Kontseiluak postontzien konpromisoa kaleratu dau, ‘Publizidadea euskeraz’ lemapean
2006-07-20 02:00 Euskerea berbagai‘Publizidadea euskeraz’ kanpainearen bidez, Kontseiluak herritar guztiei euskereagazko konpromisoa eskatu gura deutse, hau da, propagandea euskeraz jasoteko eska dagiela.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskerea sustatzeko aurtengo norbanakoen bigarren konpromisoa aurkeztu dau ‘Publizidadea euskeraz’ goiburuagaz. Urtero hiru konpromiso zabaltzen ditu Kontseiluak eta 2006ko lehenengoa arrakasta handia lortu dauen telefonoa euskeratzeko deia izan da.
Orain, barriz, telefonotik publizidadera egin dogu salto, azken hau be gure eguneroko bizitzaren parte dalako", azaldu dabe. ‘Publizidadea euskeraz’ kanpainearen bidez, Kontseiluak herritar guztiei euskereagazko konpromisoa eskatu gura deutse, hau da, propagandea euskeraz jasoteko eska dagiela.
Horretarako, postontzian jarri beharko diran 30.000 pegatina banatuko ditu Kontseiluak. Bi pegatina desbardin dagoz, bata ‘Propagandea euskeraz, eskerrik asko!’ mezuagaz Hegoalderako, eta bestea, ‘Publizidadea euskeraz. Mila esker!’ mezuagaz, Iparralderako; eremu bakotxean, 15.000 pegatina banatuko dira.
Herritarrek egitasmoan parte hartu nahi badabe, neurri txikiko pegatina hau euren postontzietan jarri besterik ez dabe egin behar. Kontseiluak uda parteko jaiak aprobetxauko ditu pegatinak banatzeko.
Konpromisoa zabaldu baino lehen, Kontseiluak Euskal Herrian banatzen dan publizidadea aztertu dau. Ondorio legez adierazo dabe Euskal Herriko postontzi askok ez dabela baten be euskerazko publizidaderik jaso.
Sektoreei jagokenean, datuak arduratzeko modukoak dirala nabarmendu dabe; berbarako, altzariak egiten dabezan 13 enpresa eta 15 propaganda-liburuxka aztertu dabez, eta horreetatik guztietatik, batek be ez dau euskerea erabilten. Hau ez da, halan da be, euskerea erabilten ez dauen sektore bakarra: aztertutako brikolaje, elektronika, jatetxe, kirol-denda eta ibilgailu-enpresen propagandan adibidez, euskerea ez da inon agiri. Izan be, aztertutako propagandearen % 95 erdera hutsen dago eta % 8 baino ez euskeraz.
Dana dala, badagoz egon euskerea erabilten daben erakundeak, berbarako, Eroski enpresea. Aztertutako Eroskiren 14 propaganda liburuxketan orekea da nagusi, zazpik orekaz erabilten dabe euskerea, seitan erderea da nagusi eta azkena, erdera hutsean dago. Beraz, euskerea erabili arren, Eroskik ez dauka euskereagazko jarrera finkorik. Kontseiluak, euskerearen aldeko lanean jarraitzeko eskatu deutso eta euskerea, argitaratzen dauen propaganda guztian erabilteko.
Gauzak holan dirala, ‘Propagandea euskeraz’ kanpainea ez dago norbanakoari bakarrik zuzendua, eta Kontseiluak enpresei dei egin deutse euren propagandea euskeraz eskaintzen has daitezan. Era berean, Kontseilua Bai Euskarari Ziurtagiria daben 1.280 erakundeakaz harremanetan jarriko da, euren propagandan euskerea aintzat har dagiela eskatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!