibili zara. Zein gustau jatzu gehien? Zein gitxien?
Arriskutsua galdera horreek erantzutea....
14.- Arriskuak be pasauko zenduzan. Bildur handia bizi izan dozun momenturik gogoratzen dozu?
Bai, bildurra bai, baina bildurra guk geuk sortutako sentimentua da. Arriskuak bai pasau dodaz, baina ez ezer berezirik, trafikoa, jente armatua...
15.- Eta momentu tristeren bat?
Bai, nire neskalagunak itxi ninduanean.
16.- Zelan ez, momentu alaiak be biziko zenduzan. Zein gogoratzen dozu bereziki?
Suitzar bategaz Mexikoko Baja Kaliforniako desertuan pasau neban gaua. Abandonautako trailer baten ganean lotan gengozan, eskorpioiakaz arazorik ez izateko. Bertatik, sekula ikusi ez dodan zerurik ederrena ikusteko aukerea izan neban. Oraindik be, ha gogoratzerakoan, begiak busti egiten jataz!
17.- Bidean bizitako esperientziakaz, ataratako argazkiakaz eta blogean kontautakoagaz zeozer berezirik egiteko asmoa dozu (liburu, argazki-erakusketa, hitzaldi...)?
Bai. Oraingoz, berbaldiak emon gura neukez, argazkiak erakutsi, bizitako esperientziak kontau... Epe luzera, akaso, libururen bat idaztea ez litzateke txarto egongo. Askotan pentsau neban hori bizikleta ganean.
18.- Abenturazaleek hainbat proiektu izaten ditue buruan. Zeri bueltaka zabilz orain?
Zetearen Bidea bizikletaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!