Eusko Jaurlaritzeak eta BFAk euskerearen aldeko hitzarmen bat barritu dabe Labayrugaz

Bizkaie! 2006-07-19 02:00   Euskerea berbagai
Ekimenaren asmoa 'euskerearen erabilerea indartzea da eta hizkuntzea euskaldunen bizitzearen alor guztietara zabaltzea' da.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikorako Sailburuordetzeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak euskerearen aldeko 261.183 euroko hitzarmen bat barritu dabe gaur Bilbon Labayru Ikastegiagaz, azken honek bost ardatz desbardinetako proiektu eta argitalpenak gauzatu daizan.

Hitzarmen honen aurkezpen eta sinadura-ekitaldian izan dira Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikorako sailburuordea, Belen Greaves Bizkaiko Kultura diputadua eta Ander Manterola Labayruko arduraduna. Hitzarmena 2004tik urtero barritzen dela adierazo dabe, eta 2008ra arte holan jarraituko dabela.

Aurrekontu osotik, 179.564 euro Eusko Jaurlaritzeak jarriko ditu eta 81.619 euro Aldundi bizkaitarrak. Labayruk egin beharko dituan proiektuak, lexikografia, morfologia, ahozko artxiboen digitalizazino zein toponimia arlokoak eta zenbait argitalpen lanak izango dira.

Ekimenaren asmoa 'euskerearen erabilerea indartzea da eta hizkuntzea euskaldunen bizitzearen alor guztietara zabaltzea' dala azaldu dau Baztarrikak. 'Euskerearen normalizazinorako oraindino bide luzea geratzen da eta hitzarmen hau lako pausu txikiak emotea beharrezkoa da', esan dau.

Aitatu pausuak emoteko 'bidaia-lagunik onena' Labayru dala adierazo dau, eta hitzarmena defendidu dau esanaz akordio honeek beharrezkoak dirala euskerearentzat, lege eta politika eraginkorrakaz batera. 'Euskerea bizirik dagoan elementu bat da, eta, beraz, aldatu egiten da, garatuz, eta ez dauka zerikusirik fosilizazinoagaz', gaineratu dau.

Era berean, ikerlari aditurik barik hainbeste diru alperrik izango litzatekela azaldu dau Baztarrikak eta euskerearen alde ikertu zein lan egiteko lana Labayruri jagokola.

Beste alde batetik, Manterolaren berbetan, 'euskereak berak bide luzea egin dau, beste batzuk desagertu egin diralako, baina oraindino bide luzea geratzen jako aurretik'. Euskaltzaindiaren erispideak jarraituko dabezala nabarmendu dau Manterolak, eta gaur egun euskerea 'erakundeen mantupean' bizitea eskertu dau, holan 'euskarri digital desbardinei esker' hurrengo belaunaldiek gozau ahal izango dabelako.

'Barritzen ez dana hil egiten da eta gure ondarea bermatzeko modurik onena dira lan honeek' azaldu dau. 'Euskerea ez da betekizun bat edo tresna arrunt bat, ez da liburuetan dagoan zeozer, egunero erabili beharreko sentimentu bat baino' Manterolaren eretxiz. Azkenik, 'bizirik dagoan hizkuntza bat aberasten jarraitzeko' asmoa dabela jakinarazo dau Greavesek, eta berau 'herri honetan dagoan lantalde aitagarrienaren eskutik gauzatuko da, azken urteetan Labayruk darabilen hizkuntzearen sozializazinoak erakusten dauen legez'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu