Gerra Zibilaren lehenengo egunak Bizkaian
2006-07-18 02:00Garagarrilaren 18an, Gerra Zibila hasi zaneko 70. urteurrena beteten da. Egunotan, sarri entzungo doguz data honen gaineko aitamenak. Oraingo artikuluan gerra horren hasierea Bizkaian zelan ikusi eta bizi izan zan kontetan ahaleginduko gara.
Garagarrilaren 18an, Gerra Zibila hasi zaneko 70. urteurrena beteten da. Egunotan, sarri entzungo doguz data honen gaineko aitamenak. Oraingo artikuluan gerra horren hasierea Bizkaian zelan ikusi eta bizi izan zan kontetan ahaleginduko gara.
Lehenengo eta behin kontuan hartu daigun Errepublikearen kontrako altxamendua hainbat militarrek, Franco bera tartean zala hasi ebela Afrikan bezperan, garagarrilaren 17an, eta handik, aurretiaz pentsauta egoan moduan, Espainian zabaldu zala.
Bizkaian altxamenduaren lehenengo barriak, garagarrilaren 18aren lehenengo orduetan heldu ziran baina ez eben ondorio handirik ekarri. Pentsau behar da, garai haretan nahiko ohikoak zirala militarren altxamenduak, berbarako Sanjurjo Jeneralak berak urte batzuk arinago egindako ahalegina, eta jenteak nahiko lasai hartu eban barri hau. Hauxe bera pasau zan Bizkaian.
Era berean, kontuan hartu daigun Bizkaian nagusi ziran alderdi politikoak, esaterako Sozialistak edo EAJko abertzaleak, lasai ibili zirala. Beste leku batzuetan gogor ebiltzan alderdiak, barriz, anarkistak edo komunistak, ez euken eragin handirik Bizkaian.
Gainera, Bizkaiko Gobernadore zan José Etxeberria Novoak be, berehala hartu ebazan hartu beharreko neurriak Errepublikearen alde. Lehenengo Frente Popularra osotzen eben ezkerreko alderdien laguntzinoaa lortu eban, batez be, Paulino Gómnez Saiz sozialistarena eta Rufino Laiseka, errepublikarrarena. Jarraian, Bilbon eta bere inguruan ziran militar nagusiekaz batzartu eta hareen babesa be eskatu eban. Azkenik, altxamenduagaz bat egiteko asmoa eukenak behar zan moduan kontrolau ebazan, batez be, Bilboko Garellanoko koartelean egozan militarrak.
Lehenengo orduetan neurri horreek guztiak hartuta, bere eretxia eta bizi zan egoerearen barri emon ebazan Etxeberriak prentsa eta irratiaren bitartez, batez be, Bizkaian bizi zan lasaitasuna aspimarratuz.
Hurrengo egunean, 19an, Etxeberriak Garellanon egozan militarren desfilea antolatu eban Bilboko Kale Nagusian. Helburua jenteak militarrak bat etozala Errepublikeagaz ikustea zan, holan eginez, lasaitasuna emongo eutsielarik.
Horrezaz ganera, jentearen artean armak banatzen hasi ziran. Armak, batzuk koarteletatik ateratakoak ziran eta beste batzuk Eibarko fabriketatik lortutakoak. Bolondresak, Bilbora hurreratu eta euren alderdi politiko edo sindikatuen bitartez antolatzen hasi ziran.
Bien bitartean, EAJk be Errepublikearen aldeko oharra argitaratu eban ‘Euzkadi’ egunkarian, baina ez ziran oraindino batailoi abertzaleak sortu eta abertzaleen lanak lehenengo egun honeetan, bakea mantentzearen aldekoak izan ziran eta bardin, eraikin erlijioso eta fraile, abade eta monjak babestearen aldeko ahaleginak be.
Bilbon egoerea horretan egoala, Bizkaiko beste hainbat herritan be jentea, udaletxeetara zein alderdi politiko eta sindikatuek eukiezan egoitzetara hurreratzen hasi zan. Hainbat udaletxetan, Gobernadore Zibilaren berbaldiak entzuteko irratiak ipini ziran. Diru batzeak be egin ziran, gerrarako tresnak erosteko edo gudarientzako jantziak edo janariak erosteko beharrizanak asetzeko. Fabrika batzuk, gerrarako behar ziran tresnak egiten hasi ziran.
Baina 19an bertan, sindikatuek grebara deitu eben. 23rarte jarraitu eban greba egoereak eta azkenean egun honetan UGT eta ELA sindikatuetako buruak ziran Santiago Aznar eta Eliodoro de la Torrek adostutakoaren ondorioz, grebea bertan behera geratu zan, horretarako sindikatu buruek lantegietako jaubeakandik, hilebete osoko soldatea aurreratzea lortu ebelarik.
Errepideetan kontrolak jarri ziran, lehenengo egun honeetan izandako iskanbilak zirala eta hainbat kotxe zein kamioi ebilelako ezelako kontrol barik errepide zein herrietako kaleetan, eta hori geratu beharra egoan.
Baina dana ez zan erraza izan, eta egoerea oro har kontrolpean baegoan be, egon ziran bestelako kazoera batzuk, berbarako, pertsona talde batek Bilboko Enkarnazinoko konbentua erre gura izan ebanean.
Giro horretan, garagarrilaren 22an Mola jeneralak bialdutako hegazkinek Otxandio bonbardeau ebenean, bertan hainbat hildako eraginez, batez be, emakumak eta umeak. Egun berean beste hegazkin batzuk Bilbon bota ebezan euren bonbak.
Ikusiz altxamendua geratzerik ez egoala eta beharbada gerra egoerea luzatu egingo zala, Gobernadoreak eta Bizkaian egozan alderdi politiko nagusiek, danak batzen ebazan erakundea sortzea erabagi eben, eta holan eratu zan Bizkaiko Guda Batzordea, zazpi sailez osotutako erakundea eta alderdi politiko zein sindikatu guztietako ordezkariak batzen ebazana. Erakundearen buru Etxeberria Novoa bera geratu zan. Egoitza nagusia Gobernu Zibilaren egoitzan baegoan be, beste hainbat eraikin egokitu ziran erakunde barriaren egoitzak hartzeko, besteak beste, Aldundia, Liburutegia edo Berastegiko Eskolak.
Halan joan ziran ba Bizkaian eta batez be Bilbon, gerra hasi eta osteko egunak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!